Jonan Fernandez. Baketik zentroko zuzendaria

«Arriskutsua da gizartea prozesutik kanpo gelditzea»

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Baketik zentroko zuzendari Jonan Fernandezen (Tolosa, 1962) arabera, herritarrei ere badagokie konponbide prozesua sendotzeko baldintzak sortzea.

Zeintzuk izan dira ikastaroaren helburuak?

Ikastaro hauen bidez masa kritikoa sustatu nahi izan dugu gipuzkoarren artean, bizikidetza prozesuak une honetan daukan garrantziaz ohartarazteko. Badakigu ikastaroaren eragina mugatua dela, 135 pertsonak baino ez dutelako parte hartu. Baina nabarmendu nahi dugu ikastaro honetan parte hartu duten asko sare baten parte direla —hezkuntzan, gizarte eragileetan, instituzioetan lan egiten dute—, eta haien eragina biderkatu daitekeela.

Egun dugun momentuaren garrantziaz kontzientziaturik ikusten al duzu euskal gizartea?

Ez. Ez dut interesik ikusten. Gainera, momentu honetan arrisku baten aurrean gaude. Batetik, krisi ekonomikoak hartu du lehentasuna gure kezken artean, eta, bestetik, ETAren jardunaren amaierak lasaitasuna ekarri du. Bi faktore horiek urrundu egin dute jendea. Duela gutxira arte hemen izan dugun arazoa, egon den eta dagoen sufrimenduaahaztu dela dirudi. Eta oso arriskutsua da hori, horrek oztopa dezakeelako bakea benetan sendotzea. Oso kezkatuta gaude horrekin. Izan ere, beste prozesu batzuetatik ikasi dugu, une honetan bizikidetzari heltzen ez badiogu, etorkizunean itzul gaitezkeela desagertutzat jotzen genituen zenbait jarreretara. Horregatik diot instituzioetan, hezkuntza arloan eta gizarte mugimenduetan egin dezakegun lana oso garrantzitsua dela.

Gatazkaren konponbidea eragile politikoen esku uzteko joera dago. Zer ekarpen egin dezakete herritarrek?

Politikarekiko urruntasuna nabaria da, baina arazo hau ez da soilik politikoa. Jabetu egin behar dugu guztion lana dela bizikidetza sendotzea, bakoitzak gure eguneroko bizitzan hartzen ditugun erabakien bidez gizartea moldatzen eta aldatzen dugula. Aginte bat daukagula. Eta aginte hori aktibatu behar dugula parte hartzearen bidez. Ziur gure nahiak ez direla guztiz beteko, baina eragiteko dugun gaitasuna erabil dezakegu eta erabili behar dugu.

Ikastaroan parte hartu duten herritarrek zer kezka planteatu dituzte?

Hau guztia praktikara eramatea oso zaila dela. Komunikabideak ikusita edo kalean gertatzen dena ikusita, hau defendatzea korrontearen kontra joatea iruditzen zaie. Horregatik adierazi dute bizikidetza lantzeko, elkar ezagutzeko, entzuteko guneak behar direla; hezkuntzaren munduan, batez ere.

Bi foro antolatu dira asteburu honetan. Zer nabarmenduko zenuke?

Oso garrantzitsuak izan direla, eta horrelako gehiago egin behar direla. Alberto Spektorowskik [Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak] Donostian eginiko mintegian esan zuen konponbide prozesuak aurrera egiteko gizartearen parte hartzearekin ez dela nahikoa, baina gizartearen parte hartzerik gabe ere ez dela nahikoa. Oso garrantzitsua da hori gogoratzea, une honetan arrisku horren aurrean baikaude.

Eta maila politikoan eraginkorrak al dira?

Maila politikoan ere beharrezkoak dira gisa horretako topaguneak, akordioak lantzeko edo baldintzak sortzeko. Zalantzarik ez dut, instituzioetan egiten den lanaz gain, foro hauek oso baliagarriak direla konponbidean aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.