Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa

Euskal

Beñat Gaztelumendi.
2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Nor da erdal? Nor euskal? Euskal-en aldeko erdal-ak zer dira? Eta erdal-en aldeko euskal-ak? Ba al dago erdaleuskaldunik? Eta euskalerdaldunik? Non dago han? Non hemen? Non hasten da bata eta non bestea? Ba al dago han-ik hemen? Eta hemen-ik han? Izan al daiteke hemengoa han dagoena? Eta hemen egonik hangoa denik, ba al dago? Nork marrazten ditu geografiak? Nork jartzen ditu mugak mapetan? Eta mapetako muga horiek, existitzen al dira benetan?

Mikel Zalbide etorri zen asteazkenean Eskoriatzara. Eta euskal eta erdal banaketak historian daukan sakontasuna azaldu zigun. Kultura eta komunitateek bereizi egin behar izaten baitituzte bertakoa eta kanpokoa, gu eta haiek. Greziarrek genos eta ethnos bereizten zituzten; erromatarrek barbaro deitzen zieten beraiek bezala hitz egiten ez zutenei… Eta halaxe zatitu izan dugu mundua gu eta besteak bereiziz, mugek ere definitzen gaituztelakoan. Kultura, ordea, zerbait bizia da, etengabe aldatzen dena, etengabe nahasten dena ondokoarekin, ondokoarekin aberasten dena. Mugak eta zubiak baitauzkagu; ondokoengandik bereizita bezain lotuta bizi gara.

Beharbada, horregatik izango da hain zaila gu nor garen definitzea, ez dagoelako harrizko mugarik. Euskal esaten dugunean, gaur egun, zer da esan nahi duguna? Hizkuntzaz hitz egin dezakegu. Baina baita bizitzeko modu batez ere, euskal dantzek eta euskal sukaldaritzak erakusten dutenaz esaterako. Lurraldetasunaz ere hitz egin daiteke euskal aipatuta, baina, zer da Euskal Herria? Euskarak markatzen al ditu mugak? Eta euskararik ia hitz egiten ez duten herriak ere Euskal Herria al dira?Edo, lurraldeak egiten al gaitu euskaldun?Eta lurraldeak egiten bagaitu, diasporako euskaldunei zergatik deitzen diegu euskaldun?

Kontraesanez josita gaude, beharbada muga teorikoak errealitatean marraztea ia ezinezkoa delako. Edo askotan, besteek ematen digutelako izena.Baina, berdina al da euskal eta vasco? Berdina izan behar al du? Besteen definizioak entzuteak beldurtzen gaitu, baina, izan, bagara, eta indar asko xahutu dugu garenaren izena eztabaidatzen. Eta, agian, ahaztu egiten zaigu gu garela, benetan, garena definitzen dugunak, egunero; ahoa zabaldu eta euskaraz hitz egiten dugun bakoitzean, euskaraz kantatzen dugun bakoitzean, euskaraz idazten dugun bakoitzean, hemengoa hangoarekin euskaraz elkartzen dugun bakoitzean, euskaraz sortzen dugun bakoitzean, euskara sortzen dugun bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.