Sorgin ehizak, atzo eta beti

Silvia Federiciren 'Caliban eta sorgina' euskarara ekarri, eta Eskafandra bilduman plazaratu dute. Kapitalismoaren garapena ikuspegi feministatik aztertzen du egileak saiakeran

Antxiñe Mendizabal, Lorea Agirre, Edurne Lazkano, Aitor Arruti eta Ainara Lasa, atzo, Donostiako Emakumeen Etxean, Silvia Federiciren Caliban eta sorgina liburuaren aurkezpenean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Historialariek maiz aztertu duten garaia da XVI. eta XVII. mendeen artekoa, gizarte feudaletik kapitalismorako trantsizioa ekarri zuena. Gizarte aldaketa izugarriak bizi izan zituzten Europak eta Europak kolonizatutako lurraldeek bi mendeko epean, eta, alde horretatik, garai mugarria da historian. Aldaketa hori aztertzean, emakumeari erreparatu zion Silvia Federici ikerlariak, arreta, bereziki, garai berean gertatu zen sorgin ehizan jarrita. Eta ondorio argia atera zuen: kapitalismoak garatzeko ezinbestekoa zuelako jazarri zitzaizkien andreei, sorgin bihurtuta. Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa liburuan jaso zuen bere tesia, eta, orain, euskaraz irakur daiteke pentsamendu feministaren lan giltzarrietako bat dena. Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik itzuli dute liburua, eta Elkarrek eta Jakinek argitaratu, Eskafandra bilduma feministaren barruan.

Pentsalaria, ekintzailea eta unibertsitate irakaslea da Silvia Federici (Parma, Italia, 1942). AEBetan garatu du bere ibilbidea, eta feminista eta marxistatzat du bere burua; ikuspegi horretatik, biei egin izan die ekarpena bere lanetan. Caliban eta sorgina liburukoa «ikerketa sakon bat da, baina oso modu errazean ulertzen dena», Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariaren ustez: «Besteak beste, liburuan kontatzen duena geure baitan ikusten dugu, eta ez hori bakarrik, egun ere kapitalismoak hori egiten jarraitzen du». Euskarazko ediziorako berariaz hitzaurrea idatzi du egileak, eta «ekarpen handia da», Antxiñe Mendizabal Elkarreko kidearen ustez, «liburua gaurkotzen duelako».

Federicik liburuan defendatzen duen tesia hala laburbildu du Agirrek: «Orduko emakumeak sorgin bihurtu zituzten, alegia kriminalizatu, beren praktikez literatura oso bat sortu, nolabait jazartzeko arrazoi bat egon zedin, alegia, emakume horiek jazartzea justiziazko ekintza bat izan zedin. Eta Federicik dio hori gabe kapitalismoak ezin zuela gailendu; ez da aldi berean gertatzen direla, baizik eta kapitalismoak indar hartzeko ezinbestekoa zuela emakume horiek guztiak sorgin bihurtzea eta jazartzea. Zergatik? Sistema ekonomiko berri honek kultura berri bat eskatzen zuelako».

Itxitura hitza darabil Federicik liburuan, eta hitz horri tiraka jarraitu du azalpenarekin Agirrek: «Kapitalismoak ekarri zuen itxituran sartu beharra dena, bai ondareak, bai bizikera eta baita pentsakera ere». Aldaketa haren zenbait adibide zerrendatu ditu: herri lurren eta hazien pribatizazioa, zer landatu ezartzea, gizonak lan eremuetara behartuta eramatea, «leku itxietan sartuz, kartzelen pare», emakumeak etxean ixtea, «erreprodukziora mugatuz, kontrolatuz», trukea ixtea eta merkatu ez librea sortzea, harreman sozialak ixtea eta familia nuklearra sortzea... «Nolabait, kultura eta pentsamendua itxi egiten dira». Hala, garapen kapitalista horren erdian, «lehenagotik ere beharbada egongo zen patriarkatuaren eredu berri bat sortuko da, gaur egun ezagutzen duguna».

Emakumeen bizkar

Horren harira, liburuan Federicik lantzen dituen bi ideiatan sakondu du Agirrek. Batetik, andreen esplotazioa funtsezkoa izango dela metatze kapitalistaren prozesuan. «Marxek aipatzen duenean jatorrizko metatzea —alegia, noren bizkar abiatzen den sistema ekonomiko berria, nori lapurtuz—, Federicik esaten du metatze hori, baita gaur egun ere, oinarritzen dela andreek doan egiten duten erreprodukzio lanean. Azken finean, emakumeak erreproduzkio makina bihurtzen direla, gizonak lan indar makina bihurtzen diren bezala». Bestetik, horri lotuta, Federicik dio lan munduaren sexuaren araberako banaketa ekarri zuela horrek, gaur egun indarrean dena.

Orain dela bost mendeko prozesu hori, baina, gaur egunera ere ekartzen du pentsalariak, Agirrek nabarmendu duenez. «Federicik dio berdin segitzen dugula. Kapitalismoak, indarrean mantentzeko, eremu berriak konkistatu behar dituela beti, eta eremu horiek direla lurra eta emakumeen gorputzak». Hori argudiatzeko adibideak ere jartzen ditu: esaterako, Afrika «salgai» dagoela dio, eta lurrak pribatizatzearekin batera, milaka eta milaka andrazko desplazatzera behartzen, jazartzen eta hiltzen ari direla. Bestetik, haurdunaldi subrogatua emakumeen gorputzetan kapitalismoak egindako azken konkistatzat du.

Hortaz, duela 500 urteko kontuak soilik ez, gaurkotasun handikoak dakartza Federicik, Agirreren irudiko, baita Euskal Herrian «oso erraz» identifikatzeko modukoak ere. «Federicik erresistentziarako guneak sortu beharraz hitz egiten du beti. Beraz, gure libururako hitzaurrean berak esaten duen bezala, sorgin ehiza ez da iraganeko kontua, sorgin egizak aurrera darrai».

Itzulpen lana egiteko, sakon aztertu dute lana Aitor Arrutik eta Edurne Lazkanok. Arrutiren hitzetan, «liburua euskararen konpasera ekartzea» izan da haien lana. Itzultzailearen aburuz, «hasi eta buka, galera baten kronika da. Galera ez da kokatzen, ordea, andreengan bakarrik, baizik eta gizonengan ere bai; hor galdu ditugu hainbat balio». Lazkanoren iritziz, Federicik «eduki handiz, baina zehatz eta argi» azaltzen ditu gauzak; «alferrikako hitz bakar bat ere ez dakit badagoen». Estilo argi horri lagundu dio liburuaren egiturak, itzultzailearen ustez, alegia, tesia hasieran azaltzeak, gero adibideak jarriz, eta, azkenik, ondorioak emanez.

«Geure amonak», azalera

Joan den urtean jaio zen Eskafandra bilduma, «pentsamendu feministaren garapenean giltzarri izan diren liburuak euskaratzea» helburu hartuta. Edizio talde bat dago proiektuaren atzean, Eider Rodriguezek, Anari Alberdik, Ainara Lasak, Maialen Lujanbiok, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak eta Lorea Agirrek osatzen dutena, eta Elkar eta Jakin dituzte lagun edizioan. Bildumako hirugarren alea da Federicirena; aurretik, Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea —Danele Sarriugartek euskaratua— eta Virginie Despentesen King Kong teoria —Itziar Diez de Ultzurrunek itzulia— plazaratu dituzte. Agirrek aurreratu zuenez, beste bi lan argitaratzeko ari dira lanean: Judith Butlerren Generoa desegiten iritsiko da aurrena, eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua gero.

Orain arte argitaratutako liburuetan, egilearen argazki bat jarri izan dute azalean, emakume horien lanak ez ezik aurpegiak ere ezagutaraztea garrantzitsutzat jota. Gauza bera egitekoak ziren lan berriarekin ere, baina, bere argazki bat eskatu ziotenean, ezezkoa eman zien Federicik, «arrazoi feministegatik baita ere». Liburuaren protagonistak sorginak direla eta gaur egunera iritsi den sorginaren irudiaz gogoeta egiteko beharra plazaratu zien. Agirre: «Iritsi zaigun sorginaren irudia emakume basa bat da, aldrebesa, itsusia, zaharra, beldurgarria... baina berak esaten du ezetz, sorginak ez zirela gizartearen barruan bazterreko pertsona batzuk, gure amak zirela, gure amonak, gure birramonak; gure birramonen birramonak erre zituzten. Geu ginen. Beraz, pentsatu genuen gure amona edo birramona baten aurpegia jarri behar genuela». Eulalia Abaituak 1900. urtean hartutako argazki bat aurkitu zuten, Bizkaiko andrazko baserritar bat lehen planoan erakusten duena. Hortxe, beraz, bilatzen zuten irudia: «Hori da sorgina, hori gara gu, emakumea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.