Aralarrek 2002ko ekainean egin zuen alderdia eratzeko kongresua, baina lehenago bazen ezker abertzaleko «iritzi korronte» gisa, eta, hala, jendaurrean argitaratutako lehen idatzia 2000ko maiatzaren 21ekoa da. Iñaki Aldekoa, Sagrario Aleman, Jose Ramon Amoros, Iosu Gulina, Victorio Lizarraga, Xabier Martinez Alaba, Pablo Muñoz, Pedro Romero eta Patxi Zabaletak izenpetu zuten, eta ezker abertzaleko Batasuna prozesuan parte hartzeko prest agertu ziren. Ordurako, baina, ildo ofizialarekiko bazituzten desadostasunak. Soilik bide politikoak erabiliz, ezker abertzalea «birsortu» nahi zutela zioten haiek 2000ko idatzian. Bi urtera eratu zen Aralar alderdi bezala, Batasunetik aparte.
Orain, ezker abertzaleko «bi sentsibilitateen» arteko bat egiteaz gogoetatzen ari dira Aralarreko zenbait kide esanguratsu, eta alderdiak gaur hasiko duen ohiko biltzarrean ere aterako dira halako ideiak, EH Bilduren egituratzea ez ezik. «Uste dugu patu normalena ezker abertzalearen batasuna dela», esan zuen joan den abuztuan Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, eta gogoratu izan du bere alderdiak 2011ko kongresuko txostenean idatzia zuela «batzuek ofiziala deitzen dioten ezker abertzalearekin bat egiteko nahia». Aldekoa ere horren alde dago, BERRIAri adierazi dionez: «Gaur egun badago aukerarik eta heldutasunik Sortu eta Aralar batasunari begira hizketan hasteko».
Aldekoak dio Aralarrek «software politikoa libre» jarri zuela sortze garaian. «Hiru oinarri finkatu genituen. Batetik, ezker abertzale politiko, zibil eta demokratikoa nahi genuela esan genuen, eta horretarako ETAk borroka armatua erabat utzi behar zuela. Bigarrenik, Euskal Herriaren eraikuntzarako bertako hiru erabakitze esparruak, hiru eremu administratiboak errespetatu behar direla genioen: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Eta hirugarren ideia zen ezker abertzaleak barne egitura demokratikoak behar dituela: kongresuak, afiliatuak... Ez dugu esan nahi arrazoia gurea izan denik, baina gaur egun Sortuk hiru oinarri haiek bereganatuak ditu. Aralar ez denez aldatu, badaude baldintzak bien arteko bat egiteari buruz harremanak hasteko. Eta garrantzitsua litzateke berehala ekitea».
Izan ere, hark azpimarratzen du Aralar ez zela sortu ezker abertzaleko «beste» alderdi bat izateko, ez zuela «bokazio» hori. Aipatutako bat egitera urratsak egiten badira, «bizpahiru urte barru Aralarrek ez luke alderdi gisa egon beharko».
Aldekoa, funtsean, bat dator alderdiaren zuzendaritzak VI. biltzarrerako osatu duen txosten politikoarekin. Dena dela, uste du «gauzak gehiago sakondu eta zehaztu» beharko lituzketela. Jakinarazi du gehitze zuzenketa bat prestatu duela. «Betiere ezker abertzalearen batasunaren ikuspegia izanda, zehazten hasi beharra dago zer bide jorratuko dugun horretarako, zer eredu, noizko... Aralarrek lortu du nahi zuen hura: gaurko egoera politiko, estrategiko eta antolatzailera iristea ezker abertzalea. Azkartu dezagun bat egitearen bidea».
EH Bilduren geroarekin lotzen du gogoeta Aldekoak (Zornotza, Bizkaia, 1940). Lehen azalpen gisa, 1978ra doa, HB sortu zen garaira. Hura izan zen sortzaileetako bat —90eko hamarkada hasiera arte Mahai Nazionalean egon zen—. «HB lau alderdiren arteko erakunde bat zen: HASI, LAIA, ANV eta ESBk osatutakoa [ESB ordezkatuz sartu zen Aldekoa]. Baina herrietako batzar batzuen bidez-eta HBk lortu zuen herritar batasuna izatea. Horra jo behar da, parte hartzera eta pluraltasunera. Badakit EH Bilduko alderdiak hori esaten ari direla, lau alderdiz osatutako koalizio bat izatea aski ez dela diotela, eta ezker subiranistako fronte zabala, irekia eta parte hartzailea eratu behar dela esaten ari direla. Oraingoz, teoria dago; idatzietan-eta motz samar geratu dira».
Herritarren parte hartzea lortzeko, Podemosen egitura du gustuko Aldekoak, «irekia baita». Kasurako, haren arabera, EH Bilduk aurrerantzean hauteskundeetako hautagaiak aukeratzeko zerrenda irekiak beharko lituzke. Patxi Zabaletak ere uste du komeniko litzatekeela horrelako neurriak-eta hartzea.
EH Bilduren zeregina
Besteak beste, EH Bilduren —Sortu, Aralar, EA, Alternatiba— zereginaz eta egituratzeaz ariko dira VI. biltzarrean. Txosten politikoaren proposamenak dakar «ezker abertzaleko antolakuntza berria» beharko lukeela koalizioak.
Aldekoak uste du EH Bilduk «burujabetza» prozesu baterako EAJrekin ere kontatu behar duela, «eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duten Espainiako indarrekin ere bai; Podemosekin, esate baterako». Ondorioz, gizartera eta eragile politikoetara begira harreman ofentsiba bat hastearen alde agertu da.
Batasunerako deiak
Aralarrek gaur hasiko du VI. biltzarra. Besteak beste, ezker abertzale «berriaz» eta haren egituraketaz ariko da. Iñaki Aldekoak beharrezko jotzen du pausoak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu