www.mondragon.edu/huhezi/ekt
Waka-waka dantzatzen duen herri batean bizi gara. Kalean futboleko himnoak kantatzen dituen herri batean. Antzokietara atzerriko dantza-talde handiak gonbidatzen ditugu, astero-astero biltzen diren bertako taldeak ahaztuta maiz. Dantzari-arropaz jantzitako euskalduna sinbolo bilakatu genuen. Baina gutxi dira ezagutzen ditugun dantzak. Eta gutxitan ezagutzen dugu beraien esanahia.
Oier Araolaza dantzaria izan genuen asteazkenean Eskoriatzan. Eta bi hitzetan azaldu zigun dantza zer den: komunikazio-lengoaia. Gure gorputzak komunikatu egiten baitu soka-dantzan talde baten babesera biltzen denean. Komunikatu egiten baitu ezpata-dantza batean zurrun jartzen denean. Komunikatu egiten baitu inauterietako festa-giroaren erdian. Eta, aldi berean, dantzak sentimendu kolektiboak eragiten ditu.
Dantza ez da komunikazioa bakarrik, ordea. Euskal dantzek izan garena erakusten dute, komunitatean bizitzeko daukagun modua. Gure gorputzetan sentitu genuen taldean borobilean biltzeak sortzen duen kohesioa; binaka jartzen garenean datorkigun jolaserako gogoa, eta banan-banan ipintzen garenean sentitzen den isolamendua. Gizartea aldatu egiten baita, eta horri lotuta, baita dantza ere. Beste garai batzuetan dantzatzen ziren dantzak egiten ditugu gaur ere, baina ez orduan bezala. Tradizioa ez baita fosil bat; etengabe aldatzen den zerbait da. Gaur egun daukaguna berretsi edo zalantzan jartzeko balio duena. Horretarako, beharrezkoa da lehendik daukaguna ezagutzea, ordea.
Kantagintzan aspaldi ohartu ziren bilketaren beharraz ere. Asteazkenean Badok.info ataria ezagutu genuen. Interneten klik batean milaka kantari buruzko informazioa daukagu eskura. Bildutakoa denen eskura jarri beharra baitago. Eta hori sozializatu. Kantagintzak eta dantzak, biek elikatzen dute gure komunitatea sinbolikoki. Biak behar ditugu euskaldun izateko. Eta, tamalez, beti ez da hala gertatzen. Askotan jotzen dugu kanpora hemen daukagunaren bila. Kulturak etengabe aberasten dira kanpoko eraginekin. Baina urrutiko intxaurrak dotoreegi ikusten ditugu sarritan, gurearen muina ahaztarazteraino.
Tamalez, askotan daukaguna ezagutu gabe aritzen gara. Ustez tradizioa den zerbaitetik edaten dugu; dantza bakoitzaren urratsik ikusgarrienak elkartzen ditugu. Eta ahaztu egiten zaigu horien esanahia ezagutzea dela lehenengo urratsa. Sortzea, azken finean, hori baita: ezagutzen dugunetik abiatuta egiten den eraldaketa. Baina non bukatzen da tradizioa, traizioa hasteko?
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 3. Graduondokoa
Tradizioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu