Etorkizuna altxatzen

Lau urte geroago emakumezkoen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa berriz jokatuko da gaur, Aian. Estitxu Almandoz Maia eta Idoia Etxeberria Ikutza ariko dira nor gehiago. Kirol lehia baino gehiago da, jarduera berpizteko saioa.

Estitxu Almandoz eta Idoia Etxeberria, Andoaingo Martin Ugaldeko kultur parkeko lorategiko estatuari bultza egiten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Andoain
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Aian (Gipuzkoa) elkarri emango diote eskua gaur. BERRIAko argazkilariak behartu dituen bezala, eta, ondo bidean, ez da izango indarrak neurtuko dituzten azken aldia. «Guk uzten badugu, akabo. Txapelketa gabeko urte hauek oharkabean pasatu dira. Gustura ibili naiz markak-eta jartzen, baina txapelketa jokatu izan balitz, agian, beste egoera bat zatekeen», azaldu du, zintzo, Idoia Etxeberria. Zazpi urte zaharragoa, Estitxu Almandoz pausatuago mintzo da: «Uste dut erakustaldi aldetik nabarituko dela, bi izanda... Baina zaila da jende berria animatzea». Gazteak haria hartu du. «Erakustaldietako deitu izan nauten gehienetangaldetu izan didaten, 'Eta beste bat?'. Ea orain plaza gehiago egin, eta gu ikusiz emakume gehiago animatzen diren».

Euskadiko Txapelketa jokatuko dute gaur, eta elkar ezagutzen duten arren, inoiz ez dute topo egin plazan. Tira, giza probatan bai, taldeka, eta ordukoan Almandozek irabazi zuen. Lau urte dira emakumezkoen harri-jasotze txapelketa ez dela jokatzen, eta berriz desager ez dadila da helburua. Txapelketa berpizteko kimua maiatzean irten zen, Almandoz lehiatzeko prest baitzen. «Baiezkoa eman eta gero, buruari buelta batzuk eman nizkion, baina ez naiz damutu. Polita da, baina baditut nerbio batzuk...»

Bere entrenamendu multzoan dagoen epaileak federazioari jakinarazi zion. Etxeberriarekin jarri ziren harremanetan, eta haren baiezkoak kimua loratu zuen. «Asko poztu nintzen. Harria utzita nengoen, eta itzultzeko aukera ona zen». Etxeberria izan zen txapeldun 2010ean, eta hark ditu markarik onenak. 150 kilo altxatutakoa da. Duela urtebete, baina, kolpe latza hartu zuen, Joxeramon Unanue prestatzailea hil egin zen. «Kolpe gogorra izan zen, dena utzi nuen zortzi hilabetez: harria, entrenamendua... Ez nuen ezer jakin nahi. Hura gabe ez nuen nahi», hartu du gogoan. Txapelketarako deiak, baina, suspertu egin zuen: «Hark ere nahiko zuen nik parte hartzea», eta Imanol anaiarekin hasi zen entrenatzen. «Zorrotza da», dio. Etxean entrenatzen da, aitona lekuko bakar gisa. Astean bitan harriarekin, eta besteetan, gimnasioan.

Almandoz, berriz, txingetatik dator. Aurten, esaterako, Nafarroako txapeldunorde izan da. Mugairen (Nafarroa) entrenatzen da, besteak beste, Unai Bertiz harri-jasotzailearekin eta Nafarroako hainbat herri kirolarekin. Harro dio hamasei bat direla —Aian egongo dira gaur— eta erdia emakumeak: txingekin, arpanarekin... «Duela hiru urte probatu nuen harria. Hasieran, gogorra egin zitzaidan, dena zen beltza.Denbora behar izan nuen gozatzen hasteko. Baina apurka hobera zoazela ikusi, eta harrapatu egiten zaitu. Hamar bat erakustaldi egin ditut azken bi urteetan». Saio bat egiten du astean, baina txapelketara gerturatu ahala bira igo du.

Aurten, oihartzun txiki

Almandozek ikusi du Etxeberria lanean, eta ez du ezkutatu «errespetua» ematen diola aurkariak. «Plaza ezagutzen du, txapelketan esperientzia gehiago du, teknika... Horrek asko egiten du. Baina, tira, lan ona egiten saiatuko naiz». Gazteagoa den arren, Etxeberriak eskarmentu handiagoa du, eta, bide batez, aurreko txapelketekin alderatzeko ezagutza ere bai. «Aurrekoak oihartzun handiagoa izan zuen. Hedabideetatik eta asko deitu gintuzten. Bi segidan izan ziren, emakumeen berritasuna... Aurten, berriz, zarata oso txikia egon da. Dena den, nik uste dut Jende pixka bat elkartuko dela Aian. Herri kirolerakoafizio handia duen taldea da».

Duela lau urte, emakumezkoen harri-jasotzean garai polita bizi izan zuen. Marijose Sardon, Miren Urkiola eta Idoia Etxeberria zebiltzan. Sardonek utzi egin zuen lehenbizi, eta, gero, Urkiolak eta Etxeberriak jarraitu zuten. Urkiolak, baina, min hartuta, erretiroa hartu behar izan zuen. Etxeberria bakarrik gelditu zen. «Hirutik batera, ia kolpetik. Jendeak ez zekien, 'duela lau urte izan ziren txapeldun?', galdetu izan didate. Nik utzi izan banu, beste bat azaldu arte... Ea orain etorkizuna duen, eta txapelketarekin berriz ere pixka bat indartzen den».

Loraldia bukatu zen arren, arrasto ona utzi zuen, emakumeak harri-altxatzen ikustera ohitu baitzen zalea. Almandozek dioenez, babesa sentitu du. «Jendeak galdetzen du: Nolatan hasiko zara harriarekin? Bada, gustatzen zaidalako! Oro har, hitz positibo eta animoak jaso izan ditut». Etxeberriak umorea gehitu dio. «Niri uzteko esaten didan bakarra ama da, une txarrak eta onak ezagutzen dituelako, kar-kar... Mina-eta dudanean, han dago. Nik ez dut neure burua berezi ikusi harria altxatzeagatik, eta, baten bati ez bazaio gustatzen, ez dezala begiratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.