Miren Guillo Arakistain. Antropologoa eta EHUko irakaslea

«Lan garrantzitsua da plazera erdian jarriko duten jaiak irudikatzea»

'Festak, genero-harremanak eta feminismoa' liburua koordinatu du, UEU Udako Euskal Unibertsitateak aurkeztu berri duena; gogoetak eta esperientziak dakartza, ukatutako espazioa irabaziz joateko moduez.

arantxa iraola
Donostia
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Analisi eta gogoetarako abagune emankor» dira jaiak Miren Guillo antropologoaren ustez (Elgoibar, Gipuzkoa, 1983). Halaxe adierazi du UEUk plazaratu berri duen Festak, genero-harremanak eta feminismoa liburuaren aurkezpenaren harira. Berak koordinatu du lana, 37 egilek ondutako idatziei leku eginez. Esperientziaren lehen lerrotik ari dira zenbait: ukatutako espazioetan lekua irabazteko ahaleginetatik. Teorikoagoak dira beste zenbait. 2015eko uztailean Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroetan egin zen Jai ereduak genero ikuspegitik: begirada antropologiko bat Euskal Herriko errealitateari ikastaroan izan zuen ernamuina argitalpenak: «Liburua, nolabait ere, horren jarraipen ariketa da: elkarrizketa hartan sakontzeko».

Erasoetan bakarrik ez da ikusten jaietako bortxa matxista...

Festez eta generoaz aritzean, garrantzi handia hartzen du indarkeriak. Noski,errealitatea oso gordina da. Baina garrantzitsua da festetako indarkeria motak analizatzea: askotariko indarkeriak daude. Has gaitezke eraso sexista, jazarpen eta abarrekin, eta joan gaitezke, intentsitate ezberdinen arabera, bestelako indarkeriak ere ikusten: tradizioaren izenean sortzen diren ideologia baztertzaileak, aisialdiaren ikuskera androzentrikoa, oholtzetako bazterkeria... Lan garrantzitsua da indarkeria horietan era zehatzean sakontzea, eta indarkeriarik gabeko jaiak irudikatzea: alegia, guztien plazera erdigunean jarriko duten festak irudikatzea.

Hain justu, plazeraz ere solastatu zarete liburuan. Festez arituta, ezinbestekoa da, ezta?

Nik uste dut plazera badela eraldaketa bide bat, ahalduntze tresna bat; emakumeentzat, baina, oro har, zentraltasuna izan ez duten gorputz ez-hegemoniko guztientzat. Eta hori presente dago liburuan. Baina aurretik problematizatu behar da plazeraren gaia; bestela, kontzeptu zaila da,logika kapitalistak aski erabilia, eta denon plazera lortzeko sarri lan asko egin beharko dugu. Birpentsatu egin beharko litzateke gozamena bera; erronka bat izan da liburuan hori: birpentsatzea plazera, birpentsatzea egiten ditugun lanak eta lan moduak eta, batez ere, festak indarkeriaz harago. Indarkeria amaitzeko, errotik birpentsatu behar da gizarte sistema, ezberdinkeria sozialak nola sortzen diren, eta, hain justu, horretan jarri behar da politika instituzional orokorra.

Zein neurritan da lagungarria instituzioetan gaiaren inguruan sortu den kontzientzia?

Derrigorrezkoa zuten instituzioek zerbait egitea: horrelako zerbaiten aurrean ezin zuten isilik geratu. Orain garrantzitsua da hausnarketa sakonak egitea. Instituzioek galdetzea: «Gure eguneroko martxan zer ari gara egiten halakoak gertatzeko?». Jaiak birpentsatu behar dira: oro har. Ez da salatzea bakarrik; izan ere, akaso egitasmo konkretu batzuek ere legitimatu egiten dituzte halako portaerak. Instituzioen eta hedabideen partetik halako egoeretan zenbaitetan joera da biktimizatzea. Aldiz, mugimendu feministak erantzunean jarri nahi du indarra, ez horrenbeste bigarren biktimizazio prozesu bat sortzean. Erantzuna autodefentsa feministan dago, eta plazera ere, azkenean, autodefentsa feminista da. Hain justu, gorputz ez-hegemonikoen plazera erdian jartzea ere bada modu bat indarkeriari aurre egiteko. Eta, esaterako, hiri eredua bera kontuan hartu behar da: nola izango den hiri bat erosoa denontzat. Edo pentsatzen da benetan gizarte batean desberdintasun sozialak nola sortu eta erreproduzitzen diren —alegia, joaten da erroetara— edo, gainerakoan, oso zaila da.

Hain justu, liburuan diozue jaiak disidentziarako tresna ere izan ohi direla...

Festak, batetik, badira ordena soziala mantentzeko: errituek askotan horretarako balio dute, ordena eta hierarkiak indartzeko. Baina, era berean, festak aukera ematen du eguneroko martxan nagusi diren baldintzak iraultzeko: jaiak badu disidentzia gaitasun bat, nabarmena. Beti eduki du, eta gaitasun horretan pentsatzea ere ardatz garrantzitsua da. Izan ere, jaiak eraldatzaileak izango dira pentsatzen badugu nola izan daitezkeen eraldatzaileak. Aldaketak badira festa antolakuntzan, eta garrantzitsua da horiei erreparatzea; bada, hori eta berdintasunaren diskurtso zuzenak direla eta, orain beste erronka batzuen aurrean gaude. Gainera, testuinguru garaikidean festen izaeran eragin duten aldaketa ugari ere izan dira, eta horiek aintzat hartu behar ditugu festa eta festa politika feministak aztertzerakoan, nolabait, jaia bera ere zer den birpentsatzera garamatzatelako. Orotariko prozesu horiek pentsatzeko galderak, gogoetak eta erronkak proposatzen dira liburuan bildutako artikuluetan.

Zerbait ari da gertatzen izena du atal batek. Nola laburtu?

Gogoeta ezberdinak dira, zaila da guztiak laburtzea. Onintza Enbeitaren atalak, esaterako, aztertzen ditu garai ezberdinetan izan diren elkarrizketak plaza ezberdinetan. Hitz egiten du gaitegiei buruz, entzuleei buruz, antolatzaileei buruz... Eta zerbait aldatzen ari da: argi dago, ez da orain hamar urteko errealitatea. Mefsst! musika jaialdikoek, berriz, galdetu dute hardcore eta punk eszenan zergatik dagoen emakumeen absentzia; hortik, genealogia bat ere egiten dute erakusteko egon diren esperientziak. Haien testigantzatik argi uzten dute musika oholtza baino gehiago dela: publikoa, taldeak, antolatzaileak... Gertatzen ari diren gauza ezberdinei heltzen diete, eta ikusten da zerbait badagoela hor puri-purian. Hori bai, beti planteatzen dituzte erronkak horretan pentsatzen jarraitzeko, eta benetan eraldatzaileak izateko gakoak emateko. Halaxe Iraitz Lizarragaren artikulua ere: ikerlan bat egin du zirkua genero ikuspegitik aztertzeko. Miren Gaztañagak, berriz, sorkuntza prozesuaz jardun du, klabe feministan. Gauza ezberdinak dira, baina denen artean gakoak ematen dituzte plazak feministagoak izateko jai egitarauetan: alegia, andreak jai egitarauetan txertatzeaz harago, jaiak beste era batzuetan pentsatzeko.

Zenbateraino daude txertatuta gogoetagai horiek guztiak?

Gure gizartea egun oso zatikatuta dago. Sarri mintzatzen ari gara beste eremu batzuetan guztiz arrotzak diren gai batzuei buruz. Horrek ezin du izan konformatzeko arrazoi bat; baina gure gizarteari buruz asko esaten digu. Genero gaietan ikusten da alde batetik badaudela izugarrizko hausnarketak, egitasmo pila bat... Baina, era berean, genero sistemak hor jarraitzen du. Distantzia handiak daude gure gizartean. Esaterako, oso festa eredu ezberdinak: egon gaitezke, adibidez, jai bat antolatzen balio jakin batzuetan oinarrituta, eta ondoan egon daiteke ezkondu aurreko agur festa bat ez dakit nolako elastiko bat duena guztiz sexista... Metro gutxira. Hori ez diot modu dikotomiko batean , denok baititugu etxeko lanak; esan nahi dudana da gure gizartearen isla guztiak, distantziak eta bere konplexutasuna gurutzatzen direla jaietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.