Auritz, duela ia bi mila urte

Aranzadi zientzia elkarteak beste indusketa bat egin du aurten, eta erromatarren garaiko herriaren aztarna berriak azaldu dira: bi eraikinen egiturak, bat harrizkoa. 

Goialdean, erromatar bidearen zatia, eta, eskuinean, harrizko egitura duen eraikina. Hainbat zoru geruza agertu dira. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Auritz
2017ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Pirinioen magalean, Auritz eta Aurizberri arteko eremuan, zelai zabal eta lasai bat dago, paregabea osteratxoa egiteko. Haatik, lurrak azpian sekretuak gordetzen ditu. 2012tik, Aranzadi zientzia elkartea ikerketa arkeologikoa egiten dabil, eta uda honetako indusketek emaitza berriak eman dituzte. Lurra ireki, eta 280 metro koadroko eremuan erromatarren garaiko sei metroko zabalerako galtzada ageri da. Alde batera zein bestera, bi eraikinen arrastoak daude: bata arruntagoa, bestea harrizkoa. Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak aztarnak interpretatu ditu: «Azkenean, gaur egungo Auritz ikustea bezala da. Egun, errepideak egituratzen du herria, etxeak daude bi aldeetan, eta batetik bestera karrika bat edo eremu libre bat dago». Diferentziak diferentzia, erromatarren garaian ere antzera egituratzen zen orduko herria.

Haatik, ez zen Auritz deitzen, jakina. «Ezin dugu erabat ziurtatu zein litzatekeen haren izena, baina badira izen batzuk: Summum Pirineum eta Iturissa», kontatu du Mendizabalek. Historialari garaikideen hipotesia izan da Iturissa izan daitekeela. Izan ere, Ptolomeok eta Estrabonek idatzi zuten Pompaelo (Iruñea) eta Ibañeta artean baskoien lurraldean Iturissa izeneko hiri bat zegoela. Hala ere, zalantza geografiko ugari egon dira kokapenari buruz. III. mendeko Antoninoren Ibilbidea agiri klasikoak bide nagusietako geltokien arteko distantziak eman zituen: Pompaelotik Burdigalara (Iruñetik Bordelera) doan bidean Iturissa izeneko aterpea Iruñetik 32,5 kilometro ingurura egon behar lukeela zioen. Datuok ez datoz bat Aurizko eremuarekin.

Ikerketaren abiapuntua

2011n, Aurizberritik gertu hiru miliario topatu zituzten, III. eta IV. mendeetakoak. Egungo errepideetan kilometroa adierazteko jartzen diren kartelen antzera, miliak adierazten zituzten harritzar horiek, eta haien presentziak Pirinioak zeharkatzen zituen galtzada bat zegoela adierazten zuen. Handik gertu egonleku bat egon zitekeela jakinik, eta Iturissaren kokapenari buruzko tesiak ezaguturik, Aranzadik lau zundaketa txiki egin zituen Aurizko landa zabal horretan 2012ko udan. Hura izan zen ikerketaren abiapuntua.

Ordu hartan lurrean egindako zuloetako batean, harrizko egitura sendo bat agertu zen. Egitura hori ezaguturik, indusketa zabaldu dute aurten, eta 280 metro koadroko azalerako ebakuntza egin diote inguruko lurrari.

Harrizko egitura horretan eraikin garrantzitsu bat zegoen. «Nahiko konplexua da, zoru desberdinak agertzen direlako aldi desberdinetan. Garai bakoitzean, gainera, materialak berrerabili eta banatu egin dira beharren arabera», dio Mendizabalek. «Jatorrian maila batean zegoen, baina gero berdindu egin zuten, beste zoru bat bota zioten, berriro berrerabili... Geruza ugariko hostopil baten modukoa da», gaineratu du, konplexutasuna azaldu nahirik.

Horregatik, ezin dute zehaztu aldi bakoitzean zein funtzio izan zituen eraikinak. Geruza bakoitza xehetasunez ikertu arte, ezingo dute ez epea ez bere funtzioa ondorioztatu. Dena den, harrizko egitura izateak bai aditzera ematen die garrantzia bazuela: inguruko kareharri eta hareharriekin eraikia izateaz gain, harriak landuta zeuden, eta morteroarekin lotu zituzten. Ikerlarien ustea da eraikina garaiko eraikin publiko bat izan zitekeela, edo pertsonaia garrantzitsu baten etxea izan. I. mendeko eta III. mendeko txanponak agertu dira arrastoen artean, baina horrek soilik ezin dezake frogatu epe horietakoa dela.

Galtzadaren beste aldean, eraikin xumeago baten arrastoak agertu dira. Etxe gehienen tankeran, egurrez edo «beste materia galkor batez» eginda zegoela uste dute. «Barruan ikatzez betetako zorua aurkitu dugu, eta horrek adierazten digu produkzio gune bat zela. Zehatzago, metal ekoizpena», dio Mendizabalek. Izan ere, inguruan metal hondakinak agertu dira, eta, susmatzen dutenez, labe bat zegoen bertan. Horrez gain, hiruzpalau harlauza topatu dituzte elkarren ondoan.

Done Jakueren aitzindaria

Eraikinen artean bidea ageri da. «Pirinioak zeharkatzeko galtzadarik zaharrena da, Donejakue bidearen aitzindaria», nabarmendu du, bere aldetik, Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleonek. Galtzada erromatar horren ibilbidea ikertzen dihardu aspaldidanik Aranzadik. «Duela 1.900 urte ezagutzen dugu, eta Orreaga bera existitu aurretik pasabidea zeharkatu duten mugimendu historikoen berri emango digu».

Hain justu, bidea herriaren ardatza zen. I. mendeko Trajano enperadorearen txanponak eta V. mende bitartekoak agertu dira, eta horregatik, uste dute bitarte horretan iraun zuela, eta aldi batean 4,5 hektareako azalera izatera heldu zela. «Dena den, epe horretan etenaldiak egon zitezkeen suteen ondorioz. Berretsi gabeko hipotesiak dira», aipatu du Juan Martinez Txoperena ikerlariak.

Bertako biztanleen bizimoduaren hamaika arrasto agertu dira: jaten zituzten animalien hezurrak (basurde, behi eta ahuntzak), harrizko eraikinaren teila zatiak, ontziteria zatiak, aire beroa garraiatzen zuten hodi puskak, harilkatzeko tresnak (jostorratzak eta kontrapisuak), adreiluak... Txoperenaren arabera, dekoratutako luxuzko ontziteria egiteko moldeak ere aurkitu dituzte. «Zirkuluak ageri dira, eta apaingarri hispanikoak dira. Galian bestelakoak erabiltzen zituzten». Bere esanetan, oraindik falta zaie topatzea «monumenturen bat».

Aurten 25 ikerlarik parte hartu dute, eta horien artean Londresko Arkeologia Museoko sei teknikari etorri dira. Lehen aldiz Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du. «Interes handiko proiektua da, dena elkartzen da: interes zientifikoa du, hainbat udalek parte hartzen dute, eta behar handiko eremu batean ematen da», azaldu du Carlos Martinez Alaba Ondare Historikoko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.