Jammehek amore eman du, eta Gambian aro politiko berri bat hasi da

Mauritaniako eta Gineako presidenteekin negoziatu du agintaldiaren amaiera. 45.000 pertsonak egin dute ihes Senegalera hilabeteon

ander perez zala
2017ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
«Jakinarazi nahi dizuet [Yayha] Jammehek boterea utzi duela eta herrialdetik joango dela». Gambiako presidente Adama Barrowk eman zuen atzo, Twitter bidez, gambiarrek azken bi hilabeteotan gehien espero zuten albistea: 22 urteren ostean, Jammehek presidente izateari utzi dio.

Atzo eguerdira arteko epea eman zion CEDEAO Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Batasunak Jammehi boterea uzteko, baina arratsaldeko laurak arte atzeratzea eskatu zuen Jammehek. Bitartean, Mauritaniako presidente Mohamed Uld Abdelaziz eta Gineako presidente Alpha Conde herrialdera iritsi ziren, Jammehekin negoziatzeko. Hala, biek atzo gauean lortu zuten Jammehek amore ematea.

Joan den abenduaren 1ean, 22 urteren ondoren, oposizioak bozak irabazi zituen: UDP Alderdi Demokratiko Batuaren presidentegai Barrow nagusitu zitzaion Jammehi, botoen %43,9 eskuratuta. Jammehek botoen %40,4 lortu zituen, eta azaldu zuen porrota onartuko zuela. Gerora iritziz aldatu zen.

CEDEAOren inbasioa

CEDEAOko armadak herenegun sartu ziren Gambian —Nigeria, Ghana, Togo eta Malik osatua—, Senegalen gidaritzapean. Herrialdean sartu baino lehen, NBEk Senegalen testu bat onartu zuen, eta ziurtatu zuen Jammeh boteretik kentzeko helburua duten CEDEAOren ekintzak babestuko zituela. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen babesa jaso zuen atzo Adama Barrow Gambiako presidenteak. Gambiaren Senegalgo enbaxadan, Dakarren, hartu behar izan zuen presidente kargua, herenegun. Gambiako armadari eskatu zion konstituzioa eta bere kargua errespeta zitzala, eta hori egin zuten. Ousman Badjie armadako jeneralak zin egin du ez zirela borrokatuko atzerriko indarren aurka: «Ongietorria emango diegu». Badjie bera Banjul hiriburuko kaleetara atera zen beste hainbat gambiarrekin, Barrowen izendapena ospatzeko, Efe berri agentziaren arabera.

UNCHR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, gutxienez 45.000 pertsonak egin dute ihes Gambiatik Senegalera urtea hasi denetik, ziurgabetasun politikoaren ondorioz. Gehienak emakumeak eta haurrak dira.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.