Estatuei presioa egiteko ekinaldi bateratuak zein banakakoak

Mugimendua «dinamikoa, parte hartzailea eta herritarra» izatea nahi dute hango kideek

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Espetxe politika aldatzeko, Espainiako eta Frantziako gobernuei «presioa egitea» ezinbestekotzat jotzen du Herrira mugimenduak, haien «posizio hetsietan» eragiteko. Herrietan egingo diren mobilizazioez gain, bi mobilizazio jakin proposatu dituzte 2013rako, eta baita Espainiari eta Frantziari begirako mobilizazio bana ere.

Ekinaldi zehatzei dagokienez, martxorako proposatzen dute aurrena eta maiatzerako bigarrena. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak martxoaren 20an erabakiko du Ines del Rioren auziari eta Parot doktrinari buruz. Auzitegiak erabaki hori hartzen duen egunean izango dira han Herrira mugimenduko kideak.

Maiatzerako, berriz, egun berean baina toki askotan egiteko mobilizazioa proposatu dute. Iaz egin zuten plazetako ekitaldia errepikatu nahi dute maiatzaren 18an. Alegia, herri guztietan, Herrira-ko Bilgune bakoitzak egoki ikusten duen gisako ekitaldi bat egitea, eta toki bakoitzean bertako preso eta iheslarien errealitatearekin egindako lana plazaratzea. Bilgune bakoitzak erabakiko du nola garatu ekitaldia.

Estatuei begira, Iparraldean mobilizazio bat eta Hegoaldean beste bat egitea proposatu dute. Ahal duten jende eta eragile gehien biltzen saiatuko dira ekitaldi horietan, eta, «inplikazioa eta ekarpena» ere lortu nahi dituzte atxikimendua ematen dutenen aldetik. Herrira-ko kideak saiatuko dira hori antolatzen, eta «kalearen okupazio aktiboa sustatu, herritarren inplikazio aktiboari bide emango dioten moldeekin asmatuz». Udazkenean egin nahi dute Iparraldekoa, eta neguan Hegoaldekoa. Hala ere, ez dute ekitaldi zehatzez hitz egin.

Herri Bilguneak oinarri

Herri Bilguneak izango dira Herrira-ren oinarria. Mugimendua izanik, herrietan nahi dute izan indargunea, «mugimendu dinamiko, berritzaile, parte hartzailea eta herritarra» eratuta. Haien helburua «bertako preso eta iheslarien egoera ezagutarazi, sentsibilizazioa bideratu eta herri, auzoeta hirietan preso eta iheslarien eskubideen aldeko ahalik eta indar metaketa eta aktibaziorik handiena lortzea» izango da. Mugimenduaren «printzipio, oinarri eta helburuekin bat egiten duen edonor» mugimenduko kide izatea nahi dute, gainera.

Bilgune horiez gain, Nazio Dinamizazio Gunea egotea ere jasota dago atzo eztabaidatutako txostenean. Euskal Herriko errealitateei egokitzeko, bi gune izango dira: Iparraldean bat, eta Hegoaldean bestea, «bien arteko kohesio, elkarlan eta harremana bermatzeko bitartekoak finkatuko direlarik». Mugimendu osoa dinamizatzea eta Nazio Bilguneetan hartutako erabakiak kudeatzeko eginkizuna izango dute elkarlanean arituko diren bi Nazio Dinamizazio Gune horiek.

Izan ere, atzo egindakoaren moduko Nazio Bilgune gehiago ere egitea proposatzen dute; gutxienez urtean bat. «Mugimendu osoaren jarduera inplikatzen duten erabakiak hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.