Behartsuenen bizimoduaren isla

Toure ikertzailearen sagako lehen bi nobelak baino «gordinagoa» da Jon Arretxeren 'Hutsaren itzalak'

Jon Arretxek Toure ikertzailea protagonista duela idatzitako hirugarren eleberria da Hutsaren itzalak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Toure ikertzailearen sagako hirugarren eleberria du Jon Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963) Hutsaren itzalak, baina sagen ohiko arriskuari izkin egin nahian idatzi du, nobela berria besterik gabe Toureren sagako «beste nobela bat» izan dadin saihestu nahian. «Oso argi neukan nobela desberdinak izan behar zutela sagako guztiek, eta uste dut beren artean nahiko desberdinak direla orain arte argitaratu ditudanak», adierazi du Arretxek. Lehenengoa, 19 kamera, dokumentalagoa zen, eta Bilboko San Frantzisko auzoa bera zen pertsonaia nagusia. Bigarrena idaztean, 612 euro, umorearen alde egin nuen, pikareskarekin zerikusia daukan umore afrikarraren alde. Hirugarren hau, Hutsaren itzalak —nahiz eta baduen umorerako tarterik, hasieran batez ere—, gogorrena, gordinena eta beltzena da, duda barik; trama landuagoa daukana, eta erritmo handienekoa».

Nahiz eta Toure ikertzaile edo detektibe-igarlea izan Hutsaren itzalak eleberriko pertsonaia nagusia, emakumeek ere «pisu handia» dute, Arretxek azaldu duenez, batez ere Toureren bizitzan garrantzi handia duten lau emakumek: Sira alabak, Sa Kene amoranteak, Mariam emazteak eta Uwa nigeriar prostituta gazteak.

Sira, Toureren alaba, Parisen bizi da, baina Euskal Herrira etortzekoa da, aita bisitatzera eta harekin egun batzuk pasatzera. Hendaian jartzen du hitzordua Sirak, baina hitzordu horretara Tourek Sa Kene amorantea bidaltzen du, bera paperik gabekoa delako. Sira ez da agertzen hitzordura, eta horren inguruko azalpenik ez dute lortzen ez Sa Kenek eta ez Tourek. Bien bitartean, Toureren emaztea, Mariam, Burkina Fason dago, Gorom-Goromen, senarrarekin eta seme-alabekin elkartzeko aukeraren zain. Uwa nigeriar prostituta gazteak, berriz, Toureri laguntza eskatzen dio, ebatsi zioten —edo saldu zuen, ez baitago argi kontua— umea berreskuratzen laguntzeko.

Kritika soziala, «berez»

Traman planteatutako arazoen bitartez, hainbat gai jorratzen ditu nobelak. «Emakume trafikoa nola gauzatzen den ikusten da, zelan etortzen diren milaka emakume gazte Europara, mafiek ekarrita eta antolatuta, eta zer ibilbide gogorra daukaten emakume horiek honaino iristeko. Emakume horietako asko haurdun gelditutakoan abortatzera behartzen zituzten, lehenbailehen prostituzio lanean aritzeko, baina orain mafien arduradunak konturatu dira haien umeak ustiatuta askoz ere diru gehiago irabaz dezaketela. Batzuetan mafiek ume txikiak alokatu egiten dizkiete pateretan datozen emakume gazteei, haiek umea dutela erakutsiz Europan sartzea errazago izan dezaten… Horrelako istorioak agertzen dira nobelan. Jeneralean, jende behartsuenaren bizimodua eta istorioak». Pertsonaia horiekin eta egoera horiekin, kritika soziala «berez agertzen da alde guztietatik», Arretxek dioenez.

Toureren egoera ere «penagarria» da. «Krisi hirukoitza daukala esan daiteke: Europako eta Euskal Herriko krisi ekonomikoa; Bilboko San Frantzisko auzoko krisi berezia, langabeziari etaekonomiari buruzko datuak oso gogorrak direlako auzo horretan; eta horrez gainera paperik gabe jarraitzen du, sasi-abokatu batek iruzur egin diolako, beste immigrante askori gertatu ohi zaien moduan».

Eleberriaren zati batzuk lehen pertsonan kontatuta daude, Toure delarik kontalaria; beste batzuk, berriz, emakumeen gorabeherei buruzkoak, hirugarren pertsonan. Orainaldia eta lehenaldia ere tartekatzen dira nobelan. Hori guztia «erritmoaren alde» egin du Arretxek. Kokaguneei dagokienez, Bilboko San Frantzisko auzoak ez ezik, Hendaiak eta Baionak ere presentzia handia dute nobelan, eta baita Irunek ere, batez ere San Migel auzoak, «Bilboko San Frantziskoren antz handiena daukanak».

Toure pertsonaia gustuko du Arretxek, eta irakurleek ere gustuko dutela sumatzen du. Horregatik, saga bereko eleberri gehiago idazten jarraitzeko asmoa du. Liburuaren gaztelaniazko itzulpena ere argitaratu du Arretxek, Sombras de la nada (Erein), Kristina Fernandezek itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.