Irudi eta letrentzako etxea

Komikigunea ireki dute Donostian, komikigile eta ikertzaileen bilgune izatea nahi duten zentroa.30.000 agiri bildu dituzte orain arte, eta horietako 13.000 katalogatu

Euskarazko aldizkari eta fanzineen aleak kontsulta daitezke Komikigunean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ikerketa liburuak eta argitalpen merkeak, entziklopediak eta nobela grafikoak. Eta baita jatorrizko marrazkiak, objektuak, gutunak, kartelak eta grabatuak ere. Komikiari eta istorio marraztuari lotutako milaka agiri biltzeko, katalogatzeko eta ikertzeko zabaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Komikigunea Donostian. Komikigile eta ikertzaileen bilgune izatea nahi dute. Gaur egun, 30.000 agiri inguru ditu zentro berriak, eta horietatik 13.000tik gora katalogatuta dauzka. Nolanahi ere, Komikigunea kontsultarako gunea izango da, baina ez du maileguan jarriko alerik.

Zentroaren abiapuntua orain dela hamar urte kokatu beharra dago. Orduan, 2004an, aldundiak Luis Gascaren (Donostia, 1933) bilduma erosi zuen; karpetetan bere erara gordetako komiki, aldizkari, egunkari zati, gutun, fanzine eta bestelakoen sorta ikaragarri bat. Gasca komiki irakurle porrokatua izan zen umetan, eta komikiak ikertu eta kaleratu zituen nagusitan Buru Lan eta Pala argitaletxeen bitartez.

Orduz geroztik, material hura guztia —zenbatzeko oso zaila bada ere, 20.000 agiritik gorakoa izan daiteke— katalogatzen eta, batik bat, osatzen aritu dira, Ikerne Badiola Kultura diputatuak adierazi duenez; «euskal komikiaren historia osoa jasoko duen bilduma burutzen».

Izan ere, Gascaren bilduman urriak dira Euskal Herrian egindako lanak, eta hori da, hain zuzen zentro berriaren hutsuneetako bat: «Euskal Herriko komikiak ez dira sistematikoki jasoak izan», argudiatu dute zentroaren arduradunek. «Egun, eskuratzeko ahaleginean ari gara, eta, besteak beste, Koldo Mitxelenako liburutegiko zenbait dokumentu garrantzitsu eraman dira Komikigunera, euskal komikiaren historia osatuz joateko». Guztira, euskaraz idatzitako 128 argitalpen edo dokumentu jaso dituzte Komikigunean.

Horien artean badira historikoki harribitxitzat jo daitezkeen lan batzuk. Esaterako, Txistu, 1927an Argia aldizkariak haurrentzat hamabostean behin kaleratu zuen zortzi orrialdeko gehigarria. Bilduma osoa digitalizatuta eta erabilgarri dago sarean, KMK liburutegiko hemeroteka historikoan, eta argitalpenaren hamasei aleen istorioak eta artikuluak ere —batik bat kristau dotrinari lotutakoak eta ipuinak— eskura daude Komikigunean.

Bartzelonako TBO argitaletxearen baimena lortuta, Isaac Lopez de Mendizabal historialari eta EAJko presidente izan zena 1935ean hasi zen argitaratzen Poxpolin aldizkaria, zeinak euskaratutako istorioak eta jatorriz landutakoak biltzen zituen. KM-ko liburutegiak 1936ko zenbait ale zituen eta, digitalizatu ondoren, aurki sareratuko ditu. Eta badira, bestelako bitxikeri batzuk ere, hala nola Pan Pin 1960tik 1969ra Zeruko Argia-k kaleratu zuen gehigarria. Han bertako egileen (Julen Zabaleta Barrenetxea Yulen eta Juan Antonio Letamendia Leta) nahiz kanpokoen lanak argitaratzen zituzten —esaterako, Jose Escobarren Zipi eta Zape pertsonaia ezagunak, Peru eta Txomin bihurtuta, eta Francisco Ibañezen Mortadelo eta Filemon, Txorixo eta Txistorra izenekin—.

Bestelako dohaintzak

Gasca funtsak abiatu bazuen ere, azkeneko urteetan beste dohaintza batzuk ere bildu ditu Komikiguneak: Pere Olive marrazkilari kataluniarraren 3.070 komiki eta hainbat marrazki original eta Juan Manuel Diaz de Gereñu ikerlariaren komikien inguruko aldizkariak. Halaber, Rotu Astrain marrazkilariaren ondorengoek haren dokumentuen dohaintza egin dute, eta horien artean daude Ehun kilo bildumarako egindako proba lanak eta Gomiki 2-ren aleak.Besteak beste, Joseba Sarrionandiak eta Joxean Muñozek argitaratu zituzten beren lanak bildumotan. Napartheid, Ipurbeltz eta Habekomik-en aleak ere jaso dituzte Donostiako zentroan.

Komikigunea bi atalean dago banatua. Goiko solairuan hiztegi, entziklopedia eta komikiei buruzko liburuak jarri dituzte erabiltzaileen eskura, zuzenean kontsultatzeko; eta behekoan, berriz, biltegia dago. Hor dokumentu zaharrak eta baliotsuak daude gordeta, eta baita 2000. urtea baino lehen argitaratutako komikiak ere. Tenperatura eta hezetasun baldintza egokietan daude gordeta eta sailkatuta hainbat apalategi mekanikotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.