Biloba baten bost hatz kontatzen ari nintzela banan-bana, txorro, morro, piko, tailo, ke, imajinazio etnografikoa ere jostari hasi da erle bat bailitzan ume-kantuko lore batetik bestera: txorro hori txordo balitz (mahats alea), morro hori mordo, demagun piko aizkora-kolpea dela, tailo hori bada mahats-aihen lehortua sutarako, aihen-metaren sutan gora doan kea balu bukaera mikro-ipuin labur estilizatuak...
Hainbat txakolin-lurretan bizi-bizi dago txordoketa hitza: mahats-biltze nagusia aurrera, umeek biltzen zituzten jaso gabe gelditutako txordo-mordoak, normalean hosto artean ezkutatuak. Hortik, bada, ume-jolasari buruzko nire dibagazioa, agian oso urruti ez dabilena haur-leloaren jatorrizko zentzutik. Eta burutik pasatu zait txordoketan ibiltzen direla euskara-zuzentzaileak ere, guk atzean utzitako huts, hanka-sartze eta hiztripuak bildu eta zuzendu ondoren, haien abarrekin su egiten.
Kearen neurrikoa izan ohi gure baldarkeria.
HITZ BESTE
Txordoketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu