NDFren atea jo du Egiptok

Defizitak itota eta dibisarik gabe, Al-Sisiren gobernuak 10.700 milioi euro eskuratuko ditu Nazioarteko Diru Funtsetik. Trukean, BEZa sortu eta diru laguntzak gutxitu beharko ditu

Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentea —erdian, betaurreko ilunekin—, zientzialari baten hiletan parte hartzen, abuztu hasieran. EFE.
Iker Aranburu.
2016ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bost urtez eurogunearen krisiaren zurrunbiloan harrapatuta egon ostean, ohikoagoak dituen jardunetara itzuli da NDF Nazioarteko Diru Funtsa: kontinente pobreago batzuetan diruz larri dabiltzan herrialdeak finantzatzera. Hilabete honetan akordioa lortu du Egiptoko Gobernuarekin, datozen hiru urteotan 10.700 milioi euro mailegatzeko. Ohikoa denez, dirua baldintza gogorrekin etorriko da funtsa, besteak beste, BEZ zerga indarrean jartzea, zorra eta defizita gutxitzeko plan bat egitea eta energiak jasotzen dituen diru laguntzak gutxitzea. Neurri horiek guztiek batez ere egiptoar pobreenei kalte egingo dietela jakitun, «gizarte babeserako sarea sendotzea» derrigorrezkotzat jo du NDFk.

Finantzaketaren premia bizia duelako jo du Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak NDFrengana. Herrialdearen egoera ekonomikoa ez da inoiz oso ona izan, baina azken urteotan egoerak okerrera egin du: langabezia tasa ofiziala %12koa da, eta gazteen %40k ez dute lanik; defizit publikoa %12koa da, eta geroz eta zor handiagoa ordaintzeak aurrekontuaren %30 hartzen du; inflazioa %14ra igo zen ekainean, eta estatua dolarrik gabe geratzen ari da atzerrian erregaia eta janaria erosteko. NDFra jo aurretik, Al-Sisi saiatu da Golkoko monarkia absolutisten ohiko laguntza eskuratzen, baina, ikusita azken urteotan eman dizkioten 22.000 milioiek fruitu handirik ez dutela izan, iturria itxi diote.

Egiptoren arazoen zati bat turismoaren beherakadaren ondorioa da. Amesgaiztoa 1997an hasi zen, muturreko islamista talde batek 62 lagun hil zituenean Luxorreko tenpluetan, horietatik gehienak turistak. Ordutik hona, bisitariak izutzea eta haren inguruko industria gutxitzea helburu izan duten hainbat eraso izan dira. Azkena izan da hilgarriena: iazko urriaren 31n, 224 turista San Petersburgora (Errusia) bueltan zeramatzan hegazkina leherrarazi zuenean EI Estatu Islamikoak. Aurreko erasoek Nilo bazterrak hustu zituzten, eta hegazkinaren aurkakoak, berriz, Sinai penintsulako hondartzak.

Turistak gutxitu izanak areagotu egin du Kairoko gobernuaren behar nagusietako bat: dibisak.Eskasia hain da nabaria, agintari erlijiosoak bekatutzat jo du dolarrak pilatzea. Gobernuak kapital kontrolak ezarri ditu, baina mugimendu horrek merkatu beltza are gehiago indartu du. Truke tasa ofiziala puztuta egoteak ez du laguntzen. Nahiz eta urte hasieran Egiptoko Bankuak libera egiptoarraren balioa %13 gutxitu zuen, merkatu beltzean %30 gutxiago balio du egun. Truke faltsu horrek eta ezegonkortasun politikoek atzerriko inbertsioak oztopatzen dituzte.

Liberari balio erreal bat emateak atzerriko dirua sartzea ahalbidetuko luke, baina baditu arriskuak: Egipto elikagai inportatzaile handia izanik, prezioen garestitze orokor bat ekar dezake, eta hori oso arazo handia da biztanleen %85 pobrezian dituen herrialde batean. Milioika egiptoar bizi dira estatuak diruz laguntzen duen ogi merkeari esker, baina programa horrek ahalegin handia eskatzen die estatuaren diru kutxa hutsei, eta ustelkeria handia eragiten du.

1977ko matxinada gogoan

NDFren dirua lortu eta egoera makroekonomikoa orekatu nahi badu, diru laguntza horietako batzuk gutxitu beharko ditu Kairok; horrek 1977ko egoera dakar gogora. Orduan ere NDFren maileguak nahi zituen Anwar Sadat presidenteak, eta iragarri zuen diru laguntzak murriztuko zizkiela gariari, arrozari eta olioari. Gutxienez 79 hildako eragin zituen matxinada piztu zen, eta atzera egin zuen Sadatek. Balizko protestek ez dutela makurraraziko ziurtatu du Al-Sisik: «Erreformarako lehen saioa 1977an etorri zen, eta, herritarrek ez zutenez onartu, gobernu guztiak beldur izan dira erreformak egiteko […]. Erabaki zail horiek hartzeko ez dut segundo bakar bat ere zalantza egingo». Hitz horiek, ordea, ez datoz bat orain arte egindakoekin. Erregaien laguntzak txikitzen hasi zen 2014an, baina orain arte ez da kentzera ausartu. BEZaren erreforma motel doa aurrera parlamentuan, eta salbuespenez bete dute diputatuek. Administrazioren burokrazia oztopatzailea eta ustela erreformatzeko saioek ere ez dute fruiturik eman.

Erreformek herritar pobreenen artean eragingo duten kaltea txikitzeko neurriak hartuko dituela hitzeman du Al-Sisik. Bere ospe txarra arintze aldera, NDFk erealdarrikatu du bere programaren helburuetako bat dela «aurrekontuetako beste leku batzuetan egingo diren aurrezkien zati bat gastatzea babes sozialean».

Besteak beste, NDFk agindu du pobreentzat osasuna eta botikak emateko programei eutsiko dietela edo handitu egingo dituztela, haurrentzako esnea diruz lagunduko dutela eta ikastetxeetan janaria banatzeko plana zabalduko dutela. NDFren iritziz, gainera, azpiegiturak eraikitzeak du lehentasuna, baina baita hezkuntzan eta osasunean dirua inbertitzeak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.