Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. Donostia Saria

Sigourney Weaver: «Gizonek rol gehiago dituzte gure adinean, baina ez hobeak»

Donostia saria jaso du aktoreak, 40 urteko ibilbidearen aitorpen gisara. Ridley Scotten 'Alien'-ekin egin zen ezagun, 1977an. 'A Monster Calls' aurkeztu du Donostian

Ander Perez Argote
Donostia
2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Emakume indartsuak antzeztea egokitu ohi zaio, 40 urteko ibilbidean zehar, Sigourney Weaverri (New York, 1949). Baina berarentzat, pertsonaiak bakarrik ez, «emakume guztiak dira indartsuak». Are, emakumeak «mundua batuta mantentzen duen kola» direla dio, harro, seguru. Eta horregatik, besterik gabe, «pertsonaiak diren bezalakoak» antzeztera mugatu dela uste du: «Emakume batek une ahulak izan ditzake, baina ez da zain geratzen gizon batek kontrola hardezan. Munduak ez du horrela funtzionatzen». Zineman antzezten eman ditu Weaverrek azken berrogei urteak, Woody Allenen eskutik zineman debuta egin zuenetik, Annie Hall ezagunean (1977) rol txiki bat betez. Ordutik, 40 filmetan baino gehiagotan egin du lan, zuzendari handien ondoan. Ibilbide horren aitorpen gisara, atzo gauean jaso zuen Donostia saria, aurtengo Zinemaldiko bigarrena, Ethan Hawkek larunbatean jaso zuenaren ostean.

Gertatu ohi da aktore bat eta haren pertsonaia nahastuta agertzea ikuslegoaren iruditerian. Sigourney Weaverren kasuan, 1979an Ridley Scottek zuzendutako Alien filmeko Ellen Ripley tenientearena da pertsonaia hori. Lan horrek eman zion aktoreari sona berezia, eta, gainera, lan horren eskutik zapaldu zuen lehen aldiz Donostiako Zinemaldia. Oraindik gogoan du orduko esperientzia, atzo, kazetari aurrean egindako agerraldian, azaldu zuenez: «Beti izan du leku berezi bat nire bihotzean; zinema jaialdi prestigiodun batek zientzia fikzioko gure film txikia hautatu zuen». Eta lehendik baldin bazuen estimatua Donostiako Zinemaldia, are gehiago orain, antolatzaileen aitorpena jasota: «Sariak gehiago lotzen nau Donostiarekin».

Pantaila handian egindako bidean, maila handiko zuzendariekin lan egiteko aukera izan du Weaverrek, besteak beste, James Cameron, Ang Lee edota David Fincherrekin, aipatu W. Allenekin eta R.Scottekin ez ezik. «Nire ibilbidean atzera begiratzerakoan konturatzen naiz zuzendari aparta askorekin egin dudala lan. Asko ikasi dut haiekin». Eta, denen artean, Peter Weirrekin ikasitakoa nabarmendu zuen atzo Weaverrek: «Zinemaren munduaren kaosaren aurrean nola amore ez eman erakutsi zidan, ni antzerkitik nentorrenean». Zuzendari horien eskutik, era askotako rolak bete ditu: «Inoiz ez zait inporta izan nire rolen tamaina, handiak ala txikiak diren».

New Yorkeko aktoreak 67 urte beteko ditu aurten, eta, atzo, prentsaurrekoan, bere adineko emakumezko aktoreek zineman lan egiten jarraitzeko izan ohi dituzten arazoak gogorarazi zizkion kazetari batek. Baina ez zen erabat ados agertu Weaver: «Inoiz ez dut orain bezainbeste lan izan. Gizonek rol gehiago dituzte gure adinean, baina ez hobeak». Gainera, egoera aldatzen ari dela ere uste du aktoreak: «Uste dut AEBetan emakume presidente bat izango dugula berehala, bazen garaia. Garapena fruituak ematen hasi da, eta emakumeak daude egun postu garrantzitsu askotan». Horregatik, emakumeak «maila handiko» ardurak betetzen ari direla iritzita, aukera sasoian daudela uste du aktoreak: «Mundua aldatu da, eta emakumeentzat oso garai ona da hau».

Donostian, munstroekin

Jose Antonio Bayona kataluniarrak zuzendutako A Monster Calls filma aurkezteko baliatu du Weaverrek Donostiarako bidaia. Zuzendariaren aurreko lanak bezala —El orfanato eta Lo imposible, batik bat— ekoizpen eta aurrekontu handiko filma da azken hau ere, baliabide tekniko onekin egina. Patrick Nessek idatzitako izen bereko eleberrian du oinarria —Nessek berak egin ditu gidoilari lanak—. Jatorrizko ideia Siobhan Dowd idazlearena zen: liburua idatzi aurretik hil zen Dowd, eta haren istorioari heldu zion orduan Nessek, argitaletxearen enkarguz. Minbiziak jota den amari munstro baten laguntzaz lagundu nahi dion ume baten istorioa kontatzen du filmak. Fabula baten estiloan kontatua, fantasiaren eremuan murgilduko da lana, animazioko tarteek zipriztinduta.

Haur protagonistaren amonaren rola antzezten du Weaverrek, eta gustura aritu da aktorea Bayona zuzendariarekin, atzo esan zuenez: «Berezko zuzendaria da, ez nuke inorekin konparatuko; talentu berezia du, pasioz eta zintzotasunez betea. Bera izan da ontziko patroia, eta esku onetan sentitu gara denok».

Filmak «geruza asko» dauzka , eta errealitatera gerturatzeko fantasiak zer balio izan dezakeenaldarrikatu nahi du, atzo Bayonak azaldu zuen moduan: «Fantasia, istorioak, literatura edo zinema, izan ere, bizitza egiahandiagoz kontatzen duten asmakuntzak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.