Ez dut lerrootan igandeko kontzertuaren kronika egin nahi. Hobeto esanda, hasiko naiz kronika bat bailitzan, baina eskaini zizkigun hamabi piezen zentzuaz aritu beharrean —zenbat goi-mailako eskaini dizkigu Ruperrek dagoeneko?— hasierako hiru baino ez ditut komentatuko ia, hor egon baitziren une berezi eta adierazgarrienak, Leo Abrahamsen gitarrarekin batera sortu eta lortutakoak. Ahantz dezagun protokoloa, ahantz alkate garaileak RRV vs Ruperri buruz botatako ergelkeria, edo Sarri, Sarri kantua goraipatzearen atrebentzia (zeren seinale ote hori guztia? Eneko Goiaren hitzek gogoeta luze baterako emango lukete… Laburbiltzeko nahikoa By By gizontxo eta haren «irabazleen biba astunak» entzutea testuinguru honetan). Ruperrek, kiroltasunez eraman zuen unea, bere burua Asuranceturixekin —Asterix eta Obelix-eko bardoarekin, alegia— adarrak gora, adarrak behera, alderatuz. Une berezia zen igandekoa, abilezia finez tratatu beharrekoa…
Baztanen suertatu zitzaidan asteburua. Baztan mitikoan, noski. Ezen Baztan erreala han jaio edo bizi direnentzat baino ez da existitzen. Gainontzeko adin bateko euskaldunentzat, alegiazko Baztan bat dago, paisaia horrekin nolabait lotua eta Leteren eta Artzeren poemak, haien eta Laboaren edo Imanolen ahotsek sortua. Baino inor gutxik daki Baztan miretsi horretan gauzatu zela sortzaile haien nolabaiteko heriotza sinbolikoetako bat ere, hango komentu batean egin baitzen Ez Dok Amairu-ren azken bilera, 1972koa, oraino sekretupean gordetako eztabaida eta botazioekin —sekretuak 43 urte pasatu ostean!—. Komentu horretako aterpetxean bertan suertatu zait asteburua igarotzea, eta konturatu naiz —lehen ere egona nintzen, baina ez nuen igandera arte bilera harekin lotu— bere horretan iraun dutela etxe honetako gelak eta gainontzekoak urte hauetan guztietan. Orduan bezala dago dena: 60ko hamarkadan zegoen modura, baina pasatu den denborak eragindako dekadentziarekin.
Burutazio hauetan nentorren errepidean Ruperren kontzertura, azken diskoa berrentzuteko aprobetxatuz eta honek ilustratzen duen ibilbidea beste behin neureganatuz, doinu bakoitzari, esaldi bakoitzari oraindik antzeman gabeko zerbaiten bila, edo dagoeneko jasotako atseginean laketuz; ahots horri, esateko modu horri eta esandako hitz kantatuei errenditua. Banekien zerbait berezia gertatuko zela gero, kontzertuan, ez zela arrunta izango; esker oneko gizonak bere esker ona erakusteko manera bilatuko zuela. Sariaren eskaintzatik abiatu zen: etxekoei, bai, baina baita«radarren azpitik ibiltzen diren hainbat euskal musikariri» ere.
Disko baten lehen kantua printzipioen deklarazio bat izan ohi da. Baita karrera oso batekoa ere. Hautsi da anphora! apurtzailea izan zen Ordorika abizena zuen 24 urteko gazte harena, Baztango bileratik zortzi urtera; eta igandeko kontzertu berezikoak ere hala behar zuen: 2009an grabaturiko Haizea garizumakoa diskoarekin abiatu zuen aro berri baten baitan enblematikoa den kantua izan zen aukeratua igandean: «Zuren onenean ez zaudenean/ desiratzen iragan dadin eguna/ entzun nahi zenuke/ mundua biltzen duen oihartzuna». Zer da kantua? Zer nahi du izan Ruperren kantuak? galderei erantzun bila egina: «Ez utzi sakonago hondoratzen/ barruan daramazun pena, / zoriontsu entzun/ mundua biltzen duen oihartzuna». Aurretik, hartu zuen denbora, trantsizio gisa Abrahamsen gitarra sinfonikoak: nahikoa minutu bateko soinu iradokitzailea aurreko protokoloak ahaztu eta inporta zitzaigunean, munduaren oihartzuna izan nahi duen kantuan barneratzeko. Ondoren, eta kontzertuan gertatuko zen omenaldiaren arrastoa emanez —kantatu dituen poetei egindakoa—, Dionisio Cañas-en hitzekin azken diskoan ondutakoa etorri zen:«Zerutik gertu ez dira entzuten albistean/ beren odol putzuekin» baina «nik ez dut zerutik gertu egon nahi»; Zerua eskaintzen, agintzen, inposatzen diguten guztien aurreko deklarazioa.
Bi horiek hirugarrenaren prestaketa balira bezala, bere intimitatea partekatzen duen gizon heldua aurkeztu zitzaigun oholtzan; horretarako gai delako, eta, gainera, musika, melodiak eta soinuak eman dezaketen neurri inguratzaile zehatzarekin eskainiz. Horregatik ere bada handia Ruper, gai delako gure artean horren zailak diren adierazpen intimoak besteari enbarazurik sorrarazi gabe eskaintzeko. Esan bezala, ezin hobeki lortu zuen hori Abrahamsen gitarraren laguntzaz.
Hirugarren kantu honekin gera ninteke azpimarratu nahi dudana adierazteko: nola ailegatzen da bat zahartzaroaren atarira? Bizitza baten seigarren hamarkadaz ari gara, oraindik orain erretiroaren kondena/salbazioarekin amesteko edo urduritzeko sasoiaz, alegia. Etorkizun eskaseko eta iragan mitifikatutako limurtzaile patetikoak bihurtzen gara gehienok ataka horretan. Berak, aldiz —berriz ere ezin dotoreago— ontzi baten porturatzeaz ari zaigu Atako bandan aukeratu zuen kantuan («atako bandan» ikuskatzen omen dira arrantzaleen ontziak, Ondarroako adieraz). Hor dago beste behin itsas-bidaiaren irudia, honen larritasunen, arriskuen eta altxorren promesa guztiekin; naufragio posibleekin, dena alda dezakeen gertakizun aurretik kalkula ezinekin… baina benetako heroiak badaki etxera itzuli behar duela, bertan utzi zituen kontuak kitatzera, lehenik, eta bizitza berri bat abiatzeko, ondoren, etorkizuna akituz doan neurrian, une bakoitzaren dastamen posiblean. Horretaz ari zaigu Ruper azken aro honetan, eta edozein txoko maitekor izan litekeen talaia horretatik «bera izan zen gizonari» zuzentzen zaio zuzen, errarik gabe: «Lehen haundia zena/ orain txikia da…». «Ni izan nintzen gizona» hitzekin abiatzen du estrofa bakoitza, «hor dabil sinistu ezinik/ egunerokoan ikusten nauenean./ Bere aurreiritzi estuak,/ hil ala bizikoak/ nirekin bat ez datozenean…» eta «ixixa ez nau ezagutzen/ berbetan entzuten didanean». «Lehen zaharragoa al nintzen/ orain naizena baino?» galderarekin amaitzen du ur txorrota bezala jostalari doan melodia eta arpegioekin osaturiko kanta. Arrapostua gure kontura utziz bezala. Bai, gazteagoa zara orain, Ruper, eta zure adiskide ezagun eta ezezagunok goxoago eraman izan ahal dugu berrogei urte hauetako bizi beharrekoa.
Ez dudala kronika egingo agindu dut hasieran, baina Ruperren kantutegia gurea dugunontzat, ezin ustekabean harrapatu tenore honetarako egindako hautaketak: orain artekoez gain, Fas fatum, talde osoari harrera eginez ondutakoa, edo Berandu dabiltza eta Gure begiek kantuen deklarazio ozen eta borobilak, aitzakia gutxirako tarterik uzten ez dutenak; Luigi Anselmiren Lagunaren heriotza, edo 2008ko abendu urrun hartan Laboaren omenez idatzitako Sekulabelardiko kantaria hunkigarria. «Tradizioa ez dena plagioa da» esaldi probokatzailearekin aurkeztu zuen, azkenik, Otxandion jasotako Mendi altuan: «Larrosea ta krabelinea/ diferenteak kolorez:/ amak alaba agindu arren / aitak egin lei emon ez, / biok kontentu izanez gero/ bitartekorik emon ez» libertarioa. Gure omenez ibili zen Ruper, ez bere omenez, are gutxiago beren buruari saria emateko sariak banatzen iaioak diren agintarienez, eta intimitatetik abiatuta, bertakoen ereserki bilakatutako Zaindu maite duzun hori edo Bizitza eder denean beteak ere eskaini zizkigun. Lortu zuen esku artean erretzeko gai den saria gure esku epel uztea. Nahi gabe ere nabarmen utziz emailearen dorpezia; berez duen manerengatik gertatu zen horrela.
Ahaztuak ditugu dagoeneko gehienok Baztan mitikoa eta joan den mendeko liskarrak. Zalantzazkoagoa bada gaindituak ditugunik ere —zer ote gainditu beharrekoa?— Erantzunik gabeko galderei erantzuten saiatuz igo zitzaigun Ruper oholtzara orain dela zenbait hamarkada. Gazteagoa dugu orain. Izan dadila urte askoan!
IRITZIA
Ruper Ordorika izan zen gizona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu