Gerraren mehatxua ez da sekula gehiegi urrundu Hego Sudandik. Orain bost urte eskuratu zuen burujabetza Afrikako herrialdeak, baina independentziak ez du esperotako egonkortasuna ekarri. Bi urte eta erdiko gerra zibila amaitu zuen bake ituna sinatu zuten apirilean, eta herrialdeko bi etnia nagusietako buruzagiek osatu zuten gobernua. Baina egoera lehengora itzultzeko bidean da: bosgarren egunez borrokak egon dira Salva Kiir presidentearen eta Riek Machar presidenteordearen indarren artean. Atzo liskar gogorrak izan ziren Juba hiriburuan; NBEren arabera, dagoeneko 10.000 pertsonak ihes egin dute hiritik. Tankeak hedatu dituzte kaleetan, eta aire erasoak egin.
Indarkeriak eztanda egin zuenetik 300 pertsona inguru hil dira, nahiz eta kopuru ofizialik ez duten helarazi. Nazioarteko eragileen bakera deiei entzungor egin diete bi aldeek; NBEko Segurtasun Kontseiluak borrokak eteteko agindu du, baina gogortu egin dira. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak kontseiluari eskatu dio armen bahimendua ezartzeko herrialdeari, eta gerra sustatu duten agintariak ekonomikoki zigortzeko.
NBEren misioak Juban duen basearen ondoan izan dira liskarretako batzuk. Hain zuzen, ehunka zibilek jo dute base horietara aterpe eske. Herenegun arma astunekin jo zuten basea, eta,Xinhua Txinako albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez, herrialde horretako bi kasko urdin hil zituzten.
Lekukoek Reuters agentziari kontatu diotenez, bi helikopterok Macharren egoitza nagusiari eraso egin diote. BBCko berriemailearen arabera, artilleria hotsak eta tiroketak entzun dira hiri osoan. Halere, komunikazioak zailak dira Hego Sudanen, eta nahasgarria da askotan bi aldeetatik tantaka iristen den informazioa.
Kiir presidenteak erasoak gelditzeko eskatu du, Informazio ministroak esan duenez. Tropak euren kasa etxeak arpilatu dituztela salatu dute lekukoek. «Baimenik jaso gabe haren arma hartzen duen edozein soldadu atxilotua eta zigortua izango da», jakinarazi du gobernuko bozeramaileak.
Macharrek presidenteari leporatu dio bere egoitza bonbardatzea. «Horrek erakusten digu gure gobernukideari [Kiirri] ez zaiola bakea interesatzen», adierazi du presidenteordeak Twitter sare sozialean. «Lasaitasuna eskatu nahi dut liskarren gainetik.Inork ez lituzke legeak bere egin behar herrialdea ezegonkortzeko».
Aspaldiko etsaiak
Ez dago argi zein izan zen borrokak piztu zituen txinparta, baina, itxura guztien arabera, erabakigarria izan da bi aldeen arteko konfiantzarik eza. Bakea sinatu arren, bi agintarien arteko tentsioa ez da baretu. Machar Jubara itzuli zen apirilean, baina 1.300 soldadu eraman zituen harekin batera segurtasun modura. Bake itunaren arabera, Kiir presidentearen indarrekin batera hasi behar zuten patruila lanetan, baina bi aldeen arteko ezinikusiak akordioa bete gabe utzi du.
BBC telebistaren arabera, kontrol postu bateko desadostasunak tarteko tiroketa bat izan zen ostegunean, eta bost soldadu hil ziren. Liskarrak azkar zabaldu eta gogortu dira ostiraletik aurrera.
Gerra zibila berpizteko kezka handiak dira, antzeko egoera baten ostean hedatu baitzen gatazka herrialde osora 2013ko abenduan. Gerra zibilean dozenaka milaka pertsona hil zituzten, eta beste 2,5 milioi pertsonak etxea utzi behar izan zuten, borroketatik ihesi. Giza krisi izugarria eragin zuen gerrak; elikagaien faltan egon dira 11 milioi biztanleen erdiak.
Herrialdeko bi etnia nagusiak etsaiak dira, eta elkarren artean borrokatu zuten gerra zibila. 60 etnia inguru dira Hego Sudanen, baina dinkak dira gehiengoak, hiru milioi inguru. Kiir presidentea dinka da. Bestalde, nuerrak dira bigarren etnia, bi milioi inguru. Machar presidenteordea etnia horretakoa da.
Aspaldiko etsaiak dira Kiir eta Machar, bai politikan, bai eta gudu zelaian ere. Iazko abuztuan bake akordioa egin zuten nazioarteak bultzatuta, baina hilabeteak eman zituzten xehetasun guztiak adosteko. Adituen arabera, apirilean sinatutako dokumentuak hutsune asko ditu, borrokalariak desmobilizatu eta armadara batzeko zailtasunak handiak izan baitira.
Botere lehia eta interes ekonomikoak dira gatazka iturri nagusiak. Afrikako petrolio baliabide aberatsenetakoak ditu Hego Sudanek; gobernuaren diru iturri nagusia dira. Baina gerraren eraginez krisi ekonomikoa larria da, eta badira hiru hilabete funtzionarioek soldata jasotzen ez dutela.
Gerra berpiztuko balitz, eragin zuzena edukiko luke inguruko herrialdeetan, are ezegonkorragobihur ditzake eta. Izan ere, Afrika Erdiko Errepublikan gatazka ez da guztiz baretu; Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean hainbat miliziak eta matxino taldek elkar borrokatzen dute; eta Burundiko krisi politikoak indarkerian hondoratu du herrialdea.
Gerra zibilaren mamua astindu dute Hego Sudango borroka gogorrek
Presidentearen eta presidenteordearen indarren arteko liskarrak izan dira bosgarren egunez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu