santi leone
Maratila

'Bertsobluff.eu'

2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
«Oooo! Ostiko eman dio baloiari». «Bai, eta, antza, horrek txalo handia merezi du». Roy eta Moss dira, The IT Crowd telesaileko frikiak. Benetako gizonak bihurtu nahian, futbolzale batzuekin adiskidetu, eta haiekin partida bat ikustera joan dira; horretarako, bluffball.co.uk erabili dute, kirol horretaz mintzatzeko balio duten esaldiak eskaintzen dituen (fikziozko) webgune bat; esperientzia, ordea, ez da espero bezain zirraragarria izan. Baina futbolak hori du txarra: gizona izanik gustuko ez baduzu, zerbait falta duzula sentiaraziko dizute noiz edo noiz; ez zarela a proper man, Mossi eta Royri gertatu bezala.

Niri gizontasunak huts egin zidan egun berean egin zidan huts euskaltasunak ere. Ez bainaiz ez mendizale, ez pilotazale, ez bertsozale. Ez dut deus mendien kontra; bertzerik gabe, iduritzen zait tontorrean ostatu bat dutela falta, goitiraino igateko eginahala justifikatuko lukeen zerbait. Bertsoek ere, oro har, ez naute molestatzen. Bai, ordea, bertsoak euskal herriaren adierazpide egiazkoentzat hartzeko naturaltasun horrek. Eta bai bertsolaritza, bere xumean [sic], euskal kulturaren gailurtzat hartzeko zenbaitek duten joerak.

Ez dakit, bada. Agian, bertsobluff.eu webgunea beharko genuke, nire kastakoak, bertsolaritzaz solasean aritzeko esaldi pare bat ikasita, egun batez bederen tribuan integratuak senti gintezen.

Susmoa dut, halere, azkenean Moss eta Roy ailegatu ziren ondorio berberera ailegatuko nintzatekeela ni ere, eta, pott eginda, hauxe erranen nukeela: «Goazen hemendik; nahiago dut-eta arraroa izan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.