www.mondragon.edu/huhezi/ekt
Larre berdeetan sortzen zituen Martin Larraldek bere koplak. Xalbador ez dakigu nongo larreetan dabilen. Badakigu, ordea, bere bertsoak non sortua bazeukala. Herrian jaso zuela euskararekiko maitasuna. Ostatuetan ikasi zuela hizkuntzarekin jolasean. Plazetan ere ateratzen zuela bizibidea. Espazio bakoitzak zeukan bere funtzioa, baina denek laguntzen zuten euskal kulturaren zabalpenerako.
Urteak pasa dira ordutik, eta aldatu egin dira espazioak. Gero eta gutxiago kantatzen omen da etxeetan. Orain ikastoletan euskara batua ikasten da. Plazaren lekua antzokiek hartu dute toki askotan. Eta orain bertsoak bakarrik ez, Coldplay eta Shakira ere entzuten dira ostatuetan. Euskarazko sorkuntzak bere horretan irauten du. Baina, zein dira bere espazioak? XXI mendean ezin da sinbolikoki euskarazko sorkuntzak soilik elikatutako komunitate bat imajinatu.Baina mezuen eta hizkuntzen itsaso mugagabe horretan, posible al da euskaratik eta euskaraz sortuek beren lekua aurkitzea?
Autogestiotik sortutako bi ekimen hurbildu zitzaizkigun Eskoriatzara. Otazan baserri bat dauka Garaion-ek. Natura, sorkuntza eta ondarea uztartu nahi dituzte bertan. Auzolanean eraikitako proiektu bat da, eta sortzeko baliabide eta espazio ezberdinak irakatsi nahi dituzte, kolektibotasunari lotuta. Modan dagoen lipdub bat eginarazi ziguten ordubetean. Eta eztabaida batean ere ados jartzerik ez daukagun 50 lagunak elkarrekin hasi ginen lanean, sortzen.
Askoren belarrientzat ezagunagoa izango da Euskal Herria Zuzenean. Urteroko jaialdiaz oroituko dira gehienak; Europan egiten den jaialdi alternatibo handienetakoaz; euskal taldeei mundu mailako plaza batean aritzeko aukera ematen dienaz. Gutxiago gogoratuko dira, agian, urtero dirurik ikusi gabe lanean aritzen diren ehunka laguntzaileez.
Sortzeko espazio bat eskaintzen du Garaionek, eta sortutakoa erakusteko plaza bat Euskal Herria Zuzenean-ek. Euskal kultura kolektibotasunetik, festatik, komunitatean bizitzeko modu batetik bultzatu nahi dute biek. Pertsona bakoitzak dauka bere espazioa eta espazio bakoitzak bere funtzioa. Transmititu egingo da batzuetan, sortu besteetan eta zabaldu besteetan. Denek norabide berean joan behar dute. Baina, noraino iritsi gaitezke militantziatik? Non hasi behar du profesionalizazioak?
«Asaba zaharren baratza» egunero aldatzen den honetan, egunero eskuak zikintzen dituztenei eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Eta, etorkizunari goizero galdera bera egitea: ze espazio behar ditu euskal kulturak?
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa
Espazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu