Itxaropena, zalantzek belztuta
Ukrainan borroka gogorrak izan dira su-etena indarrean sartu bezperan.Minskeko bultzatzaileek ohartarazi dute «akordioa hauskorra» dela.Matxinoek are gehiago estutu dute Debaltseveko setioa.
Herenegun hitzartutako akordioak irailean sinatutakoaren bide berberari jarraituko ote dion, horra Minskeko biharamunak utzitako zalantzarik handiena. Baikortasunez, baina, aldi berean, zuhur; horrela erreakzionatu dute bake bilkuran parte hartutako agintariek. Ukrainako presidente Petro Poroxenkoren hitzek erakusten dute bake akordioa onartu duten aldeen arteko konfiantzarik eza: «Ez dut nahi inork itxaropenik egitea. Oraindik asko falta da bakea lortzeko, eta inork ez daki ziur ea bakerako sinatutako baldintzak beteko diren». Su-etena indarrean sartzeko ordu eskas batzuk falta direla —gaur gauerdian eten beharko lirateke borrokak—, artilleriak ez du atsedenik hartu. Luhansk eta Donetsk hiriak bonbardatuta, gutxienez hamahiru zibil hil dituzte, eta matxinoek Debaltseve estutzen jarraitu dute, Donetsk eta Luhansk eskualdeen artean.
Bi aldeen arteko tentsioa gori-gori dago, eta horrek ez du lagundu zalantzak uxatzen. Kievek salatu du matxinoek azken erasoaldia hasi dutela Debaltseve hartzeko.«Su-etenaren akordioa mahaiaren gainean edukita, terroristek eta Errusiako tropek Debaltseve eta Mariupol hartzeko agindua jaso dute», azaldu du Piotr Mejed Ukrainako Defentsa ministrordeak.
Izan ere, Lobninovo udalerria hartu dute matxinoek, Debaltseve inguruan, eta are gehiago ito dituzte hiri estrategikoan harrapatuta dauden 6.000 bat soldaduak. Armadak gezurtatu arren hiria bakartuta dagoela, errusiazaleek adierazi dute soldaduak ihesbiderik gabe«izuak jota» daudela.
Armak eta borroka bertan behera uzteko eskatu diete. Gauerdian ezartzekoak diren su-etenari begira, arazotsua izan daiteke egoera. «Ukrainako soldaduak setioa hausten saiatuko dira, baita su-etena indarrean jartzean ere, eta oso arriskutsua izan daiteke», azaldu du Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek.
Azov itsasaldean, Mariupol hiriaren ondoko Xirokinohiria hartu dute bi aldeek jomugan. Ukrainako armadako Azov batailoiak azaldu duenez, borroka gogorrak izan dira bertan. Armadak jakinarazi du zortzi militar hil dituztela guztira borroketan.
Zibilak bonbardatu
Berriz ere, zibilek sufritu dituzte gehien bonbenondorioak. Matxinoek salatu dute gutxienez hamahiru zibil hil dituela armadak, artilleriak jota. Hiru haur, Donetsk hiriburuko haurtzaindegi bat bonbardatzean. Luhansk hiriburuan, berriz, misilek kafetegi bat jotzean, gutxienez beste hiru zibil hil dituzte.
Minsken sinatutako akordiotik bosgarren puntuak eragin du eztabaida gehien, amnistiaren ingurukoak. Donetskeko eta Luhanskeko gatazketan parte hartu duten guztientzat onartu dute amnistia orokorra. Halere, Pavel Klimkin Ukrainako Atzerri ministroak argitu du matxinoen buruzagientzat ez dela «barkamenik» izango. «Giza krimenetan parte hartu dutenentzat ez da amnistiarik egongo. Puntu hori argi utzi genuen negoziazioetan». Herbehereetako Gobernuak berak hitz egin du Minskeko akordioaren puntu horren inguruan. «Kievek bermatu du Malaysian Airlines konpainiako hegazkina eraitsi zutenak ez direla zigor gabe geratuko», azaldu du Mark Rutte lehen ministroak.
Andrei Purgin Donetsk Herri Errepublikako Parlamentuko presidentearen ustetan, Klimkinen hitzek frogatzen dute Kievuzkur dela akordioa betetzeko. «Esan dute ez dutela amnistiaren legea onartuko». Donetsk albiste agentziari eginiko adierazpenetan, herritarrak bahitzea leporatu dio Kievi. «Sorgin ehiza da; dozenaka milaka auzi irekita, milaka lagun ziegetan».
Minsken borrokak etetea hitzartu arren, oraindik urruti dago Ukraina ekialdeko gatazkaren irtenbide politikoa. Akordioaren arabera, negoziazioak hasi beharko lituzkete matxinoek eta Ukrainako Gobernuak, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken estatusa erabakitzeko.
Baina urriak dira amore emateko keinuak. Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak CNN kateari azaldu dio bakerako baldintza nagusia dela Errusiarekiko muga kontrolatzea. «Ez dugu adostuko Ukrainaren subiranotasuna jokoan jarriko lukeen ezer».
Gatazkako bi aldeen arteko amildegi sakona ikusita, Minskeko bake elkarrizketen sustatzaileak ez dira sobera baikor azaldu. «Akordioa hor dago, eta bada itxaropena. Baina oso hauskorra da», azaldu du François Hollande Frantziako presidenteak. Akordioa bete ezean, EB Europako Batasunak iragarri du zigor gehiago jarriko dizkiola Errusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu