Egin Dezagun Bidea mugimenduak datorren larunbaterako Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira lelopean Bilbon antolatu duen manifestazioak atxikimendu zerrenda luzea jasotzen jarraitzen du. Egunetik egunera gehitzen ari da presoen eskubideen aldeko manifestaziorako deialdia egin duten eragileen zerrenda. Atzo, esate baterako, Aralar eta Abertzaleen Batasuna alderdiek zein CFDT sindikatuak bat egin zuten deialdiarekin.
Aralarren iritzian, ezinbestekoa da «arrazoi politikoko presoen aldarrikapenak aintzat hartzea», bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera egiteko. Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusiak Asun Fernandez de Garaialde Nafarroako koordinatzailearekin batera Iruñean emandako prentsaurrekoan gogora ekarri zuen Gernikako Akordioan ere jasotzen dela presoen eskubideak errespetatzeko aldarrikapena. «Amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin» presoak Euskal Herriratzea eta salbuespen egoeran dauden presoen egoera konpontzea jasotzen da agiri horretan, besteak beste.
Gernikako Akordioa ez ezik Aieteko Bake Konferentzia ere gogoan izan zuen Zabaletak atzo. «Irabazlerik eta galtzailerik gabeko egoera bat» lortzearen alde egin zuten han, Zabaletak gogora ekarri zuzenez, eta, beraz, haren ustez, «euskal presoen aldarrikapenak aintzat hartzeko unea ere bada hau, justiziak berak exijitutako espetxe politika aldatzea aldarrikatzen hasita». Horregatik, hasi berri den urtea presoen eskubide eta aldarrikapenak bultzatzeko urte «garrantzitsu eta erabakigarria» izango dela uste du.
AB Abertzaleen Batasunak ere ohar bat kaleratu zuen herritarrei manifestaziorako deia eginez. Gatazka konpontzeko prozesua «martxan» dela uste du ABk, baina bide asko dagoela egiteko ohartarazi du, «euskal presoen egoeratik hasita». Sakabanaketak sortutako egoerak presoentzat ez ezik haien senitartekoentzat ere «larriak» direla. Sakabanaketa indargabetzea, preso politikoak Euskal Herrira hurbiltzea eta eritasun larriak dituztenak zein zigorrak beteak dituztenak askatzea galdegin du.
Aieteko Bake Konferentziaren eta Baionan Euroaginduen kontra egindako manifestazioaren logika berean larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu du osasun arloko CFDT sindikatuak ere. Haren iritziz, ezin da bakea lortu Aieteko Adierazpenean biltzen ziren bost puntuak bete ezean. Adierazpen horren zutabeetariko bat gizartearen protagonismoa dela nabarmentzen du, bertze bat presoen eskubideak direlarik. Gatazka gainditzeko presoen egoera gainditu behar dela dio sindikatuak.
Aralarrek, ABk eta CFDTk ere Bilbora joateko deia egin dute
Bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera egiteko presoen auzia konpontzea beharrezkoa dela uste dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu