Rubiken kuboari jira eta bira

Ekitaldi jendetsuan, omenaldia egin diete Josu Muguruza, Jokin Gorostidi eta Txabi Etxebarrietaren senideei. Presoen eta iheslarien senideek, taulara igo, eta guztiak etxeratzeko beharra aldarrikatu dute.

Itziar Aizpuruari, Aitziber Ibaibarriagari eta Elena Bartolomeri aurreskua dantzatzeko unea, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bideo batekin hasi zen atzoko ekitaldi politikoa. Irudi eta musika bidez, ezker abertzaleak urte guztiotan esparru bakoitzean egin duen lana nabarmentzeko metafora gisa Rubiken kuboa erabili zuten. Kubo sinple horrek proposatzen duen jolas konplikatuak ere balio dezake beste metafora bat azaltzeko; euskal gatazkari konponbidea ematea zenbateraino korapilatsua den adierazteko, alegia. Alde horretatik, euskal gatazkaren kuboari jira eta bira ibili ziren atzo ezker abertzaleko kideak Iruñeko ekitaldian.

Kuboaren aldeetako bat, kasu, orain bolo-bolo dabilen errelatoaren auzia da. Hala, ekitaldiaren une hunkigarrietako batean, Agur eta ohore zioen pantailapean, arrosa bana banatu zieten Jokin Gorostidiren alargun Itziar Aizpuruari, Josu Muguruzaren alargun Elena Bartolomeri eta Txabi Etxebarrietaren iloba Aitziber Ibaibarriagari. Omenaldiaren ostean, Aizpuruak hartu zuen hitza, eta azpimarratu zuen «ezker abertzalearen egia» ere beharrezko izango dela etorkizuneko bidean. Hala, estatuaren jazarpenaren biktima izan direnak izan zituen gogoan.

Aizpuruak, hitzaldi horretan bertan, ezker abertzalearen lana eta sufrikarioa azpimarratu zituen. «Merezi izan du», labur bezain esanguratsu batekin laburbildu zuen iraganeko bide hori. Gogoan izan zuen, esate baterako, «frankismoak herri hau behin betiko desagertzea helburu zuen garai ilunean», lozorroan zen abertzaletasuna pizteko gaitasuna izan zutela garai hartako militanteek. «Ukitu folkloriko hutseko abertzaletasuna nahi zutenen aurrean, ezker abertzaleak gizarteko eremu desberdinetan egindako lana goraipatu zuen HBko militante historikoak. «Hamarkada hauetako zerbait azpimarratu behar badugu, Euskal Herriaren etorkizun libreari lur bat eraikitzeko gure ahalegina da», adierazi zuen. «Ez duzue guk bezalaxe bide beltzik jarraituko, ikusiko», gaineratu zien gero belaunaldi gazteei.

Gatazkaren kuboaren beste aldeetako bat presoen inguruko auzia da. Hala, atzoko ekitaldian preso eta iheslarien senideak taula gainera igo ziren ekitaldiaren amaiera aldera, Presoak eta iheslariak etxera zioen pankarta bati helduz. Bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten, eta ekitaldiaren beste une hunkigarrietako bat izan zen, jendeak zutik ikusi zuelako aurreskua, eta txalo zaparrada batekin hartu zituztelako preso eta iheslarien senideak, «euskal presoak etxera» oihukatzen zuten bitartean.

Kuboaren beste aldeetako bat auzi politikoa litzateke, eta etorkizuneko erronken eta estrategiaren nondik norakoak azaltzea Rufi Etxeberriari eta Itziar Lopategiri egokitu zitzaien. Lopategik, kasu, gogora ekarri zuen helburu politiko nagusia independentzia izateaz gain sozialismoa ere badela, eta arlo sozioekonomikoan zein beste hainbat esparrutan —euskara, feminismoa, lan mundua, ingurumena— zeregin asko dagoela egiteko.

Ekitaldian, ezker abertzaleko militante esanguratsuak izan ziren, hala nola Pernando Barrena, Tasio Erkizia, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Joseba Permach, Karmelo Landa, Txelui Moreno...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.