«Taupada bakoitzaz koloreztatu zuri-beltza. Taupada bakoitzaz irribarre bat». Hala dio Zea Mays musika taldeak Kukutzari buruz duen kantak, eta ederki adierazten du Bilboko Errekalde auzoari bizia emanda auzoko bihotz bihurtu den gaztetxearen esentzia. Milaka taupadak eman zioten atzo arnas kultur sormenerako eta autogestiorako eredu bihurtu den proiektuari. Milaka irribarrek koloreztatu zuten zuri-beltzean geratzeko arriskua duen gunea. Milaka herritarrek esan zuten ez daudela Kukutza gaztetxea eraisten uzteko prest, Bilboko udaletxe ingurua eta kale nagusiak lepo bete zituen manifestazio erraldoi, koloretsu eta bizian.
Handia da Kukutza gaztetxea. 6.300 metro koadro ditu duela urteak fabrika zen eraikinak. Jabeak, droga trafikatzaile handi batek, utzia zuen eraikina, abandonatua. Erabat galtzen ari zela okupatu zuten auzoko gazteek duela 13 urte, eta goitik behera konpondu, txukundu, atondu, eta, batez ere, erabilgarri egin zuten, pixkanaka. Azaleran ez ezik, horrexetan da handia Kukutza. Duen erabilgarritasunean. Dozenaka eta dozenaka ekitaldi egiten dituzte bertan, egunero egunero, ehunka haur, gazte, heldu eta nagusik. Guztientzat dago lekua Kukutzan, eta auzokide askoren artean eskuz esku egindako lanarekin lortu dute zuri-beltzean zegoen auzoari kolorea ematea.
Atzoko manifestazio handia izan zen horren erakusgarri. Haurrek zabaldu zuten manifestazioa, eurek gaztetxean bertan margotutako Kukutza aurrera! zioen pankartari eusten ziotela. Inork ezer esan gabe ekiten zioten oihu egiteari txikiek: «Gaztetxea, gure etxea!», «Hemen gaude Kukutzaren alde!». Ez da harritzekoa. Metro askoko jolaslekua dute auzoan bertoko umeek: akrobaziak egiteko etxea, eskulanak egitekoa. Protagonista beraiek diren zirku ikusgarria ere badute.
Hainbat txirrindulariren ondoren, euskal dantzariek eusten zioten okupazioaren ikur erraldoiari. Atzetik zetozen Kukutzako kideen bertakoen pankarta. Edo, egokiagoa da, seguruenik, Kukutza kudeatzen dutenen pankarta esatea, askoz gehiago baitira Kukutza bere sentitzen duten auzotarrak eta herritarrak. Horregatik haien ikur bihurtu den irudia da honakoa: Errekalde x Kukutza dio, bihotz handi baten erdian. Kukutza III, ikutu bez! zioen pankartak; gaztetxearen defentsarako lelo nagusia da hori.
Adinekoak ziren ondorengo pankarta zekartenak. Errekaldeko auzotarrak. Haiek ere, nagusienek ere, badute lekua Kukutzan eta, besteak beste, euren tailer eta eskulanak egiteko baliatzen dute gunea.
Apargomaz egindako panpina erraldoien ondoren, milaka eta milaka herritarrek segitu zuten martxa. Bilboko kale nagusienak bete zituzten haur, gazte eta nagusiek. Horietako asko Kukutzan aritzen direla ezagun zen. Flamenkoz jantzita zihoazen dantza flamenko ikastaroan parte hartzen dutenak, zirko ibiltaria egin zuten Kukutzako zirkoan aritzen direnek, eta antzerki inprobisatuak egin zituzten antzezleek.
Musika ere ez zen faltatu. Aurreko aldean kamioi batean disko jartzaileek alaitu zuten martxa, dantzariek lagunduta. Atzeko aldean zihoan kamioian, Orkestra taldeak jo zuen. Horrez gain, doinu afrikarrak dantzatu zituzten ikastaroetan parte hartzen dutenek. Perkusio hotsekin oihukatu zuten ozen beste batzuk.
Ekimen horiez gain, balet klasikoa ere ikasten dute Kukutzan, hainbat kirol mota praktikatzen dituzte, eta Euskal Herriko rokodromorik handiena du. Liburutegia ere badu, sormenerako idazkera tailerrak egiten ditu, trukerako gunean elkar trukatzen dituzte arropa, oinetako zein tresnak, eta jantoki begetarianoa ere badu. Hori guztia, besteak beste.
Udaletxetik Errekaldera arteko bide luzea egin, eta 19:45ean iritsi ziren lehen manifestariak plazara. Oreka TX taldeak sarrera egin, herritarrek Kukutzatik ez dira pasako! ozen oihukatu, bertsolariak pare bat bertso bota, eta Kukutzako kide batek hitz laburrak esan zituen: «Alkate jauna, Azkuna, Errekaldetik mezu argia dugu zuretzat. Azkuna, egun on!». Bertaratutakoek behin eta berriz errepikatu zuten: «Azkuna egun on!». Izan ere, gaztetxea eraistearen aurkako protesten aurrean, «egun on ere» esan ez diotenei ez diela lagunduko adierazi zuen alkateak.
70 bat urteko andrazkoak auzoaren historiari errepasoa egin zion. «Instituzioek utzia» izan duten auzoan auzotarrek bere lanarekin lortutakoak goratu zituen. «Kukutza iragana, oraina eta etorkizuna da! Aurrera!», amaitu zuen hitzaldia txalo artean.
Auzo elkarteetako beste ordezkari batek Bilboko Okupazio Mugimendukoak, nazioarteko elkartasuna adieraztera etorritako italiarrak eta Kukutzako kide batek gaztetxearen beharra aldarrikatu zuten, aisialdirako dagoen gune bakarra dela ohartarazita. Lortutakoa defendatzeko eskatu, eta «uda honetan oporrak Kukutzan igarotzeko deia» luzatu zuen bertako kideak. Kontzertuekin jarraitu zuten aldarria gero.
Kukutza gaztetxea. Manifestazioa
Koloretako milaka taupada
Bilboko Kukutza gaztetxea hustearen eta eraistearen aurka manifestazio jendetsu eta alaia egin dute milaka eta milaka herritarrekAurtengo oporrak Kukutzan igarotzeko gonbita egin dute bertako ordezkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu