Pozteko bezala kezkatzeko motiboak eman ditu, aurten berriz, inkesta soziolinguistikoak. Botila erdi betea ikusi nahi duenak izango ditu argudioak, baina baita botila erdi hutsa dagoela erantzun nahi dionak ere. Eman dezagun botila betea dagoela erdiraino: gora jarraitzen du elebidunen hazkundeak, eta 714.000 dira dagoeneko, 1991n baino 185.00 gehiago; erdaldun hutsak 140.000 gutxiago dira. Botila erdi hutsa ere ikus liteke: horietatik 300.000 hobeto moldatzen dira erdaraz. Botila betea: hogei urtean 2,4 puntu igo da erabilera; %16,1ek erabiltzen du orain. Botila hutsa: herritarren %84k gaztelania du hizkuntza nagusi, edo bakar —hamarretik bederatzi dira Lapurdin eta Nafarroan—. Alde handiak daude herrialdeen artean, eta euskararen erabilerak gora egin duela esate hutsak errealitate batzuk estaltzen ditu: Gipuzkoan %26,6koa da; Nafarroa Beherean eta Zuberoan %10,2koa. Hortik behera daude besteak: Bizkaia (%7,4), Nafarroa (%3,6), eta Araba eta Lapurdi (%1,3).
Botila erdi betea: belaunaldi gazteen artean gero eta handiagoa da euskararen ezagutza; heren bat bakarrik dira erdaldun elebakarrak. Duela hogei urte, 16 eta 24 urte arteko gazteen %24 inguru ziren elebidunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; gaur, %60 dira. Botila erdi hutsa: Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian %20 inguru dira gazte elebidunak, nahiz azken bost urteetan gora egin duen kopuruak. Beste botila erdi huts bat: ezagutza handitzeak ez du berez ekarri euskararen erabilera areagotzea; duela hogei urteko gazteek baino gutxiago erabiltzen dute euskara gaurko gazteek. Gazte elebidun gehienak eskolak edo euskaltegiak euskaldundu ditu, baina inguru erdaldunean bizi dira. Orduan, erdarara jotzen dute; euskararenganako atxikimendua ere, apalagoa dute. Gazteen erdiek aitortu dute hobeto moldatzen direla erdaraz.
Euskararen kale erabileraren neurketak agertu du %13 eta %14 artean «trabatua» dagoela euskararen erabilera. Inkesta soziolinguistikoak beste datu batzuk erantsi ditu: eremu formalean gora egin du —gutxi bada ere oraindik—, eta etxean eta lagunartean, behera.
Datu anabasaren erdian, arreta ematen du Gipuzkoak: gazteen hiru laurdenak elebidunak dira, erabilera orokorra %27tik gertukoa, eta euskararen aurkako jarrera dutenak %5 baino gutxiago. Beste muturrera doaz Lapurdi eta Nafarroa, eta tartean dabiltza Bizkaia eta Araba —Nafarroa Beherean eta Zuberoan, herriak zahartu eta husteari lotuta daude arazo soziolinguistikoak; guztiz bestelakoa da egoera—. Inkestaren emaitzak ikusita, ez dago samurra asmatzen botila Gipuzkoara begira beteko ote den, edo Lapurdira eta Nafarroara begira hustuko ote den.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako partaide Jon Aizpuruak eman zituen gako batzuk atzo, inkesta aurkezteko Miramar jauregian eginiko ekitaldian: gazte euskaldun berriek euskara erabiltzeko baldintzak izan ditzaten, urrats berriak egin beharko dira, eta arreta berezia jarri beharko da familiek euskara eman diezaieten beren seme-alabei. Botila guztiz betetzeko; edo... guztiz ez husteko.
Euskara. V. Inkesta Soziolinguistikoa. Analisia
Bada zer bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu