Serge Blanco badoa

Miarritzeko harrobia kudeatzen duen elkarteak betoa jarri dio Baionarekin bat egiteko proiektuari, eta dimisioa eman du Miarritzeko talde profesionaleko presidenteak.

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Ezusteko handia gertatu zen atzo iluntzean Baiona eta Miarritzeren arteko bateratzearen aferan. Azken pausoa inoiz baino hurbilago zela, Miarritzeko harrobia kudeatzen duen elkarteak betoa jarri zion proiektuari. Elkartearen administrazio kontseiluan, bi herenen gehiengoa behar zen bateratzearen aldeko emaitza ateratzeko. Eta, baiezkoak gehiengoa lortu arren, kopuru horretara iritsi ez, eta, horrenbestez, Miarritzeko elkarteko Administrazio Kontseiluak ez zuen bat egin Baionarekin elkartzeko proposamenarekin.

Kolpe handia hartu zuen Serge Blanco Miarritzeko talde profesionaleko presidenteak. Hark ziurtzat zuen harrobia kudeatzen duen elkartearen babesa, baina emaitza ez zen izan espero zuena. Berehala iritsi zen Miarritzeko buruaren erreakzioa: dimisioa eman zuen. Presidenterik gabe dago Miarritze. Ezusteko handia izan zen atzokoa. Azken egunotan, bazirudien Baionako harrobia kudeatzen duen elkartean zeudela zailtasun handienak. Bateratzearen aurka agertu ziren elkarteko hainbat kide, Jean-Paul Champres presidentea eta Jean-Claude Iriarte elkarteko diruzain eta Baionako hautetsi abertzalea tartean. Etzi zuten bozka egitekoa Baionan, baina Miarritzetik etorri da errefusa, azkenean.

Nola iritsi dira egoera horretara? Zer gertatuko da orain? Bateratzeak aitzina egiteko prozedura erabakitzailea ulertu beharra dago horretarako.

LAU ORGANO ERABAKITZAILE

Juridikoki, lau organo erabakitzaile ditu Baiona eta Miarritzeren arteko bateratzeak. Alde batetik, talde bakoitzaren alor profesionala kudeatzen duten sozietate anonimoak daude. Sozietate horien zuzendaritza organoek, administrazio kontseiluek, proiektuaren alde bozkatu behar dute. Bestalde, taldeetako harrobiez arduratzen diren elkarteak daude. Elkarte horiek existentzia juridiko propioa dute —1901eko legearen pean dauden elkarte pribatuak dira—, baina talde profesionalarekin harreman organikoa daukate, eta talde profesionalaren afiliazio zenbaki bera dute Frantziako Errugbi Federazioan. Hau da, bi egitura juridiko izanik ere, talde bakarra osatzen dute Baionako eta Miarritzeko profesionalen SAk eta Baionako eta Miarritzeko harrobien elkarteek.

Horiek hala, bat egitekotan, lau organo horien baiezkoa behar dute Baionak eta Miarritzek. Eta horrek egin du huts. Miarritzeko harrobia kudeatzen duen elkarteak ez zuen bozkatu alde beharrezko gehiengoz. Ondorioz, bertan behera gelditu da bateratzea. Baionan ere kili-kolo zegoen elkartean gehiengoa lortzea, baina ez dute izanen bozkatu beharrik.

TALDE PROFESIONALA, ADOS

Babesleei eta talde profesionaleko organo erabakitzaileei dagokienez, baiezkoa zen nagusi. Are gehiago, babesle batzuek bateratzea egiteari baldintzatu zioten beren laguntza. Talde profesionalak kudeatzen dituzten bi administrazio kontseiluek bateratzearen aldeko botoa emana zuten dagoeneko. Baionak ekainaren 11n eman zuen botoa, eta Miarritzek, astebete lehenago. Adar profesionalari dagokionez, beraz, bateratzearen aldeko bidea hartuta zegoen.

ERRUGBI FEDERAZIOAREN SOSTENGUA

Bateratzea egin ahal izateko, ez dira gutxi izan kanpoko laguntzak ere. Errugbi federazioak, erraterako, bere araudiak aldatu ditu iragan ekainaren 12an, pausoa eman ahal izateko. Izan ere, errugbi talde batek bi egitura dauzka: talde profesionala kudeatzen duen SA, eta harrobia kudeatzen duen elkartea. Baiona eta Miarritze batuz, talde profesional bakarra, SA bakarra sortzea zen xedea. Baina bi harrobiek beren izaera propioz segitzea zen asmoa. Araudi zaharrarekin, ezinezkoa zen hori, talde profesionalari harrobi bakarra kudeatuko zuen elkarte bakarra lotzen ahal baitzitzaion.

Egoera ikusiz, ordea, errugbi federazioak araudia aldatu, eta talde profesional berriari elkarte berri bat lotzea onartu du —euskal taldearen elkartea—; horrela, lehendik bizirik ziren eta bateratzearen ondoren bizitzen jarraituko duten Baiona eta Miarritzeko harrobietako elkarteen iraupena ahalbidetu du.

ETA ORAIN ZER?

Miarritzeko harrobiko arduradunek, azkenean, eman dute errefusa. Baiona aldean haserrea zen nagusi elkartean. Ostiraleko bozkaren bezperan, bateratzea prestatzeko moduak —isilka, eta profesionalek harrobikoak informatu gabe— eta talde berriaren filiala kudeatzeko desadostasunek giroa ozpindu zuten —elkarteek beren filial propioak kudeatzen segitu nahi zuten, baina talde profesional berriak, legez, bere filial propioa behar zuen—.

Zaleen presioa ere etengabekoa izan da. Atzo bertan, Manu Merin Baionako presidenteak zaleekin bilkura antolatu zuen, eta «Merin kanpora!» oihu artean joan behar izan zuen bilduta zeuden gelatik. Gauzak horrela, etorkizun oso iluna hautematen da euskal errugbian. Baionan, Merinek zehaztu du Bigarren Mailara jaitsita 1,9 milioi euroko zuloa dagoela diru kontuetan. Eta Miarritzen ere bi milioi euro inguruko defizita sortu da sasoi honetan.

Jokalarien egoera ere ez da betere samurra. Miarritzen, bere patuaz deus ez dakiela dago hainbat jokalari. Baionan, berriz, hainbat jokalarik Top14ko hainbat eskaintzari uko egin zioten, euskal talde berriaren alde apustua egiteko. Zer gertatuko da jokalariekin? Nola aurre eginen diote taldeek zorrei? B planik pentsatuta ote zeukaten bi taldeek? Zer estigma utziko ditu harrobien eta talde profesionalen arteko talkak? Denbora aitzina doa, eta anitz kosta behar zaio Lapurdiko errugbiari kolpe honetatik altxatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.