Arabako sor-marka berria traiziotzat jo du Errioxako ardoaren kontseiluak

«Babes eskasa ikusita», horrelako proposamen bat egitea «ulertezina» iruditzen zaie sor-markako arduradunei. EH Bilduk babesa agertu die upategiei, eta laguntzeko eskatu die erakunde publikoei

Arabako mahastiak sor-marka eratzeko eskatu dute Arabako 40 upategik. Irudian, mahasti batzuk, Bastida inguruan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Traizioa. Desleialtasuna. Zoritxarrekoa. Hitz gordinak erabili ditu Errioxako ardoaren sor-marka kontrolatzen duen kontseiluak Araban sortu nahi den sor-marka berriari buruz lehen iritzia ematean. Eskaerak «ezustean» harrapatu dituela ziurtatu dute Errioxako sor-markaren arduradunek, ohar baten bidez, eta haserre agertu dira proposamenaren berri hedabideetan jaso dutelako. Legeari nola egokituko zaion ikusi beharko dela eta Europako Batasunak duela azken hitza azpimarratu dute, halaber.

ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bezperan jakinarazi zuen eskualdeko 40 bat ardogilek sor-marka berri bat abiatzeko eskaera ofiziala aurkeztu diotela Eusko Jaurlaritzari. Arabako mahastiak izena eman nahi diote, eta Errioxan euren produktua bereizteko aukera faltarekin gogaituta dauden upategiei beste bide bat ireki nahi die, Errioxako ardoen babes eremutik eta kontroletik kanpo.

Sor-marka berria ez doala inoren aurka argudiatu dute ABRA elkartekoek, baina Errioxako kontseiluak erasotzat hartu du erabakia. «Desleialtasuna» izan da, kontseiluaren ustez, ABRAk erabaki eta eztabaida organoetan lekua duelako eta parte hartzen duelako. «Foro horiek ez erabiltzea kontseilua informatzeko ez da bakarrik zoritxarreko zerbait, baizik eta traizioa egitea da sor-markako funtzionamendu oinarriei», diote oharrean.

Errioxako sor-markaren araudi batzordea atzo bildu zela jakinarazi du kontseiluak. Bileran, azpimarketako eta udalerrietako ardoak bereizteko zenbait proposamen aztertu ziren, eta, kontseiluaren arabera, onartu diren atariko planteamenduetan jasotzen da orain arte ABRAk kontseiluari egindako «aldarrikapen bakarra». Errioxako sor-markaren barruan Arabako azpimarka indartzeko zenbait saiakera egin izan dira, baina kontseiluak eskaini izan duenak ez ditu gogobete Arabako hainbat upategi.

Sor-marka berria bultzatzeko mugimenduari garrantzia kendu nahi izan diote Errioxako ardoaren agintariek. Arabako upategiek duten balioa erabilita egin du hori. ABRAren barruan dauden upategi guztiei —120 dira— Errioxako sor-markak Araban duen balioaren %15 eman die kontseiluak, eta sor-marka osoaren %5. «Soilik erakunde horren heren batek bat egingo luke ekinaldiarekin, eta, hori ikusita, ulertezina da halako babes eskas batekin martxan jartzea», adierazi du oharrean.

Balio neurketa horretan tamainak berebiziko garrantzia du, eta eskala bihurtu da eztabaidagaietako bat Araban ardoa ekoizten dutenen artean. Upategi handiek Errioxan segitzeko apustu argia egin dute, baina ekoizle txiki eta tradizionalago batzuk deseroso daude sor-marka geroz eta handiago bat izateko joerarekin eta antolakuntza hertsiarekin.

EH Bilduren babesa

Arabako mahastiak sortzeko erabakia txalotu du EH Bilduk, «eredu propio bat bultzatzeak Arabako ardogintzaren etorkizuna bermatzen duelako». Sor-marka batean kantitatearen aurretik kalitatea jarri behar dela uste du koalizioak, eta dei egin die erakunde publikoei upategiak babestera eta elkarlanean aritzera. «Giza eta lege baliabideak eskaini behar dizkiete marka hau errealitate izan dadin ahalik eta denborarik laburrenean», Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko bozeramailearen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.