Japonian faloak ateratzen dituzte prozesioan. Argazkietan eta, sakonago, Callejeros Viajeros telebistako saioan ikusi dut; horiexek dira nire iturriak. Ohitura japoniarra azaltzen ari zen espainiar etorkinak behin eta berriz Aste Santuko prozesioekin parekatzen zuen, alde bakar batekin, zioen, santu edo ama birjinen ordez, neurri handiko zakil zutituak ateratzen dituztela. Inork ez zuen espanturik egiten.
Sevillan Alu Guztiz Santu eta Intsumisoaren prozesioa egiten dute, Andredena Mariaren antza izan dezakeen alu erraldoi bat andetan eramanda. Antz horri helduta, Abel Azconari ere salaketa jarri dion abokatu kristauen elkarte berberak alua prozesioan eraman duten feministak salatu eta, oraindik harrigarriena, epaile batek deklaratzera deitu ditu. Ezusterik ez, birjina itxurako alua horrekin sentimendu erlijiosoei erasotzeagatik.
Argitu beharko zitzaien abokatu kristauei, aluak Ama Birjina baino lehenago daudela munduan (izan ere, Nazareteko Mariak bazuen bat) eta daukaten forma daukatela, eta beharbada hobe luketela Historian zehar Ama Birjina irudikatu duten eskultoreak eta margolariak salatu balituzte, Jainkoaren ama mandorla baten barruan eta tunikaren hainbeste toles anbiguorekin irudikatzeagatik.
JIRA
Alua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu