Bidegurutzean trabatuta dago Ukraina, ez aurrera eta ez atzera egin ezinda. Otsailean sinatutako Minskeko bake itunari jarraikiz, Kievek hasia du ekialdeari autonomia emateko «deszentralizazio» prozesua, eta Radak —parlamentuak— onartu egin du konstituzio erreformaren lehen irakurketa. Eztabaidatsua da legea, eta buruhauste bat baino gehiago ekarriko dizkio Petro Poroxenko Ukrainako presidenteari. Gobernua osatzen duten alderdi europazale gehienek babestu duten arren, eskuin muturrak salatu du «Ukrainaren aurkakoa» dela, eta, indar erakustaldia eginda, protesta bat antolatu du parlamentuaren aurrean. Liskar larriak izan dira; granada bat jaurti du manifestarietako batek, eta polizia bat hil eta beste 90 bat zauritu ditu. Erreformak ez die estatus berezirik aitortzen matxinoen eremuei.
Mendebaleko aliatuek bultzatuta, Minskeko bilkuran onartu zuen Kievek matxinoek kontrolatutako ekialdeko eremuei autogobernurako ahalak ematea. Eskualdeko eta herrietako hautetsien batzarrei eskuduntzak emango dizkie neurriak, baita «herri Polizia» bat sortzeko baimena ere. Erraz pasatu du parlamentuaren lehen iragazkia: 265 parlamentarik babestu dute, beharrezkoak baino 39 gehiagok. Legebiltzarrak 450 ordezkari ditu guztira. Edonola ere, eztabaidaren hasiera besterik ez da, alderdiek zuzenketak aurkezteko aukera baitute orain. Hainbat hilabete iraungo du prozesuak, eta, onartua izateko, parlamentuaren bi herenen babesa ezinbestekoa du Poroxenkok.
Erreformak ez die estatus berezirik aitortuko Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikei, matxinoek eskatu bezala. Testuaren arabera, beste lege batean erabakiko dute zer estatus izango duten matxinoen eremuek «Ukraina barruan».
Polemika bizia sortu du erreformak Ukrainan, eta inor gutxi gogobete du. Alde batetik, Donetskeko eta Luhanskeko errusiazaleek baztertu egin dute, hain zuzen ere, estatus berezirik ez dielako ematen. Donetsk eta Luhansk eskualdeen eremu zabal bat kontrolatzen dute errusiazaleek. Bestalde, ukrainar askok ekialdeko eremu industrialaren gaineko matxinoen kontrola legeztatzeko saialditzat dute.
Gobernua, zatituta
Gobernu koalizioaren barruan arrakalak ireki ditu prozesuak. Julia Timoxenko Batkivstxina (Aberria) alderdiko burua aurka agertu da, eta zalantzak eragin ditu prozesuaren inguruan, zail izango baitzaio Poroxenkori babes parlamentario nahikoa eskuratzea.
Halere, parlamentuko ateetatik kanpo du presidenteak oposiziorik oldarkorrena, eskuin muturrak errusiazaleen aldarrikapenak zapaldu nahi baititu. Alderdi Erradikaleko diputatuek —gobernu koalizioa osatzen dute— parlamentuko ateak blokeatu dituzte bozketa aurretik, eta estu hartu dituzte gainerako parlamentariak.
Muturreko alderdien indarkeriak arriskuan jar dezake sistema politikoaren erreforma.Svoboda (Askatasuna) eta Eskuin Sektorea alderdi neonaziek deituta, ehunka lagunek egin dute protesta parlamentu aurrean, eta liskar larriak izan dira. Protestarietako batek granada bat jaurti du legebiltzarraren aurrean ezarrita zegoen polizia lerrora, eta Guardia Nazional bat hil eta beste dozenaka batzuk zauritu ditu. Barne Ministerioaren arabera, 122 lagun eraman behar izan dituzte ospitalera; horietako 90 segurtasun indarretako kideak dira. 11 egoera kritikoan daude. Atxilotuak, berriz, 30etik gora dira.
Poroxenkok «makur» jokatzea egotzi die protestetara deitu duten alderdiei. Presidenteak gogorarazi du konstituzio erreformak ez diela estatus berezirik emango matxinoen alderdiei:«Ukrainako sistema politikoa aldatzen du, eta Europako autogobernuen ereduetara hurbiltzeko tresna da bakea lortzeko bidean».
Matxinoek, ordea, salatu dute erreformak ez duela betetzen Minsken hitzartutakoa. Igor Plotnistski Luhanskeko Herri Errepublikako gobernuburuaren arabera, matxinoen ordezkariekin negoziatu beharko zukeen Kievek.
«Deszentralizazio» prozesua hasi du Ukrainak, liskar larriak tarteko
Parlamentuak onartu egin du ekialdeko eskualdeei autonomia emateko erreformaren lehen irakurketa.Eskuin muturrak protesta egin du legebiltzar aurrean, eta polizia bat hil dute granada bat botata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu