Lau urtean, 5.700 migratzaile atxiki eta kanporatu ditu Espainiak Irundik

Espainiak eta Frantziak 2002an sinatutako itun bat oinarri hartuta, 20.000 lagun bota ditu Poliziak 2012 eta 2015 artean. Mugan bertan eginiko kanporatzeak «susmagarritzat» jo ditu CEAR elkarteak

Frantziako Poliziaren kontrol bat, atzo bertan, Biriatun. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2017ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Irun eta Hendaia arteko mugan, Gipuzkoa eta Lapurdi artean, ez dago hesi kontzertinadunik, eta migratzaileak ez dira txalupa kaskarretan edo igerian iristen. Europako Batasuneko estatuen artean muga zorrotzik ez dagoela ere esan izan dute arduradun politikoek behin baino gehiagotan. Errealitatea, baina, oso bestelakoa da Europara sartu nahian muga paperik gabe zeharkatzen dutenentzat. Espainiako Gobernuak Senatuari bidalitako dokumentu bat eskuratu du BERRIAk: azaldu du Frantziara zenbat migratzaile kanporatu dituen 2012 eta 2015 artean. Frantziak eta Espainiak, 2002an, alde biko itun bat sinatu zuten horrelakoetarako. Mugan bertan eginiko kanporatzeak izan ziren denak, epaiketarik gabe eta helegitea aurkezteko aukerarik eman gabe: migratzaileak Hego Euskal Herrira sartu osteko lehen lau orduetan tramitatuak. Irungo mugatik ia 5.700 migratzaile kanporatu zituen Espainiak lau urtean; egunean ia lau kanporatze, batez beste. Kataluniako eta Aragoiko mugak zenbatuta, 20.600 lagun egotzi zituzten.

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak eginiko galdera bati erantzunez eman ditu datuok Espainiako Gobernuak. Iazko abenduaren 22an erregistratu zuen galdera Iñarrituk, eta ia bost hilabeteren buruan heldu da erantzuna. Zenbaki orokorrak eman ditu Madrilek: migratzaileen jatorria, non atxilotu zituzten, eta zein urtetan. Datu kuantitatiboak bainoago, ordea, informazio kualitatiboa falta da: abokatu batekin egoteko aukera eman zieten atxilotuei? Errespetatu al zituzten errefuxiatu eta desplazatuei buruzko nazioarteko itunak? Ba al zegoen adingaberik atxilotuen artean? Argibide horiek eskatu dizkio BERRIAk Espainiako Barne Ministerioari, baina ez du erantzunik jaso.

«Tamalez, Espainiako Gobernuaren opakutasuna ia erabatekoa da auzi honetan», dio Euskadiko CEAR Errefuxiatuei Laguntza Emateko Elkarteko zuzendari Javier Galparsorok. Haren esanetan, «arretaz» aztertu beharko dute auzia, «kanporatuen kopurua ikaragarria delako». Galparsorok ez du auzitan jartzen prozesuaren legezkotasuna, baina uste du halako operazioak «susmagarriak» direla: «Datuei soilik erreparatuta, ezin dugu ziurtatu migratzaileen eskubideak urratu direnik, baina ez du itxura onik mugan bertan eginiko kanporatzeen kopuru neurrigabeak; badakigu horietako batzuei aukera eman zietela abokatu batekin egoteko, baina ez dirudi guztiei eskubide hori bermatu zietenik».

Espainia-Frantzia ituna

Espainiak eta Frantziak 2002ko azaroaren 26an sinatutako Malagako Ituna dago kanporatze horien guztien oinarrian. Bi estatuetako barne ministroek izenpetu zuten akordioa, Nicolas Sarkozyk eta Angel Acebesek. Horren arabera, Irun-Biriatun, Dantxarinean, Luzaide-Arnegin, Aragoin eta Herrialde Katalanetan dauden beste muga eta kontrol guneetan atzemandako paperik gabekoak «formalitaterik batere gabe» (sic) itzularaziko dituzte Espainiako eta Frantziako segurtasun indarrek, muga zeharkatu eta lehen lau orduetan gertatzen bada atxiloketa. Horren ostean ere, 48 orduko epea dute poliziek agindua tramitatzeko eta kanporatze prozesua betearazteko. Zehazki, atxilotuak muga zeharkatu duten lekuraino «eskoltatu» behar dituzte estatu bateko zein besteko poliziek, eta, behin kanporatze agindua onartuta, sorterrira itzularazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.