andoni egana
Plazatik

Plantxa noizko?

2014ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Batzuen batzuek pentsa dezakete garaiak eta mentalitateak izugarri aldatu direla. Garaiak aldatu dira. Eta pentsaerak ere bai segur aski. Onerako gehienetan. Edo hizkuntzaren egokitasuna da aldatu den bakarra? Inozoenak ere sumatzen du zer den garaian garaikoari dagokiona eta zer esan daitekeen eta zer ez aro bakoitzean. Sakonerako aldaketak nekezagoak dira.

Lourdes Alonsori egindako elkarrizketa bat irakurri dut aste honetan. Adiskide batzuekin batera Donostiako Lilatoia abian jarri zutenetarikoa da. Ez zuen hasiera samurra izango emakumeentzako bakarrik zen kirol proba hura antolatzeak. Ez dirudi, baina hogeita lau urte joan dira ordutik. Ibilbide luzea jada. Lourdesek zioen aldatu dela jendearen mentalitatea. Hasierako urte haietan prentsak oso tarte urria eskaintzen ziola Lilatoiari eta, gainera, «gizarte» orrialderen batean eta ez kirolari zegozkionetan. Eta Gipuzkoako Atletismo Federakuntzari ere urteak kosta izan zitzaiola proba hori gainerako kirol proben zerrendan sartzea. Lasterkaldi herrikoietan ere ez zuen nonbait lekurik. Hasiera hartan, entrenatzera kalera irten eta entzun behar izaten zituztenak ez dauzka ahaztuak. «Eta plantxa noizko?», egiten omen zieten oihu, ez dakit euskaraz edo erdaraz. «Baina… nora zoazte?», galdegiten omen zien builaka hain mizto pozoitsurik ez zuen jendeak. Egun, horrelakoak inoren burutan ez direla kabitzen, pentsaezinak direla, adierazten zuen epaitzat.

Ez dakit egokitasunaren zentzua txertatuago dagoen edo mentalitatea bera den aldatu dena. Segur aski bietatik izango da, batak besteari eragiten baitio. Duela berrogei urte oso bestelakoa zen egoera bai emakumezkoentzat eta bai gizonezkoentzat. Emakumeek eskolan egiten zuten kirola, askok bonbatxo definigaitz batzuez uniformaturik, eta heziketaren zamaz, askok nahiago izaten zuen boleibolean ongi pasatu baino azazkalak ez puskatzearren baloiaren ihes ibili. Arrasto behartu horretatik irtetera ausartzen ziren bakanek «akerramoño» ospea itsatsirik eramango zuten. Mutilek kirola egitea ongi ikusia zegoen. Baina adin jakin batera arte, ordu eta egun jakin batzuetan eta egituren barnean. Mutilaroa igarotako «gizona» bazen kirola bere kabuz eta edozein astegunetako edozein ordutan egiten zuena, hizpidea sortzeko lain zen. «Ez dik beste zereginik eukiko horrek!», izaten zen lana sakralizatua zegoen garai hartako mespretxu esamolderik ohikoena. Aitor dezadan, bidenabar, niri oraindik «min» ematen didala begietan, igande arratsaldez (eta igande arratsaldez baino ez zait gertatzen horrelakorik), antolatu gabeko kirolean ari dena ikusteak. Iraganaren zantzuak, barruenean geratzen direnak, nonbait.

Aldatzen ari dira pentsaerak. Jendeak «plantxa noizko?» eta horrelakoak harro esateari utzi dio. Kondarrak, ordea, edo kondarrak baino zerbait gehixeago, beti geratzen dira. Su haienak dira txingar hauek. Herriz herri maiz dabilenak asko entzuteko aukera izaten du, eta behin baino gehiagotan gertatu izan zait herri batera jarritako ordua baino lehen iritsi arren, norbaitek bere eskumuturreko erlojua adieraziz errieta egitea. «Benga! Garaia dek!». Eta hori dioenak, erdi txantxetan erdi serio, badaki ez duela xenofobo klasiko eta gordina izan behar, baina bere territorioa markatzen ari da, «ni hemengoa nauk eta hi ez» laino bat, edo «gu gaituk ordaintzen diagunak eta hi esanekoa» larriagoa. «Zer egiten dik zarauztar batek hemen?» edo «zumaiarrak Zumaiara» esaldi moldeak ere askotan entzun daitezke oraindik herri txikietan. Eta jendeak badaki ez duela homofoboa izan behar, baina diferentziarik nimiñoenak min ematen diela ustekabean azaltzen du askok. «Ze gorro klase dek hori?». «Hori ez dek euskaldunen txapela!». Jendeak badaki ez duela sexista izan behar. Baina behin baino gehiagotan entzun izan nuen bere garaian «neska batek txapela kentzea ere…». Eta ni gustura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.