Antso Handia ematetik hamalau urteren buru, Belako zaldüna pastorala taularatuko du aurtengo udan Zuberoako hiriburu Maule-Lextarrek. Jean Bordaxar kantari eta pastoral idazleak atondutako obra hori datozen uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean izango da ikusgai. Bordaxarrek idatzitako hirugarren pastorala da oholtzaratuko dutena, hari zor baitzaizkio Larraine herriak 2011. urtean eman zuen Telesforo de Monzon pastorala eta Arrokiagak 2012an taularatutako Jose Mendiague.
Aurreko bi obren ildoari eutsita, Euskal Herriko seme bat du gogora ekarriko idazleak, haren bizi-urratsek Frantziako armadaburu gisa jardutera eraman bazuten ere. Jean-Philippe de Bela, Belako zaldüna gisa entzutetsu bilakatuko zena, 1709. urtean jaio zen, Maulen. Garai haietan ez bazen batere ohikoa ere, nahikoa zahartu zen, 1796an zendu baitzen, Pauen (Biarno).
Bizitza luze horren zati handienean Frantziako armadaburu gisa jardun zuen, Frantziako errege Luis XV.aren zerbitzuan. Hala, Poloniako eta Austriako oinordetza gerrak deituak izan ziren gatazketan parte hartu zuen, besteak beste. Gudaburu jarduera horretan zebilela, euskal soldaduz osatutako erregimentu bat eratu zuen, Baigorriko seme Harizpe mariskalak geroago, Napoleonen gerren garaian, Chasseurs basques edo euskal ehiztariak eraikiz egingo zuen gisan. Frantziako erregearen zerbitzari eta armadaburu izanda ere, Belako zaldünak Euskal Herriaz zerbait axola bazuela iritzi dio Bordaxarrek, eta horren frogatzat jotzen du hark idatzitako L'Histoire des basques liburu potoloa. Euskaraz ere zerbait jakingo zuela pentsatzekoa da, dozena bat liburukiz osatutako lan horren hondar zatian frantsesa/euskara hiztegi bat moldatu baitzuen.
Hura izango da, beraz, Maule-Lextarrek goraipatuko duen pertsonaia. Jean-Louis Davant zuberotar idazle eta euskaltzainak idatzi zuen Antso Handia tragedia taularatzetik hamalau urteko epea igaro bada ere, Maule-Lextarrek ez du nekerik izan pastoralaren erronkari berrekiteko. Lehen mustraka edo proba-saioa iragan urtarrilaren 13an egin zuten, Jean-Fabien Lexardoi errejentaren agindupean. Orduz gero, larunbatero biltzen da jende multzoa trebaldiei eusteko, eta, ohikoa den bezala, karguen banaketa ezagutzera eman da otsailaren erditsurako.
Hala, oholtzara igoko diren 82 aktore helduen eta 23 haurren artean, sujet edo pertsonaia nagusiarena jokatuko duena Arño Laphitz izango da. Haatik, Belako zaldünaren historia haurtzarotik hasita kontatua izango denez, Pette Ligueix gazteak egingo du Jean-Philippe de Bela gaztearena. Belako zaldünaren emaztearen rolean Aurelie Intxaztoitxipi arituko da. Belako zaldünaren ama Isabelle Etxeto izango da; aitaren rolean, aldiz, jaiotzez Getxokoa (Bizkaia) den baina aspaldi Zuberoan bizi den Joseba Garai ariko da. Antso Handia pastoraleko sujet izan zen Jojo Malharin kargu garrantzizkoarekin geratu da aurtengoan ere, Luis XV.a erregea izango baita. Prusiako Frederiko II.a erregearena antzeztea, berriz, Garindaineko Petti Buhame pastoraleko (2014) sujeta izan zen Kaiet Bordari tokatu zaio. Maule-Lextarreko auzapez Mixel Etxebest bera ere oholtzan agertuko da, Charles-Alexandre de Lorraineren pertsonaia jokatuko baitu.
Guztira, 71 bertset emaile entzungo dira, eta sujetak nahikoa lan izango du 48 bertset emango baititu berak. Zenbakizko argibideekin amaitzeko, Belako zaldüna pastorala 22 jelkaldiz osatuta dago, eta bertset eta taula-jokoez gain, hamaika kantu eta hiru dantza sorkuntza emango ditu.
Jende asko gogoz
Pastorala baten historia laburbiltzen duen lehen peredikuaren emailea, bi agerraldietan, Elise Axigar izango bada ere, gertakarien ondorioztatze antzeko bat den azken peredikuarentzako,txandakatzea egongo da. Hala, uztailaren 29ko agerraldian Mixel Iturria eta Cedric Zamalbide gizonezko bikotea ariko da rol horretan, eta, agorrilaren 5ekoan, berriz, Fabienne Borda, Maite Davant eta Maia Etxart emakume hirukoteak du txanda hartuko.
Errejent batek gisa horretarako hautuak egiten ditu, ahal bezainbat laguni parte hartzeko aukera ematearren. Izan ere, gaur egun, pastorala batean jokatzeko gogoarekin daudenak ez dira gutxi, eta gehiegi direla pentsatzea ere zilegi litzateke. Nolabait, aukerarik egin beharrean, bertseten emaileak behintzat euskaradunak edo ikasteko ahaleginetan dihardutenak izan daitezen legezko da, eta, hain zuzen ere, arau horren ildotik jo du Jean-Fabien Lexardoi errejentak.
'Belako zaldüna' herriko semea goraipatuko du Maule-Lextarrek
Jean Bordaxar kantariak idatzi du pastorala, eta hark aurretik egindako bi obren ildoari eusten dio, pertsonaia bat gogora ekarriz. Uztailaren 29an eta agorrilaren 5ean taularatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu