Nire ustez, Arnaldo maite hori, gure (kalean gaudenon) eginkizunik behinena kartzelan zaudetenok askatzea da, eta atzerri horretatik etxera ekartzea oraindik zigor horren menpe zaudetenok eta, bide batez, nola ez, egoera horren aurrean erakusten duzuen kemen etikoa eta heldutasun politikoa mirespen osoz goraipatzea, benetan heroi mailakoa baita. Egunerokotasunean erakusten den kemen miresgarri hori, noizbehinkako ekintza txalogarrien gainetik dagoela uste dut, zinez; une jakin batzuetan abertzale eta iraultzaile handiak nabarmentzen direneko ekintzak baino areago, alegia.
Hemen, ostera, grisa dirudien zuen eguneroko borroka da heroitasun hori baiesten eta bermatzen duena. Horixe da, hain zuzen, nabarmendu nahi dudana: kartzeletan eta atzerrian zauzkatenek zuen askatasuna bideratzeko keinurik txikiena ere ez dutela egiten, nahiz eta herritarren eskabide zabalak bakearen bidea bermatzekoamnistia orokorra eskatzen duen. Pauso hori eman gabe ez da benetako bakerik izango, horrek esan nahi duen guztiarekin.
Kemen handia behar da, adiskide maiteak, horrelako egoera ernegu eta haserrerik gabe pasatzeko, eta ziur nago, desio dugun bake hori iristen bada, gaur txalotzen dudan zuen indar heroiko horri esker izango dela. Zuen mailan egon edo zuen mailara iritsi nahi genuke eta, ez dudarik izan, ez dugu atsedenik hartuko zuek kalean besarkatzeko aukera izan arte.
Esana dugu lehenago ere honelako arazoak ezin direla di-da batean ebatzi, baina, hori bai, hauteskundeetatik aterako den gobernuari guztiontzako «askatasun sistema» eskatzen diogu, pausoz pauso baina urgentziaz lortu behar dena.
Besarkada anaikorra azken hitz hauekin: izan osasuna eta laster kalean ikusi arte!
Alfonso Sastre
Gutuna
Alfonso Sastrek Arnaldori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu