Angel Erro.
JIRA

Kontramanifa

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Beste garai batean ekainaren 2an Iruñean euskararen (inposizioaren) kontra deitutako manifestazioari aurre egiteko modu ezusteko, irudimentsu, xelebreren bat proposatuko nukeen. Esaterako, manifestazioaren ibilbideko pisu handiren bat alokatu eta errezelen atzean ezkutaturiko bafle edo bozgorailu handi batzuetatik Qué viva España eta antzeko kantak joaraziko nituen, jendeak antolakuntzakoek jarria dela sinetsarazita, eta nire ustez, argi dauden desatxikimendu mekanismoak abiarazita, batez ere aurten txistorraren nabarmenkeria gisakoak eragotziko baitituzte.

Orain, berriz, kontramanifestazio errazak, batere sofistikaziorik edo distirarik gabeak eta, nahi baduzue, aspergarriak dira bururatzen zaizkidanak, hemen agertzeak lotsa pixka bat ere ematen didatenak: hitz egin dezagun euskaraz, geure artean; euskarazko liburuak atera ditzagun kalera eta irakur; mahaien gainean pausa ditzagun, inoiz sartu ez garen eta egunkari bakarra (bai, horixe) duten taberna eta kafetegietan. Euskaraz aritzeko eskubidea aldarrikatu bai, baina gero kalean euskaraz «agur» beste hitzik aditzen ez dela esan duen diputatuari arrazoia kentzea (geure buruari aitortu nahi diogun baino egiagoa dena) kontramanifarik eraginkorrena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.