Aitziber Blanco. Lokarriko kidea eta Foroaren antolatzaileetako bat

«Zein eragin izango duen? Pauso handia da egitea bera»

Hodei Iruretagoiena
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Lokarriko kidea da Aitziber Blanco. Azkenaldian buru-belarri aritu da Baionako Foroa antolatzeko lanetan.

Urtebete baino gehiago pasa da Aieteko Adierazpena egin zenetik. Zein da Baionako Foroaren helburua?

Forumaren helburua da Iparraldean partekatzea zer izan zen Aieteko Adierazpena. Hori gizarteratzea eta bake prozesuari bultzada emateko han jasotzen diren gaien inguruan hausnarketa ireki, zabal eta anizkuna sortzea, Iparraldeko herritar eta gizarte eragileen artean.

Herritarren partea hartzea bultzatu nahi duzue. Nola egingo da hori, eta zein eragin izan dezake?

Lehenik, garrantzitsua da foroa unibertsitatean egitea. Baionako fakultateko dekanoak parte hartu du, eta unibertsitatea ireki dio foroari. Han egingo dira hausnarketarako mahai inguruak, Aieteko Adierazpena zein testuingurutan egin zen eta zein ondorio ekarri zituen ikusteko. Biltzen dituen gaiak ere garatu nahi dira. Kanpotik adituak ekarriko dira, baina solasaldirako tartea ere izango dute etortzen direnek, eta streamming bidez ere kasu egin ahal izango zaio. Gainera, eragile politikoak ere gonbidatuak daude, eta aukera izango dute euren iritzia emateko eta han esaten direnak entzuteko. Zein eragin izango duen? Nik uste pauso handi bat dela foroa egitea bera.

Esanahi berezia du foroa Iparraldean egiteak?

Noski, Iparraldeko testuingurua ere kontuan hartu behar da. Antolatzaileen artean dago Bake Bidea, gizarte osoan lanean aritu dena: giza eskubideen alde hainbat eragile elkartuz, Aurore Martinen inguruan... Espainiaratu zutenetik oso babes zabala lortu dute. Lan handia dago hor. Bestalde, unibertsitateak ere sartu nahi du bakearekin zerikusia duten gaien inguruko hausnarketan. Azken hilabeteotan Hautetsien Kontseiluak eta Garapen Kontseiluak lortutakoa ere adostasun ariketa handia izan da. Garrantzia du foroa testuinguruan kokatzeak, eta testuinguruak lagungarria dirudi.

Izan liteke testuinguru hori Hegoalderako ispilu?

Bai, Hegoaldean ere aukera badago prozesuari beste bultzada bat emateko; alderdi guztiek berdintasun egoeran har dezakete parte, eta ezin hobea da aukera anitzen artean hitz egiteko. Gainera, ez dago hauteskunderik datozen bi urteetan. Hegoaldean aukera hori orain irekitzen da, eta bide hori egin beharra dago. Iparraldean egin den adostasun ariketa eredugarria da Hegoaldeari begira, dudarik gabe.

Foroaz gain, hausnarketek segida izango dute urtean osoan ere...

Foroarekin, gizarte zibilarentzako eta eragile guztientzako hausnarketa prozesu bat jartzen da abian. Foro honetan landuko dira gai batzuk, baina hortik aurrera ere hausnarketa mahaiak antolatuko dira unibertsitatean, hilero-edo, gai anitzen inguruan: presoak, elkarbizitza, elkarrizketa prozesua... Ikusiko da zein proposamen sortzen diren.

Nola eta zertan parte har dezakeFrantziako Gobernuak?

Ez dakigu inplikatzeko prest dagoen ala ez. Asmoa da foroan sortzen denarekin mugimenduak egiteko proposamenak luzatzea. Dudarik gabe, badaude zenbait gauza Frantziako Gobernuaren esku daudenak, Espainiako Gobernuaren esku dauden bezala: presoekiko pausoak ematea, ETArekin elkarrizketa irekitzea armak uztearen inguruan... Baina hori eurek erabaki beharko dute noiz egin; foroaren helburua da horren inguruan ere proposamenak sortzea eta eraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.