Historia vs ekonomia subiranotasunari buruzko eztabaidan

Barrenak dio historiak zilegitasuna «indartu» behar duela; Egibarrek uste du ardatza logika ekonomikoa dela

joxerra senar
Etxarri Aranatz
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Maiz aipatzen da proiektu independentista aurrera eramaterakoan horrek zilegitasuna historian edo ikuspuntu ekonomikoan oinarritu behar den. Aurten Nafarroaren bosgarren mendeurrena izaki eta era berean krisi ekonomiko gordina izaki, inoiz baino presenteago dago bataren zein bestearen arteko ezbaia eztabaida politikoan. Etxarri Aranazko eztabaidan, lau solaskide politikoek bakoitzaren ikuspuntua eman dute aditzera.

Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak historiari garrantzia ematearen artean eta «proiektu politiko hutsa garatzearen artean bien arteko oreka bat» bilatu behar dela. Haren esanetan, zilegitasun demokratikoa «indartzeko» bere garrantzia du historiak. «Ez du berez zilegitasunik ematen, baina bai borobiltzen du. Zilegitasuna praktika demokratikotik dator».

Roman Felones PSNko presidenteak bosgarren mendeurrenaren harira, Erdi Aroko historian aditu gisa, gogora ekarri du historia «beti garaileek» idazten dutela eta maiz «eraikuntza nazionalerako arma» gisa erabiltzen dutela Nafarroan UPNk eta abertzaleek. Nafarroako konkistaren harira gogora ekarri duhistorialari guztiak bat etorri direla ondorioztatzerakoan 1512koa «konkista militar bat» izan zela. Baina, era berean, politikan historia «desmitifikatu» egin behar dela deritzo: «XX. mende erdira arte nafar gehienen helburua bizirik irautea zen. Historian, orain gutxira arte erregeenmenpekoak ziren; orain, berriz, herritarrak dira, eta krisiak krisi, bizi proiektu bat gara dezakete».

Joan Tardak, berriz, gogora ekarri du Kataluniako historiaren fatalismo. «Gaztelarekin guda guztiak galdu ditu, eta Kataluniako eguna dolu egun bat da. Historiaren gatibu izatera ahalbidetzen gaituen historia bat dugu», esan du. Dena den, bere ustez, «historiaren zama» gainetik kendu egin behar da, gertaerak abiadura handian doazelako eta ez delako «denborarik galdu behar».

Subiranotasun ekonomikoa

Historian, orain gutxira arte, subiranotasunaren orekak «gerren bitartez» hausten ziren batik bat;gaur egun, berriz, tankeen ordez, «beste mota bateko gerrak» ematen dira, baina era berean herrialdeen subiranotasunari eragiten diote. Iragan urte amaieran, kasu, Italian eta Grezian hauteskunde demokratikorik egin gabe gobernuak aldatu egin ziren. Egibarren ustez, horrek aditzera ematen du benetako subiranotasuna erdiesteko logika ekonomikoa ardatz hartu behar duela proiektu politiko nazional batek. «Independenteak bagina bezala pentsatu eta jokatu behar dugu. Erraza da esatea eta zaila egitea, baina ez badugu pentsatzen ez dugu egingo».

Estu lotuta dago Espainiaren gainbehera ekonomikoarekin. Egibarrek azpimarratu du Espainia «interbenituta» dagoela, eta «barruan» dagoela Hegoaldea. Espainiak eredu ekonomikoak aldatzeko urteak behar dituenez, beste bide eta merkatuak hautatu behar direla iritzi dio. «Espainiak ez du erremediorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.