Ezinezkoa dirudien bizitza bat

Anton Abadiaren figuratik abiatutako formatu txikiko antzezlana taularatuko dute martxoaren 7an Txomin Hegi aktoreak eta Xabier Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillips musikariek Loraldia jaialdian

Patxo Telleria gidoigilea, Txomin Hegi aktorea eta Xabier Zeberio musikaria, atzo, Bilbon Anton Abadiaren omenezko ikuskizuna aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Abadia bezalako pertsonaia bat sortuko bagenu fikziorako, batek baino gehiagok esango liguke pasatu egin garela». Orain lau urte jaso zuen Patxo Telleria antzerkigileak Anton Abadiaren figura omentzeko antzerki testu bat sortzeko enkargua, eta, pertsonaiari buruz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta harrigarriagoa iruditu zitzaion. 1810ean Dublinen jaio, Parisen inude euskaldun baten esnetan hazi, Frantziako Zientzien Akademiko kide bilakatu, Euskal Herriratu, Lore Jokoak sortu, Afrikara bidaiatu... «Fikzioa gainditzen du haren bizitzak». Loraldia jaialdiaren lehen edizioko lehen ekitaldirako sortu zuten Anton Abadia, Dublinetik Hendaiara ikuskizuna, eta Aitor Mazo aktoreak jokatu zuen Abadiaren rola. Egun gutxira hil zen aktorea, eta, eskaini zuen azken agerraldi publikoa ere izan zenez, Mazo gogoan hartuta eskainiko dute orain berriz emanaldi bera. Jantziago, hori bai, eta lantalde berriarekin. Martxoaren 7an eskainiko dute pieza Bilboko Arriaga antzokian.

Telleriaren testua izango da oraingoan ere oinarria, baina Txomin Hegi aktorea arituko da Abadiaren rolean, eta Xabier Zeberio, Mixel Ducau eta Alaia Phillips Ducau musikariak izango ditu lagun oholtzan. Dena, Oier Guillanek zuzenduta, eta 40 minutu inguruko iraupenarekin. «Lehen saio hura oso xume eman genuen», azaldu du Telleriak. «Kasu honetan, Loraldiak ganorazko produkzio bat egiteko borondatea izan du, eta ikuskizun oso eta betea izango da».

Euskal kulturgintzaren historian nabarmendu egiten da Abadiaren figura, gidoigilearen hitzetan. «Mirakulu bat iruditu zitzaidan», onartu du. «Garai hartan euskararekin eta euskal arazoekin arduratzen ziren gehienak apaizak ziren, Elizakoak, eta, gainera oso pertsona tradizionalistak eta eskuinekoak; Abadia nahiko salbuespen bitxia da». Eta hitz jokoa ere egin du ideia horrekin antzerkigileak. «Orain, gainditu dugu hori, baina, garai batean, euskal kulturan fraide gehiegi zegoen, eta Abadia gutxiegi».

Abadiaren bizitza da antzezlanaren hari nagusia. Fikziorik gabe. Asmazio beharrik gabe. «Haren biografia irakurtzean sentitu nuen harridura hori publikoari helarazi nahiko nioke», azaldu du antzerkigileak.

Hegik hartuko du Abadiaren rola oraingoan, eta pozik azaldu da aktorea jaialdiak eskainitako aukerarekin. «Opari bat egin didazue», adierazi die antolatzaileei. Loraldiarekin batera, Chimeres antzerki taldea eta Metrokoadroka Sormen Laborategia aritu dira pieza lantzen, eta lantaldean izan duten giroa ere nabarmendu du Hegik. «Ez dira euskal kultur arloan proiektu asko bideratzen Iparralde eta Hegoaldearen artean. Ez dira egun guztiz gertatzen horrelako bidaiak. Muga famatu hori gainditzea gure artean, eskertzekoa da».

Kasik sinesgaitza egiten zaio Abadiaren bizitza Hegiri ere. Eta, onartu duenez, emanaldia sakon prestatu ondoren ere, eta Abadiaren biografia berrirakurri ostean ere, badira oraindik ere erantzun ezin dituen Abadiari buruzko hainbat galdera. «Autobiografia horretan sartzen zarenean, etengabe ari zara pentsatzen; 'baina hau posible ote da?'. Gizaki batek posible ote du bere bizitzan ezinezkoa horrela bideratzea, ezinezkoa jorratzea, ikustea eta ikastea?».

Hegiren agurra

Aktoreak azaldu duenez, hain zuzen ere, ezinezko diruditen gauzen aurkako borroka hori da antzezlanaren motorra, eta ezinari buruzkoa da pieza abiatzen duen lehen esaldia ere: «Ezinean sinesten duzue?».

Aktoreak azaldu duenez, ordea, lanketa dokumental soilari izkin egitea izan da sortzaileen asmoa, eta Telleriaren gidoia eta Oier Guillanen zuzendaritza lana izan dira hori lortzeko gakoa.

Albistea ere eman du Hegik aurkezpen ekitaldian. Utzi egingo du antzerkia, eta Abadiaren rola izango da, beraz, onartuko duen azkena. «Erabakia hartua nuen, eta nire azken teatro lana izango da. Nahi nuen distantzia hartu teatroarengandik, eta nahi izan dut nire ibilbide xumea honekin amaitu».

Hegirekin batera izango dira agertokian Zeberio, Ducau eta Phillips musikariak, eta haiek jarriko diete soinu banda antzezlanean Abadiaren nondiko norakoei. Emanaldirako propio sortutako abesti batzuk eskainiko dituzte, baita hainbat herri kantaren moldaketak ere. Zeberio: «Gure lana izan da Abadiak ezagutu zituen herrialde eta bidaia guztiei klima eta musika jartzea, zeren eta Dublinetik hasita, Frantzian, Etiopian, Brasilen eta beste hamaika lekutan izan baitzen».

Itsasargi izan dute hasieratik Abadiaren figura Loraldia jaialdikoek. Erreferentetzat dituzte haren Lore Jokoak, esaterako, Aitor Narbaiza Loraldia jaialdiko produkzio arduradunak azaldutakoaren arabera. Horregatik egin nahi izan zioten omenaldia duela lau urteko emanaldiarekin, eta horregatik berreskuratu dute saioa aurten. «Ikuskizun honek irudikatzen du jaialdiaren espiritua».

Arriagako agertokian emango dute pieza, eta bertan jarriko dute publikoa ere. Bi emanaldi egingo dituzte, eta bukatuta daude jadanik bigarreneko sarrera guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.