Sei urtez luzatutako ikerketa eta hamarkada betean bildutako polizi datuak behar izan omen zituzten UCLA Unibertsitatean, Kalifornian, krimenak aurreikusten dituen modelo matematikoa osatzeko eta Los Angeles hirira egokitzeko. Pozarren omen dago hango polizi departamentua, kalejira alaian jauzika irteteko moduan, programa hura aintzat hartu zuten 21 hilabeteetan ikaragarri jaitsi omen zelako krimen kopurua. Estatistika historikoetan oinarrituta, okerra gerta litekeen unea eta tokia igartzen omen ditu algoritmoak, eta ondorioz, polizi agenteak nondik nora mugitu beharko liratekeen planifikatzeko irizpideak ematen, Minority Report filmean bezala. Zalantza izpirik gabe mintzo dira makinaren nagusitasunaz: analista adituak baino bi aldiz hobea omen da pronostikoetan. Eta gainera, «ikasi» egiten omen du.
Algoritmo magiko hori aurkeztu zuten egunean bertaratzerik izan banu, eta kazetari harroxkoarena eginez betiere, galdera bat luzatuko niokeen matematikarien buru Brantingham jaunari: zergatik ez ote zuten proiektua langabezia tasa jaistera, edo mobingari muga jartzera, edo emakumeen kontrako indarkeria ekiditera, edo, zer dakit ba nik, pobrezia deuseztatzera bideratu lehenik eta behin, diferentzia soziala izaki, krimenaren iturri nagusi.
BIRA
Algoritmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu