Adela Cortina. Filosofoa

«Aporofobiak arbuiatzea esan nahi du; errezeloa ere bada, aurreiritzia»

Pobreekiko destaina definitzeko sortu zuen Cortinak 'aporofobia' hitza, orain bi hamarraldi. Gaiaz liburu bat ondu du orain, premiazkoa: krisiak sorturiko zauriek izenaren izana gordintasun apartekoz agerrarazi dute.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Aporofobia, el rechazo al pobre. Un desafio para la democracia (Aporofobia, pobreari arbuioa. Dema bat demokraziarako) liburua plazaratu berria du Adela Cortina filosofoak (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1948). Etikan eta Filosofia Politikoan katedraduna da, eta ezaguna, batez ere, gizarteko auzietan etika txertatzeko egin dituen gogoetengatik. Alde horretatik, aporofobiaren gaineko hausnarketak arras garrantzitsutzat ditu, horiekin xede baitu azaleratzea fobia askoren atzean behartsuenekiko destaina besterik ez dagoela. Ekainaren 8an, Donostian izan zen; Gizarte fobiak eta gorrotoaren diskurtsoak hitzaldia eskaini zuen Etika, Humanismoa eta Zientzia. Elkarrizketak goiburupean egiten den mintzaldi zikloan.

Aporofobiaz idatzi berri duzun liburuan, gogora ekarri duzu 1995an sortu zenuela hitza, ordura arte izendatu gabe zegoen «gaitz bat» izendatzeko asmoz. Zer-nolako harrera izan du hitzak? Baliagarria izan da «gaitza» ikusgarriagoa izateko?

Hitza harrera bikaina izaten ari da; jende askok ulertu du hori dela gertatzen zaiguna, baina ezin genuela izendatu. Ez da soilik ezberdina dena arbuiatzea: onurarik ekarriko ez digula dirudien horri erakusten diogu destaina.

Nolanahi ere, aporofobia usu beste fobia batzuen atzean dago: ezkutatuta. Nola agerrarazi horien muinean, finean, pobreekiko arbuioa dagoela?

Horretarako alderatu behar da zer-nolako tratua ematen zaien beste arraza edo etnia batekoei edo beste erlijio bat dutenei, iruditzen zaigunean haiek interesgarria den zerbait ekar diezaguketela. Trumpek, esate baterako, betoa ezarri zien musulmanei, eta orain gutxi Saudi Arabiako Erresuman ikusi dugu, hango erregearekin eta musulmanen buruzagiekin sablearen dantza dantzatzen. Eta hori egunero munduan jazotzen diren antzeko gertaera ugarien adibide bat besterik ez da.

Onurarik ekarriko ez dutela-eta arbuiatzen dira, beraz, behartsuak. Ez al da hori nagusi den logika neoliberalaren ondorio?

Sortzetiko ezaugarri dugu gizakiok behartsua arbuiatzea; Homo sapiens-arekin dator hori. Kontua da hori areagotu egin daitekeela, gainera, gure sistema ekonomiko eta sozialak desberdintasunak handitzera egiten badu; eta horixe gertatzen da, hain justu, neoliberalismoan. Kontrara, desberdintasunak txikitzera egingo duen sistema batek bazterkeriak saihestera eramango gaitu.

Fobien kontra daudela esanez, aldarriak egiten dituzte usu politikariek. Inoiz gutxitan ari dira, ordea, aporofobiari buruz...

Hein batean, terminoa berria delako: orain hasi da gure hiztegiaren parte bihurtzen. Eta garrantzitsua da ohiko hitza bihurtzea; horrela, gai inportantea dela pentsatzen duten horiek erabiltzeko bidea izango dute. Hitz horrek garrantzitsuagoa behar luke alderdi politikoen barruko —edo alderdi ezberdinen arteko— botere postuen banaketak baino.

Hitz deserosoa da, gizarteko miseriak agerian lagatzen dituena. Nola hezi horren inguruan?

Ikastetxeetan egoerak sortu behar dira esperimentatu ahal izateko duintasunaren eta pertsonen arteko berdintasunaren —bakoitzaren bestelakotasunetik abiatuta, betiere— handitasuna. Ikasgai bat erabili behar da balio horien gaineko gogoeta etikoa sustatzeko. Ildo horri atxikita, gizarteko ezberdintasun bidegabeak apaltzen ahaleginduko diren instituzioak ere sortu behar dira.

Liburuan, pobreen aurkako gorroto delituei eskaini diezu atal oso bat. Gorroto delituekin, oro har, usu gertatzen da nekez froga daitekeela horien atzean kolektibo batekiko herra dagoenik. Behartsuen kasuan hori ez da oraino argiagoa? Nahigabeko pobrezia ez da, berez, inoren identitatearen parte, ezta?

Horregatik da garrantzitsua jendeari pobreziatik irteten laguntzea. Eta pobrezia beti ez da ekonomikoa: klase askotakoa izan ohi da. Kideek jazartzen duten gaztea, merezi dutenei nota txarra jartzeagatik gutxietsia eta zigortua izan den irakaslea... Eta beste antzeko kasu asko daude. Betiere, sentiberatasunez landu behar dira denak, ikusteko zein den egoerarik zailenean dagoena.

Errukiaz mintzo zara liburuan. Zaharkitutako kontzeptua dirudi; alderdi politikoen eta gizarte eragileen aldarrietan inoiz gutxitan erabiltzen da...

Zaharkitutako berbatzat hartzen da, egoerarik txarrenean daudenekiko gupidarekin nahasten delako, boteretsuek usu pobreei goitik behera begiratzeko duten joerarekin. Baina errukia ez da hori; bestearen tokian jartzeko gaitasuna da: bai haren pozean, eta baita nahigabean ere. Eta azken kasu horretan, lotuta dago egoera hori jasaten ari denari laguntzearekin hortik irteten.

Iheslarien krisiaren ondorioz ikusi dira irudi oso gogorrak. Aporofobia hazi eta hazi ari da?

Ez nuke esango beste sasoi historiko batzuetan baino handiagoa denik. Ez dut sinetsi izan inoizitzultzeko moduko urrezko aroetan. Baina adi: ez gara ari joera hori indargabetzen. Kontrara: elikatzen ari gara. Aski agerikoa da errefuxiatuen eta etorkinen kasuan. Azken albisteen arabera, Europako Batasuna urratsak egitera doala dirudi: albiste ona da hori.

Behartsuenentzako laguntzen harira sortzen diren gatazketan, sarritan agertzen dira pobreak pobreen aurka. Nolabait ere, aporofobiaren mailak dira?

Aporofobiak arbuiatzea esan nahi du; errezeloa ere bada, aurreiritzia. Egoera zailean dauden pertsonek usu pentsatzen dute pobreenei emango zaizkien laguntzen ondorioz, lanik, osasun artarik edo segurtasunik gabe gera daitezkeela. Horregatik da garrantzitsua gizarte politikekin egiten dena ondo esplikatzea; jendeak ikusi behar du justiziazkoa dela babesik urriena dutenen aldeko laguntzak lehenestea.

Nola jarri behar dira, zure ustez, aporofobiaren aurka egingo duen gizarte baten zimenduak?

Lehenik eta behin, gaiari buruz solastatzen: eta hori martxan dago. Topaketak, kongresuak eta argitalpenak badira gaiaren inguruan, eta horietan proposatzen dira diagnostikoak eta terapiak. Eta, nik dakidanaren arabera, hori guztia indartzen ari da. Beharrezkoa da hori iritzi publikora zabaltzea, eta ezin onartuzko fenomeno bat dela erakustea.

Gizakien garuna aporofoboa dela diozu, baina determinismoari lekurik egin gabe. Nola birprogramatu?

Zorionez, gure garuna oso malgua da, eta aukeratu egin dezakegu zer joera landu nahi dugun. Aukera bat da pobreak baztertzea, edo, kontrara, duintasuna guztiona dela onartzea, eta aintzat hartzea pertsona orok ekar dezakeela zerbait baliotsua.

«Aurrerabide moralak ez dira heredatzen», ohartarazi duzu. Beti oker igualak errepikatzera kondenatuta al dago gizakia?

Ez dugu horrelako kondenarik. Askatasuna badugu bazterkeriarik gabeko mundu baten alde egiteko. Desberdintasunak urritzen konprometitutako instituzioak sortu behar dira horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.