Lucien Etxezaharreta.
Maratila

Ubu errege

2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez balitz Poloniarik ez litzateke poloniarrik!» Alfred Jarry-ren Ubu errege bereziak hori zioen duela mende bat inguru, antzerki famatu batean. Mundua erotzen ari dela bazter orotan, horra zer entzuten eta ikusten den han eta hemen. Aste honetan, Grezian, telebista eta irrati publikoak gobernuburuak itxi ditu bat-batean, diru gastu publikoen murrizteko! Beste batek sukarraren kentzeko termometroa apurtzea erabaki zuen, sail berdintsua zen.

Garai batean izan ditugun suprefeta buru handi horietarik batek goraki zioen ez zela Euskal Herririk, eta ondorioz, Marc Legasse-k kontrabandozko lurralde batean bizi ginela idazten zuen. Manuel Valls, gure Frantziako lehen flikak, ez du besterik deklaratzen: circulez, il n'y a rien à voir! Ez ote digu plaza publikoetan jarriko, Legasse-k egin zuen bezala, kartel bat non idatziko duen «azken aldiko errepikatzen da euskaldunei onartu behar zaiela komisaria hurbilenaren nazionalitatea». Umore onak asko sendatzen duela jakina da, eta irri egiteak gorputzarentzat bizteka on baten eragina du omen.

Horrela kontsolatzen ahal gara, noizbehinka, barruko haserreak tapatuz. Baina handi-mandi horien diru joko, diru atzerriratze, jukutria eta ustelkeriek, alde batetik, eta langile kanporatuen etsipenak, hainbeste lagunen miseria ikusteak, oldartzearen arrats gorrian garela erakusten dute. Bitartean, tira ta pusaka, kantuz ala irriz, pazientza osoki higatu baino lehen, ez dezagun zalantzarik ukan: Ubu erregeren tronua eroriko da egun batez, asma dezagun bere koroak eginen duen zarata handia lurrera erortzean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.