Epaitegietatik heldu zaio bulkada Aroztegiari. Auzia zurrunbiloaren begian egon da azken hilabeteetan, hirigintza proiektuak Baztanen eragindako polemika biziaz harago, Nafarroako Gobernua babesten duten lau indar politikoen artean ere eztabaida eta desadostasun sakonak eragin dituelako. Orain, egitasmoaren sustatzaileen alde azaldu da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Aretoak, Sustrai Erakuntza fundazioak aurkeztutako helegitea atzera botata.
Lekaroz herrian 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko hirigintza proiektua UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatu izana auzitan jarri zuten Sustrai Erakuntzako kideek. Epailearen ustez, ordea, «planaren edukia irakurri besterik ez dago» egitasmoa «behar bezala justifikatua» dagoela ondorioztatzeko. Hala, enpresa eraikitzailearen ikuspuntua bere eginez, Aroztegia proiektuak Nafarroa osoan «turismoaren sustapen politikak garatzeko» balioko duela azaldu du epaileak.
Horrez gainera, 300 biztanleko herri txiki batean 228 etxebizitza berri eta luxuzko oporleku bat eraikitzeak izan dezakeen eraginaz, honako hau dio epaiak: «Lurraldean izanen duen intzidentzia estrategikoa eta sozioekonomikoa izanen da [...], inbertsioan, enpleguan, Nafarroako erakargarritasuna indartzean eta tokian tokiko beste azpiegituren erabileran izanen duen eraginarengatik». Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko Zerbitzuak UPNren agintaldian eginiko txosten bat oinarri gisa hartu du magistratuak, proiektuari UGEP izaera ematea justifikatua dagoela ondorioztatzeko.
Orain atzera botatako helegitean, Nafarroako Gobernuak 2008an eta 2014an argitaratutako bi txostenen artean kontraesanak daudela argudiatu zuen Sustrai Erakuntzak. 2008koan, proiektua UGEP gisa tramitatzeko motiborik ez zuen ikusi gobernuak; handik sei urtera, berriz, aurkeztutako proiektua «bertsua» izan arren, tramitazio mota hori baimendu zuen.
Epailearen aburuz, ordea, 2008an Nafarroako Gobernua planaren aurka azaldu izanak «ez du esan nahi, gerora, UGEPa justifikatuko luketen baldintzak egon ez zirenik».
Gisa horretako egitasmo batek izan beharko lukeen parte-hartze prozesua da, azkenik, aldeen arteko eztabaida iturri nagusietako bat. Sustrai Erakuntzaren esanetan, «egiazko eta alderdikeriarik gabeko informazioa jasotzeko eskubidea» urratu zuen enpresak, proiektuaren aldeko erakundeak lehenetsita: «Publizitate izaera duen proposamena da, datu erreal eta kontrastatuetan oinarritu gabe».
Horretan ere, kontra egin die Nafarroako Auzitegiko epaileak. Haren irudiko, «legeak UGEP kasuentzat exijitutako parte-hartze prozesua» egin zuten proiektuaren sustatzaileek, «hainbat eragile sozialen parte hartzearekin, baita egitasmoaren aurka zeudenekin ere».
Sententziaren kontra, kasazio helegitea aurkez dezakete aldeek. Sustrai Erakuntzak BERRIAri adierazi dionez, alta, oraindik ez dute ebazpenaren gaineko erabakirik hartu.
UPNren aurreko gobernuak onartu zuen Aroztegiko hirigintza proiektua UGEP gisa tramitatzea, baina egungo gobernuak ebatzi zuen egitasmoarekin aurrera jarraitzea. 2015eko abenduaren 30eko bileran hartu zuten erabakia, Gabonetako oporren erdian. Iazko urrian, beste urrats bat egin zuen Uxue Barkosen gobernuak, UGEP horretan aurreikusten diren «urbanizazio, azpiegitura eta zerbitzu komunen obrak» zehazten dituen txostena baimenduta. Besteak beste, familia bakarreko txaletak eta bestelako etxebizitzak, 135 logelako hotel bat, luxuzko jatetxe bat, bederatzi zuloko golf zelai bat, golf eskola bat eta praktikatzeko zelai bat eraiki nahi dituzte, Lekarozko 45 hektareako lur eremuan.
Iragan astean, dozenaka lagunek kanpaldia egin zuten Elizondon, «proiektu espekulatiboaren aurka» protesta egiteko.
Aroztegia proiektuari bide eman dio auzitegiak, enpresaren alde eginda
Sustrai Erakuntzaren helegitea atzera bota du Nafarroako Auzitegiko Administrazioarekiko Auzietako Aretoak. Egitasmoa UGEP gisa tramitatzeko erabakia «behar bezala justifikatua» dagoela ebatzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu