Azterketen ondorengo estresa

Europako banku handiek gainditu egin dute azken estres azterketa, eta krisi bati aurre egiteko nahiko kapitala dute. Merkatuek bihartik aurrera emango dute beren iritzia

Monte dei Paschi di Sienaren egoitza. Europako bankurik zaharrena da, 1472an sortutakoa. MATTIA SEDDA / EFE.
Iker Aranburu.
2016ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ofizialki arrakasta izan da Europako bankuei egindako estres azterketa. Banku gehienek egoera txar bati aurre egiteko nahiko kapitala dutela esan du Europako Banku Agintaritzak. Modu garbian huts egin duen bakarrak, Monte dei Paschi di Siena italiarrak, zuloa estaltzeko neurriak iragarri ditu. Baina benetako emaitza bihartik aurrera jakingo da, merkatuek beren azterketa partikularra egiten diotenean estres azterketa ofizialari. Aurreko azterketek izandako sinesgarritasun eskasa ikusita, estres egunak izan daitezke azterketa gainditu zuten batzuentzat.

ZER DA ESTRES AZTERKETA

2007-2008an piztutako finantza krisiak agerian utzi zuen AEBetako negozio banku erraldoiak ez ezik Europako banku gehientsuenek ere kapital txikiegia zutela egoera txar bati erantzuteko. Orduz gero, diru publiko zein pribatu saldo bat sartu zaie kapital gisa. Zehazki, 260.000 milioi 2011z geroztik. Diru asko da, baina merkatuak guztiz lasaitzeko 900.000 milioi behar dituztela kaleratu berri du aditu talde batek.

Azken azterketaren bidez, finantza sistemen gainbegiraleek jakin nahi zuten bankuek nahiko kapital ote duten hiru urteko atzeraldi ekonomiko bati aurre egiteko. Zor publikoaren bonuen, maileguen, eta beste aktiboen balio galtze bat estaltzeko gaitasuna neurtzen dute azterketek. 2011n egin zuten lehen azterketa, eta kritika gogorrak jaso zituen, bigunegia izan zelakoan. Berdin 2012an: Espainiako banku gehienek gainditu zuten azterketa, eta hilabete gutxira Madrilek erreskatea eskatu behar izan zuen banku handi batzuk salbatzeko; haien artean, Bankia. Azken-aurreko azterketa 2014koa izan zen; 24 bankuk ez zuten gainditu, eta kapitala 25.000 milioi handitzera behar zituen EBZk.

ZER EMAITZA IZAN DITU AZKEN AZTERKETAK

EBAk ostiral gauean zabaldu zituen emaitzak, AEBetako burtsak itxi eta berehala. Horrela eragotzi nahi dute emaitza txar batek akzio baten bat-bateko hondoratzea ekartzea. Ustekabe handirik ez dute erakutsi: kontinenteko 51 banku nagusietatik bi baizik ez lirateke geratuko aurrekoetan eskatutako gutxieneko kapitaletik behera, %5,5. Suspentsoak eragoztearren, oraingoan ez dute mailarik eman, baina hedabideek, eta ziur aski merkatuek ere, hori hartu dute erreferentzia gisa.

EUSKAL HERRIKOEK, ZER?

Euskal Herrian egoitza ofiziala duen banku handienak, BBVAk, aise gainditu du azterketa. Gauzak gaizki joanda ere, %10,3ko kapitala %8,2ra jaitsiko litzateke. Pixka bat estuago legoke Nafarroako Kutxaren jabe Caixabank, %7,8 lortu baitu.

Euskal Herrian gehien hedatuta dagoen bankua, Kutxabank, ez du aztertu EBAk, Europako Banku Zentralak baizik. EBZk ez ditu, ordea, berak azterkatutako 56 bankuen emaitzak jakinaraziko. Aurrekoetan, Kutxabank bere lehiakide guztien aurretik geratu zen, kapital koltxoi handiarekin.

ZER BANKUK IZAN DITUZTE EMAITZARIK TXARRENAK?

Europako bankurik zaharrenak, Monte dei Paschi di Sienak (MPS) kapital negatiboa izango luke(-%2,44) egoerarik txarrenean. Haren kapital ratioa 14,51 puntu jaitsiko litzateke, batez besteko hondatzea 340 puntukoa izan denean. Esperotako emaitza da. 2014an ere huts egin zuen MPSk, eta, orduz gero 8.000 milioi euroko kapital hedapenak egin arren, bere mailegu ustelen zama hain handia da, non ez baitio egoerari buelta ematerik lortu. Azken hilabeteotan irtenbide baten bila aritu da, eta azterketaren emaitzak jakin baino minutu batzuk lehenago jakinarazi zuen bere zuloa estaltzeko modua aurkitu duela: 5.000 milioi handituko du kapitala, eta 9.200 milioiko mailegu ustelak salduko ditu.

Kapital eskasia duela erakutsi dute Irlandako bi banku nagusiek: Bank of Irelandek (%6,1) eta Allied Irish Bankek (%4,3). AIBren kasuan, emaitzak erakutsi du Irlandako Gobernuak agian atzeratu beharko duela bankua pribatizatzen hasteko plana. Krisiak aurretik eraman zuen Irlandako banku sistema ia guztia, eta haiek salbatzea izan zen Dublingo gobernuak erreskate bat eskatzeko arrazoi nagusia. Bank of Irelanden %14 du Irlandako Errepublikak, eta AIBren %99,8.

ETA ONENAK?

Alemaniako NRW Bank: gaur egun %42,5eko kapitala du, eta egoerarik okerrenean %35,4ra baizik ez luke jaitsiko. Haren ondotik geratuko lirateke Suediako Swedbank (%23,1) eta Handelsbanken (%18,5). Kasu ezohikoak dira horiek. Batez besteko ratioa %9,2 izan da, eta kontinenteko banku handienak %10 eta %8 artean geratu dira.

ETA GREZIAKO BANKUAK? EZ AL ZEUDEN GAIZKI?

Estres azterketei egin zaien kritiketako bat da kanpoan utzi dituela Greziako eta Portugalgo bankuak, arazoak dituztela begi bistakoa izan arren. Portugalgo Gobernua Caixa Geral de Depositos (CGD) banku publikoan ia 5.000 milioi sartzeko plan bat lotzen ari da EBZrekin eta Europako Batzordearekin.

ORAIN, ZER?

Adi egon beharko da merkatuei. Bankuak 2014ko azterketen ondoren baino kapital gehiago dutela nabarmendu du Daniele Nouy EBZko gainbegiratzaileen buruak. Michel Sapin Frantziako Finantza ministroak gogorarazi du bere herrialdeko bankuen egoera batez bestekoa baino gutxiago okertzeko arriskua duela; Alemaniako Banku Pribatuen Elkarteak, berriz, bere kideen «sendotasuna» nabarmendu du. Baina azken hitza burtsek izango dute.

Badira banku batzuk jopuntuan. Batetik, Italiako guztiak. Uste baino emaitza hobeak lortu dituzte UniCreditek (%7,1) UBIk (%8,8), Banco Popularek (%9) eta Intesa Sanpaolok (%10,2), baina ikusteko dago nahikoak izango diren merkatuek haien egoerari buruzko zalantzak uxatzeko. Beren kontuetan dituzten 360.000 milioiko mailegu ustelek pisu handia dute. Adi Banco Popular (%6,6), Barclays (%7,3) eta Commerzbankekin (%7,4), larri antzean gainditu dutelako langa. Europako bankurik handienak, Deutsche Bankek, ez du soberakin handirik izan (%7,8), eta iaz 6.800 milioi galdu izanak arreta bereganatzeko faktore bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.