Egin dezagun probatxo bat. Jarri aurpegiak euskal kulturari. Hamar segundoan idatzi arbelean burura datozkizun izenak. Kito. Eta orain, zenbatu. Zenbat dira emakumeak? Zenbat dira gizonak? Zenbat dira maskulinoak? Zenbat dira femeninoak? Gauza bera al da bat eta bestea?
Mari Luz Estebanek generoaz hitz egin zigun; esaten hain erraz eta definitzen hainbeste kostatzen zaigun horretaz. Eta mundua, kultura, emakume eta gizon-en artean bereizteak ez duela jada balio esan zigun; generoan eragiten dutela jatorriak, orientazio sexualak, klaseak eta beste mila faktorek ere. Betiko mugak hausten ari dira, beraz. Izenlagun berriak behar ditugu. Garaia iritsi da amatasunaz, familiaz eta kuadrillaz ere hausnartzeko. Hain aurrerakoiak garen arren kontzeptu horietan gutxi egin baitugu aurrera, Estebanen iritziz.
«Emakumeez hitz egitea euskal kulturaz hitz egitea da», esan zigun. Oraindik kosta egiten zaigu bereizketa zaharrak haustea, ordea. Egunkarietako argazkietan gizonak ageri dira oraindik, emakumeenganako aitorpen falta horrek oraindik badirauen seinale. Eta emakumeak agertzen direnetan, agertzeko moduak berak ikusezin egiten ditu askotan, rol jakin batzuei lotuta agertzen direlako (zaintzari, esaterako) edo emakume kolektiboaren barruan lausotuta. Eta lausotutako izenei beren balioa aitortu gabe.
Halaxe eraiki dugu gure kultura. Egunkarietako argazkiek erakusten digute non dagoen erdigunea, non dagoen boterea. Eta gune horietatik kanpo ibili behar izan dute emakumeek, periferiatik begira. Baina, periferiako begirada horretatik abiatuta, gero eta gehiago dira erdigunera iristen ari diren emakumeak, eta horrek nahitaez eragiten digu gizonoi ere. Kultura sistema bizia da, etengabe aldatzen ari dena; ertzekoa erdiguneko eta erdigunekoa ertzeko bihurtzen duena. Gaur, Maialen Lujanbio entzutera joaten gara plazara, Irati Jimenezi Atsekabe zaitut irakurtzen diogu, bafleetatik Anarik Zebra dela kantatzen digun bitartean. Munduan egoteko moduan eragiten digu horrek; sortzeko moduan eragingo digu gizonoi ere.
Eta hortxe jarraitzen dugu, genero kontzeptua definitu nahian, ohartu gabe egiten dugunak egiten gaituela maskulino edo femenino; gorputzak; etengabe ari garela geure burua definitzen. Gizon izateko geroz eta modu gehiago daude, emakume izateko geroz eta gehiago. Etengabe ari gara aldatzen, eta euskal kultura bera ere aldatzen ari da. Definitzen duten begiek ere aldatu egin behar dute, ordea.
Arbelari begira
Aurpegiak eta begiradak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu