San Adriango koba —edo tunela— aski ezaguna da Aizkorriko natur parkean eta inguruan. Sarrera eta irteera dituen koba itxurako barrunbe horretan, gaur egun ermita txiki bat soilik badago ere, Erdi Aroan, XIII. mendean,Gaztelako Erresumatik Europarako lehorreko komunikazio bide garrantzitsuena zenean, galtzada eta gaztelu bat zeuden.Zegamakolurretan dago, Gipuzkoan, baina 500 metro eskasera dago Aiararekin (Araba) egiten duen muga. 2008an, Arantzadi Zientzia Elkartekoak aztarna horien bila hasi zirenean, ez zuten espero Brontze Aroko (orain dela 3.500 urte) materiala topatzea, eta are gutxiago azken glaziazioa gertatu zen Paleolito garaikoa (orain dela 14.000 urte).
«Ez genuen inondik inora ere, gisa honetako aurkikuntza bat egiterik espero», adierazi du Manu Zeberiok, indusketen landa lanen arduradunak. Erdi Aroko gazteluaren aztarnak bilatzeko egindako lehen zundaketan, antzinagokoak, historiaurrekoak, izan zitezkeenak aurkitu ziren. Kontu handiagoz aztertuta, Brontze Aroko zeramika ontzien zatiak, suharrizko lanabesak eta garai hartako fauna (animalien hezurrak) eta floraren (ezkur karbonizatuak) hondakinak zirela ikusi zuten. «Orduko animalien hondakinek garrantzi izugarria dute, garai hartako gizakien elikaduraren gaineko informazioa eskaintzeaz gain, faunari buruzko ezaugarri zehatzak ematen baitituzte».
Hain zuzen ere, animalia eta landare jatorriko hondakin horiei esker, ondoriozta daiteke garai hartako gizakia, abeltzaina izateaz gain,nekazaria ere bazela, hasieran uste zenaren aurka, hau da, ordurako animaliak hezten ez ezik, landare haziak ereiten ere bazekitela. Brontze Arokoak dira, besteak beste, topatutako giza hortzak eta bizkarrezurreko orno bat, hezurrez egindako lepoko baten zatiak, orein baten adarra, eta hezurra eta silexa erabiliz moldatutako igitaia.
Ustekabea, baina, handiagoa izan zen gerora egindako beste zundaketa batean are zaharragoa zen Paleolitiko garaiko beste maila batekin topo egin zutenean. Orain dela 14.000 urteko azken glaziazioko aztarnak ziren. Tartean suharriz egindako ertzak, egurrezko kirten bati lotuta aizkorak egiteko erabiltzen zituztenak, eta zenbait animaliaren hezurrak zeuden. Animalia horien hezurren arabera, haiek artean hezi gabekoak ziren, eta horrenbestez garai hartako gizakiak ehiztaria eta biltzailea behar zuen izan, nomada, beraz.
Baina kasu horretan daturik bitxiena material hori guztia 1.000 metroko garaieran aurkitu izana da. «Harrigarria da hotzaldi hartan gizakia altuera hauetan bizitzen gelditu izana», azaldu du Zeberiok. Euskal Herrian egin den holako aurkikuntza bakarra da, eta, horrenbestez, glaziazio garaian 1.000 metroko altitudean bizirik irauteko gai zen jendearen bizimoduaren berri jakiteko aukera ematen duen bakarra.
Material gehiago egon daiteke
Alfredo Moraza ikerketa arkeologikoen zuzendariak adierazi duenez, oraindik baliteke gure arbasoen bizimodua aztertzeko garrantzitsua izan daitekeen material gehiago aurkitzea. Izan ere, orain artean hiruzpalau metro arakatu dira, eta ia beste horrenbeste dago induskatzeko. Zeberiok azaldutakoaren arabera, Zegama aldetik begiratuta, garai bateko gazteluko sarreretako bat zen arkuaren harrizko oinarritik haitzera bitartean oraindik ere jalkin geruza nabarmena atzeman daiteke.
Orain hasitako hau indusketen seigarren kanpaina da, 2008an ekin ziotenez geroztik. Eta, oraingoz, euren asmoa lanean jarraitzea da. Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirrek adierazi duenez, ezinbestekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren eta Zegamako Udalaren laguntza eta ekarpenak indusketa lanekin aurrera egiteko. Era berean, Garazi Lopez de Etxezarreta diputazioko Kultura zuzendariak eta Edurne Albizu Zegamako alkateak elkarteak egin duen lana goraipatu, eta kultur ondareari eginiko ekarpenagatik esker ona azaldu diote Aranzadiri. «Gure ondarearen ikerketak egitea eta indusketak sustatzea oso garrantzitsua da. Parte hartzaile eta eragile guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu», esan du Lopez de Etxezarretak. Albizuren hitzetan, «oso pozgarria izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadik San Adrianen indusketa hauek egiteko apustua egitea». Elkarlan horren adierazgarri da San Adrianen indusketa lanetan topatutako aztarnak Zegamako Aizkorriko Interpretazio Zentroan ikusgai izatea.
Aspaldidanik inguruko biztanleek San Adriani buruzko kontu asko jakin izan dituztela esan du Albizuk. Besteak beste, ostatu bat, mikeleteen etxea eta errege bidea izan zela azaldu du, eta Araba eta Gipuzkoa arteko estraperlo puntu izan zela. Horien artean, dudarik gabe, errege bide izan zela da San Adriani buruz zabalduena dagoen datua.
«Hau izan da Gipuzkoako lehenengo N-1. Irundik Gaztelarako bidean hemendik pasatzea derrigorrezkoa zen», esan du alkateak. Haren arabera Gaztelako eta Nafarroako erresumetako erregeen arteko ezinikusia zela medio, Gaztelako erregeak Europara igaro ahal izateko San Adriango galtzada baliatu zuen, Nafarroako Erreinutik pasatu beharrik gabe. Garai hartan, eta bidearen abaroan sortuak omen ziren, besteak beste, Agurain, Segura, Ordizia, Tolosa, Hernani eta Irungo hiribilduak. Eta baita, Erdi Aroko gaztelua, ostatua eta ermita ere.
Morazak jakinarazi duenez, gazteluak harrizko oinarri batean eraikitako zurezko egitura zuen. Sarrera eta irteera ateak gaur egun tunelak dituenarekin bat badatoz ere, zabaleran handiagoa zen. Eta haren inguruan eraikitako eraikin txikiek nolabaiteko herrixka baten itxura ematen zioten. Bideari etekina ateratzeko, bidesari moduko bat ere egon omen zen.
Historia luzea du, beraz, San Adriango galtzadak. Bildu ahal izan diren lekukotasunen arabera, XIII. mendean Gaztelako Erresumak Gipuzkoa anexionatzean indartu zenetik, XVI-XVII. mendeetan bizi izan zuen gorengo unea. Ondoren, XVIII. mendean Leintz Gatzagatik zihoan Arlabango bideak aurrea hartu zion, eta XIX. mendean, mikeleteek hartu zuten eremua. 1915ean, baina, sute baten ondorioz alde egin zutenetik ez da bizileku gisa geroztik gehiago erabili.
Indusketa lanen aurkezpenari buruzko bideoa helbide honetan dago ikusgai: www.berria.info.
Ustekabea San Adriango koban
Arantzadi Zientzia Elkarteak Aizkorri natura parkeko haitzuloan duela 14.000 urteko aztarnak topatu ditu, besteak besteIndusketetan jasotako materiala Zegamako Interpretazio Zentroan ikus daiteke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu