Al-Sisik ez zuen presidente izan gura; bazekien beretzat hobea zela politika itzalpetik kontrolatzen jarraitzea. Baina Golkoko lagunek, dirua eman eta trukean agenda politikoa inposatzen duten horiek, zera esan zioten: 'Edo zeu, edo ez dago diru laguntzarik'. Hala, kanpotik ezarri zioten patua onartu behar izan zuen». Egiptoko rais berria ondo ezagutzen duen Haitham Abdel Azeem ekintzailearen hitzak dira horiek.
Azeemek duela urtebete ezagutu zuen mariskala, Kairon. «Mohamed Mursiren kontrako haserreak indarra hartu zuenean, Al-Sisik oposizioko zenbait ekintzaile batu gintuen gure iritziak ezagutzeko», azaldu du gazteak. Garai hartan Apirilak 6 mugimendu iraultzaileko kide zen Azeem, baina biziki harritu zuen «haren lidergoak eta erantzukizun sozialak». Hala, estatu kolpearen aurreko protestek eztanda egin zutenean, argi izan zuen: «Al-Sisik gidatuko du aldaketa».
Geroztik, sisismoa defendatzen buru-belarri aritu da Azeem. Gazte komiteak sortu eta presidente berriaren irudi hurbilago bat emateko kanpainak antolatu ditu Egipto zabalean: «Jaka militarraren atzean dagoen benetako gizona ezagutzera eman nahi dugu».
Baina nor da egiazko Al-Sisi? Hermetismoa erabatekoa da, eta hitzez isiltzen duena ekintzez esaten du mariskalak. Orain urtebete, Anaia Musulmanen hurbileko militartzat jotzen zuten askok, eta, egun gutxiren barruan, haien kontrako protestak gidatu zituen. Egiptoar gehienek 2012ko abuztuan entzun zuten lehen aldiz haren izena, Mursi presidenteak Husein Tantaui Junta Militarreko buruaren ordez Defentsa ministro izendatu zuenean. Halere, bere une nagusia iazko uztailaren 3an iritsi zitzaion, Anaia Musulmanen aurkako estatu kolpea eman zuenean.
Egiptoar bakan batzuk lehenagotik ezagutzen dute, ordea. «Mubaraken azken garaian atxilotutako ekintzaileok ondo ezagutzen dugu Al-Sisi», nabarmendu du Yussef Aldably izeneko artistak. Rais berria armadako zerbitzu sekretuetako zuzendaria zeneko garaia aipatu du Aldablyk: «Krudel-ospea zeukan, gogorra eta serioa zen».
Egiptoko presidente berriari ez zaio gustatzen aro hori gogoratzea, baina ezin du ezkutatu. «Al-Sisik urte luzez babestu zuen zerbitzu sekretuen opakotasuna. Oraindik ez dakigu zein izan zen Hosni Mubaraken kontrako matxinadan izan zuten rola», hausnartu du Aldablyk. Izan ere, iraultza amaitu eta gutxira, Junta Militarreko jeneralik gazteena bilakatu zen Al-Sisi.
Haatik, aldi horrek bere karrerako orbanik handiena utzi dio. 2011ko martxoan emakume atxilotuei egindako birjintasun frogak jendaurrean onartu eta defendatu zituen. «Militarren kontrako bortxaketa salaketak ekiditeko autodefentsa metodo bat da», esan zion Al-Sisi jeneralak Amnesty International erakundeari.
Mariskalak ez du ezkutatzen militarrekiko duen jarrera paternalista. «Estatuaren barruko estamenturik garrantzitsuena da armada. Militarrek elkar defendatzen dute, eta Al-Sisik badaki bera ere babestu egingo dutela», uste du erregimenaren aldeko El Watan egunkarian lan egiten duen Ayman Hamed kazetariak.
Militar petoa
Aurrerantzean zibilez jantzita ikusi arren, Egiptoko presidente berriak karrera militarra besterik ez du ezagutu. Abdel Fatah Saeed Hussein Khalil al-Sisi 1954an sortu zen Kairoko alde zaharraren bihotzean. Bere aitak eta osabak arabesque estiloko altzariak egiten zituzten, eta artisau ospetsuak bilakatu ziren Egipton. Halere, Al-Sisik ez zion familia tradizioari helduko. «Txiki-txikitatik lider izateko joera zuen; bagenekien urrun iritsiko zela», nabarmendu du Ali Hamamak, Al-Sisiren lehengusuak.
Hamama, faraoi berriaren bozeramaile inprobisatua bilakatu da azkenaldian. Bera da rais berriaren gaineko informazio pertsonala emateko prest dagoen senitarteko bakarra. Khal el-Khalili azokaren ondoan daukan altzari tailerrean kazetari eta kurioso andana jaso ohi ditu: «Gazteak ginenean ikasketak egiteko modu bakarra zen armadan sartzea, eta nire osabak eskola militar batera eraman zuen Al-Sisi», azaldu du.
Orduan hasi zen mariskalaren karrera militar azkarra. 1977an armadako ikasketak amaitu, eta hurrengo hamarkadetan infanteria brigadetan aritu zen buru-belarri. 1992an, Erresuma Batura salto egin zuen, eta 2005ean, AEB Amerikako Estatu Batuetako akademia militar batera. Bertan, Pensilvanian, bere bizitzako saiakera politiko bakarra idatzi zuen: Demokrazia Ekialde Hurbilean. 11 orriko hausnarketa hori, Al-Sisiren pentsamendu politikoaren oinarritzat jotzen da: «Historiak erakutsi du demokrazia berriek hamar urteko barne eta kanpo gatazkak pairatzen dituztela, eredu demokratikoa heldu arte», dio agiriaren hasierako atalean.
Al-Sisik gai mordoxka bat landu zuen saiakera hartan: Ekialde Hurbileko baliabide naturalen erabilera, eskualdean nagusi diren erregimen autokratikoak, palestinarren eta Israelen arteko gatazka... Iraultzaz ere mintzo da: «Demokraziaren aldeko mugimenduek indarra hartzen badute ere, militarrek olatu berri hori babestuko duten bermerik ez dago. Segurtasun indarrek nazioarekiko konpromisoa erakutsi beharko lukete, ez erregimenarekiko mendekotasuna».
Diskurtso erlijiosoa
Islama da Al-Sisiren pentsamenduaren zutabe nagusia. Mariskalaren diskurtso leun eta patxadatsuak jainkoari buruzko erreferentziaz josita daude. «Al-Sisik erlijioaren berezko bisioa dauka. Mubarakek ez bezala, islamistengandik hurbilago dagoen irudi jainkozalea du», irizten dio Hamedek. Hain zuzen ere, musulman gupidatsua izateagatik irabazi zuen Anaia Musulmanen konfiantza. Hameden arabera, «Mursi ziur zegoen Al-Sisik Islam politikoa defendatzen zuela, eta horregatik aukeratu zuen Defentsa ministro». Mariskalak berak hori ulertarazi zuen bere saiakera politikoan: «Legitimoki aukeratutako alderdiek gobernatzeko aukera izan beharko lukete», nabarmendu zuen, Hamasi eta Anaia Musulmanei erreferentzia eginez.
Baina Al-Sisik ez ditu Islama eta politika nahastu nahi, aditu gehienen iritziz. «Gizartearen gaineko ikuspegi erlijiosoa dauka, baina ez du kalifato islamikoa defendatzen. Nazionalista egiptoarra da, gauza guztien gainetik», uste du Hamedek.
Hala, presidente berriak distantzia markatu du Anaia Musulmanekiko. Estatu kolpea eman eta gutxira, talde islamistaren kontrako jarrerarik zorrotzena hartu zuen mariskalak. Islamisten aurkako atxiloketa masiboak agindu eta Rabaa al-Adauijako eta Al-Nahdako hutsarazte odoltsuak antolatu zituen. «Nire agintaldian ez da existituko Anaia Musulmanak deituriko talderik», aldarrikatu berri du CBC eta ONTV kateei eskainitako elkarrizketan.
Kabian ezkutatuta
Hauteskundeak irabaziz gero, desagertuta jarraitzen du Al-Sisik.Mohamed Mursiren kontrako estatu kolpea eman zuenetik oso gutxitan agertu da publikoaren aurrean, eta egiptoarrak ohituta daude presidentea telebista bidez soilik ikustera. Mariskalaren jarraitzaileek segurtasun arrazoiak argudiatzen dituzte, baina errealitatea beste bat da, Hameden ustez: «Al-Sisik profil baxua mantendu nahi du, bere onarpen maila gutxitzen ari delako».
Kasuak kasu, argi dago Al-Sisik ez duela bere bizitza denona bilakatzerik nahi. Horren froga da emaztearen eta lau seme-alaben inguruan inposatu duen isiltasuna. «Arreta mediatikoa ez zaio gustatzen; bizitza xume bat izan nahi du», azaldu du Azeemek.
Hameden aburuz, erabaki hori ere estrategia baten ondorioa da: «Al-Sisik ondo baino hobeto ezagutzen du Egiptoko gizartea, eta prest egon nahi du egoera okertzen denerako. Horregatik, ez du bere familia pagaburu bilakatzerik nahi».
Garaipenaren aparra amaitzean, izan ere, egoera ekonomikoa hobetzeko konponbideak eskatuko dizkiote herritarrek. Hameden arabera, «Mursik ez bezala, Al-Sisik laguntzak kenduko ditu; herritarren haserrea kontrolatzeko alde dauka estatu aparatua».
Rais berriak onarpen sozialik ez duten erabakiak hartu beharko ditu, eta, horretarako, betiko metodoa erabiliko du: esku gogorra.
Abdel Fatah al-Sisi
Lider isila edo rais krudela?
Abdel Fatah al-Sisik badauka misterio aura ukaezin bat. Haren bizitzaz gutxi da jakina oraino, baina are gutxiago aurrerantzean ezarri nahi duen ereduaz. Egiptoko faraoi berriaren erraiak ezagutzen saiatu da BERRIA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu