Ukraina ekialdeko Luhansk hiriaren kontrola hartu dute errusiazaleek

Lehen ministroak lurralde erreformarako deia egin arren, ekintzaileek eraikin publikoak hartu dituzte

Ekintzaile errusiazaleak Luhanskeko eskualdeko gobernuaren egoitzan sartzen, atzo. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
mikel rodriguez
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ukraina ekialdean Donetskeko eskualdearen kontrola galduta eta berreskuratu ezinda dago gobernua, eta orain errusiazaleen bertze erresistentzia foku bat indartu zaio, Luhansk hiria praktikan kontrolpean hartu baitute Kieven kontrako taldeek. Orain arte, errusiazaleek SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren egoitza zeukaten kontrolpean, eta atzo eskualdeko gobernuarena, Barne Ministerioarena, Fiskaltzarena eta telebista publikoarena hartu zituzten. Gobernuak orain adierazi du prest dagoela presidentetzarako hauteskundeak baino lehen (maiatzak 25) boterea deszentralizatzeko, eta estatus politikoaren inguruko erreferenduma onartzeko aukera ere aipatu dute Kieveko zenbait politikarik. Errusiak erreferendum eskaerak babestu ditu, baina Atzerri Ministerioak erran du ez dela errepikatuko «Krimeako agertokia».

Luhansken manifestazio bat egin zuten atzo errusiazaleek, eta «Erreferenduma!» leloa oihukatuta eskualdeko gobernuaren egoitzara hurbildu ziren. Jendetzak lagunduta, hainbat ekintzailek egoitzaren kontrola hartu zuten. Irudietan barrekin eta makilekin armatuta ikusi ziren zenbait, leihoak hausten, eta, Luhanskeko Poliziaren arabera, kezko bonbak eta petardoak ere jaurti zituzten, baina ez zen borrokarik izan. Eraikinetik Ukrainako bandera kendu zuten, eta Errusiakoa eta Luhanskeko Herri Errepublikarena paratu. Errusiako Itar-Tass agentziaren arabera, ordezkari politikoek eta funtzionarioek eraikina utzi zuten.

Miliziano armatuak karriketan

Luhanskeko errusiazaleek haien eskakizunak onartzeko atzo eguerdira arteko epea emana zieten Kieveko agintariei. Russia Today kateak bildu duenez, Aleksei Uskoriakin protestaren bultzatzaileetako batek erran du manifestazioa deitu zutela bukaeran eskualdeko diputatuekin hitz egiteko helburuz, baina eraikinean ez zeudenez hartzea erabaki zutela. Geroago okupatu zituzten gainerako egoitza ofizialak, eta suzko armak zeuzkaten ekintzaile andanaren irudiak ailegatu ziren Luhansketik. Tiroketa baten berri eman zuen Reutersek, baina UNIAN agentziaren arabera, polizia gehienek manifestariekin bat egin zuten edo ez zieten aurre egin.

Luhansken, SBUren egoitza Donetskeko eta Kharkiveko okupazioekin batera hartu zuten hilaren hasieran. Donetsken ere eskualdeko gobernuaren egoitza kontrolpean daukate errusiazaleek. Kharkiven, ordea, okupatu eta egun batera bidali zituen Poliziak. Luhansken maiatzaren 11n egin nahi dute erreferenduma, Donetsken bezala.

Arseni Jatseniuk lehen ministroaren deiak, hortaz, ez zuen inongo eraginik izan Luhanskeko errusiazaleengan. Jatseniukek konstituzioa aldatzeko deia egin zuen Radan (parlamentuan), boterearen deszentralizazioaren eta erreferendum bat egiteko aukeraren inguruko eztabaidan. Eskualdetako gobernadoreak hauteskunde bidez aukeratzea babestu du Jatseniukek, eta gobernu zentralaren hainbat eskumen ere eskualdeei ematearen alde agertu da. Erreferenduma ekainaren 15ean —presidentetzarako bozen bigarren itzuliarekin batera— egin litekeela erran dute Segurtasun Nazionalerako eta defentsarako Kontseiluko idazkariorde Viktoria Siumarrek eta Hauteskunde Batzordeko Zentraleko buru Andrei Magerak.

Oraingoz, ordea, errusiazaleek administrazioaren kontrola indarrez hartu dute, Donetsken gehienbat, erreferenduma haien kabuz egin dezaketela segurtatzeko. Datozen egunetan ikusi beharko da negoziazioren batek arrakasta duen, edo alde bakarreko ekintzak nagusituko diren. Errusiazaleen gotorleku den Sloviansk hirian matxinoek eratutako administrazioak galderaren berri ere eman du: Babesten al duzu lege bat Donetskeko Herri Errepublikaren estatu autonomiaren inguruan?. Sloviansken dauzkate bahituta Europako sei behatzaile militar. Haien askatasuna negoziatzeko, Viatxeslav Ponomariov matxinoen buruak baldintza bat paratu dio EB Europako Batasunari: Ukrainako buruzagi errusiazaleei paratutako zigorrak kentzea.

Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak erran du Moskuren «asmoa» ez dela Krimean gertatutakoa Ukraina ekialdeko eskualdeekin ere gertatzea —Krimea Errusian sartu zen martxoan—. Vladimir Putin Errusiako presidenteak AEBei egotzi die «hasieratik» sustatzea Ukrainako krisia, «itzaletik» bada ere. John Kerry AEBetako Estatu idazkariak ere gauza bera egotzi dio Errusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.