Frankismo garaian kartzelan egon ziren edo erbestera alde egin behar izan zuten 106 pertsonak bat egin dute larunbatean Bilbon egingo den manifestazioarekin. Manifestu baten bidez eman diote atxikimendua euskal presoen eta iheslarien alde egingo den mobilizazioari. Agiria sinatu dutenen artean, 82 euskal herritarrak dira; 34, aldiz, Espainiako Estatuko herrietakoak. Euskal herritarren artean daude, besteak beste, 70eko hamarkadan Burgosko auzian epaituak izan ziren Itziar Aizpurua, Arantza Arruti, Jone Dorronsoro eta Josu Abrisketa. 1972tik 1975era arte kartzelan egon zen Patxi Biskert aktorea.Iñaki Mujikak, Iñaki Orbetak eta Alberto Gabikagogeaskoak ere sinatu dute agiria.
Manifestua sinatu duten Espainiako Estatuko preso ohien artean, berriz, Josep Lluis Carod Rovira Kataluniako politikaria dago. Besteak beste, agiria sinatu dute Toño Ocampok, Doris Benegasek, Acacio Puig Mediavillak eta Natividad Garciak ere.
Manifestuaren sinatzaileek nabarmendu dutenez, haiek ere,gaur egun bezala, «Euskal Herriarentzako askatasun eta justizia egarriz» borrokatu ziren frankismo garaian. Eta, gaur egun,«orduko arrazoi berberengatik daude ehunka euskaldun kartzelan edo erbestean».
«Ateak irekitzen ari dira»
Sinatzaileen arabera, itxaropen garaiak dira egungoak: «Garai politiko berri honetan, ateak irekitzen ari dira Euskal Herriko gatazkari irtenbide politiko demokratikoa eskaintzeko». Hori dela eta, hurrengo belaunaldiek «beren herriarekiko konpromisoaren ondorioz» kartzelan amaitu behar ez izatea espero dute. Frankismo garaian kartzelan edo erbestean egon behar zutenen ustez, «euskal jendarte guztiaren ardura da»orain arteko «errepresioarekin» amaitzea. «Denon artean gauzatu behar dugu indarkeriarik gabeko etorkizuna».
Hori dela eta, manifestuaren bidez babesa eman diote larunbatean Bilbon euskal presoen eskubideen defentsan egingo den ekitaldiari. «Manifestazioarekin bat egiten dugu, euskal preso politikoentzako amnistia eskatzeko eta erbestean bizi diren euskal herritarrak etxeratuak izan daitezen eskatzeko».
Frankismo garaiko preso ohiek babesa eman diote manifestazioari
Manifestuan diotenez, «euskal jendarte osoaren ardura da indarkeriarik gabeko etorkizuna gauzatzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu