Euskal presoak. Manifestazioa Baionan

Bake bidean engaia dadin, eskari irmoa Frantziari

Baionan, Herrira-k berretsi du bakeak preso eta iheslari politikoen egoera konpontzea eskatzen duela

San Andres plaza gainezka zegoen ekitaldi politikoan. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Baionako San Andres plaza mukuru beterik eta manifestazioaren bukaera urruti, biziki urruti egon arren, Herrira-k azken hitzartzea egiteari ekin zion, bake bidean engaiatu eta urrats sendoak egin ditzala eskatzeko Frantziari. Mixel Etxekoparek, Mari Jose Basurkok eta Nagore Garcia Herrira-ko bozeramaleek irakurri zuten agiria, euskaraz, frantsesez eta espainieraz. Agurrik beroena eman zieten «Euskal Herriko hamaika txokotatik» Baionara joan zirenei, ahantzi gabe «errepideetan, espetxeetarako joan etorrian» zeuden presoen senide eta lagunak. Gisa berean, aldarriaren protagonista nagusiak izanez, agur beroa helarazi zieten Frantzia eta Espainian preso eta sakabanaturik dauden euskal herritar guztiei eta deserrian bizitzera behartua den iheslari orori.

Etxekoparek ohartarazi zuen Parisko bulegoetan arretaz eta tentuz begiratuko zituztela Baionako irudiak. «Entzungo dituzte hemengo oihuak; sentituko dute Euskal Herritik iristen zaien bake justu baterako nahia, beharra eta gogoa». Berriz ere gogorarazi zuen Baionako karriketan jendetza biltzeko arrazoi nagusia: eskatzea euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatuak izan daitezela.

Nabarmendu zuen mobilizazio horren aitzinean Paris eta Madrilgo gobernuek gogoetatu beharko dutela. Bi aukeren artean ebatzi beharko dutela jakinarazi zien: gizartearen eremu zabal baten borondateari kasu egin eta gobernuek orain artean atxiki duten estrategia aldatu edo berdinean jarraitu, giza eskubideak urratzen eta bakeari bizkarra ematen. Onura baino ez dakarren bidea hartzeko aukera duela gogorarazi zion Frantziari, «bake bidean konpromisoak hartuz, elkarrizketaren bidetik eta giza eskubideen errespetua oinarri gisa jarriz».

Bakera hurbildu ahal izateko, bertze hainbat urratsen artean, luze baino lehen euskal preso politikoen giza eskubideak errespetatu beharko direla berretsi zuen. Manifestazioa bera euskal gizartean sustraiturik dagoen konponbide nahiaren irudi zabala dela gogorarazi zuen, nabarmenduta bertan parte hartu zutela kolore guztietako alderdi politikoetako hainbat kide, sindikatu eta gizarte zibilaren eragilek, milika herritarren artean. Azaldu zuen Baionako karriketan bildutako irudiak konponbidearen aldeko borondate zabala islatzen duela. «Sakabanaketak eta kondena luzeek sufrimendua baino ez dute helburu. Ez datoz bat oinarrizko giza eskubideen errespetuarekin eta kalte egiten diote Euskal Herrian lortzen saiatzen eta lantzen ari den bake egoera justu bati».

Indarrak bildu

Baionakoa urrats bat izan dela jakinarazi zuen Etxekoparek, eta azaldu zuen geroari begira Herrira-k hainbat urrats egiteko borondatea daukala; hain zuzen, urtarrilaren 12an Bilbon egingo den herri mobilizazio orokorra gogorarazi zuen. «Aurrera begira ere, adostasunaren gainean indarrak batu eta Paris eta Madril estu hartzea izanen da gure lana, jokabide berri bat har dezaten. Bakeak eta presoen eta iheslarien aferak konponbidea eskatzen du». Lehentasuna dela gogorarazi zuen.

Bukatzeko, elkartasun hitzak plazaratu zituen Turkiako espetxeetan dagoen egoera lazgarria pairatzen duten preso kurduentzat. Milaka preso eskubideen aldeko gose greban daudela gogorarazi zuen. «Herrira-k hamaika aldiz jo du nazioartera elkartasun eske, eta bidezkoa deritzogu besarkada sentikor bat helarazteari preso kurduei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.