www.mondragon.edu/huhezi/ekt
Gaur egun hizkuntza identitate baten parte moduan saltzea atzerakoia omen da. Euskarak gizartea bereizteko baino ez omen du balio. Euskarak ez omen du komunikatzeko balio. Euskarazko kulturgintza diru laguntzetatik bizi omen da. Gugatik hori pentsatzen dutela esanez etorri zen Joan Mari Torrealdai klasera urriko egun batez. Baina, besteek diotenaren gainetik, geure buruari buruzko argazki bat osatu nahian aritu gara hilabeteotan Eskoriatzan.
Iraganera jo genuen esperientzia eta irakaspen bila. Pizkundea itzaltzen ikusi genuen gerraren garretan. Erbestetik itzuli zitzaigun esperantza, eta hortik aurrerako lana ere ikusi dugu. Hizkuntza gutxitua da gurea, ebakitako komunitate baten beharra daukana bizitzeko. Baina, iraganeko mamuak eta damuak egunero agertzen zaizkigun arren, asko da bidean lortutakoa. Amesten genuen egoeran egon ez arren, ikastolak sortu ditugu, literatura bat daukagu, musikariak dauzkagu, bertsolariak… Eta mundua euskaraz azaltzen duten milaka pertsona ere bai. Egindakoa asko da, bai, baina egiten den guztiak ez duela balio ere ikasi dugu. Hiztun tipo ezberdinak daudela ikasi dugu, eta bakoitzari berea behar duenean eman behar zaiola. Ikasten jarraitzea dagokigu, eta dakigun apurra transmititzea.
Euskal Kulturgintzaren Transmisioaz hitz egin dugu Eskoriatzan, euskal kulturgintza gerokotzeaz, eta hizkuntzaren etorkizunari lotutako erronka da hori. Biziko bada, hizkuntza guztien moduan, egunero berritu behar da euskara, eta hor kulturgintzak berebiziko zeregina dauka. Euskal kulturgintza ez baita harrizko, buztina bezala aldatzen dute garaiek, kanpoko urez freskatzen dugu, baina buztina beti izango da buztin. Zulatutako botila bat da gure hizkuntza. Betetze hutsaz gain, erritmoa da garrantzitsu. Globalizazioaren eta asimilazioaren garaian, euskaldun izatea beti izango baita ingeles izatea baino nekezagoa. Horregatik ezin da euskal kulturgintza harrizko izan, harizko baizik; elkarrekin lotuta, korapilatuta dauden hariz osatua; sortzaile, antolatzaile eta ikus-entzule guztien artean ehundu behar da amarauna. Negoziazio politikoen garaiotan, mahai gainean jarri behar dira euskara eta euskal kultura; botere-guneetan biziraupenerako gutxieneko baldintzak ziurtatu behar dira behintzat. Baina, hortik kanpo, transmisioa gutako bakoitzaren esku dagoela ikasi dugu.
Joan Mari Torrealdairekin hasia JosAnton Artzerekin bukatu dugu. Eta berak laburtu ditu azkeneko bederatzi hilabeteotan entzundakoak:«Erdarak ez gaitu behar, baina euskarak gure behar gorria dauka biziko bada. Eta guk ere behar dugu bera, garena izango bagara».
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa
Irakaspenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu