Hamabi gomendioak

2013ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
a) Oinarrizko adostasuna lortzea bake prozesuaren erronka nagusiei heltzeko

1.- Elkarrizketa eta adiskidetze ariketa bat bultzatzea, erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte zibilaren partaidetza zabal eta aktiboaren bidez.

b) Desegite eta desarmatze prozesu bat diseinatu, garatu eta bururaino eramatea

2.- ETAren armen eta egitura militarren desegitearekin bukatuko den prozesu kontrolatu, ordenatu eta adostu bat diseinatzea.

3.- Prozesu honek hasieratik erakunde erraztaile independenteen esku hartzea eta laguntza izatea, Estatuei eta bere instituzioei zein jendarteari, oro har, egindakoaren segurtasuna emateko.

c) Preso eta iheslarien itzultzea erraztea

4.- Preso eta iheslarien gaiari buruzko konponbide integral bat adostea. Legeak errealitatera egokitzea eta justizia trantsizional bat ezartzea. Hasiera puntu bezala, giza eskubideen kontra edo presoen trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikaren aspektuak aldatu behar dira, nazioarteko estandarren kontra doazen salbuespen neurriak bertan behera utziz, hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera eta sakabanaketa, familiak zigortzen dituena.

5.- Itzultze prozesua lege baliabideak erabiliz gauzatzea; prozesua integrala izanik, era mailakatuan, banaka eta zentzuzko denbora tarte batean gauzatu behar dela onartuz. Presoek bake jokaleku berriarekiko konpromisoa agertzea eta indarkeriazko bideei uko egitea eskatzen du prozesu honek. Gainera, bere jardueraren ondorioz egindako mina aitortu behar dute.

6.- Bake eta normalizazio prozesuaren garapenean presoak eragile aktiboak izatea gomendatzen dugu. Horregatik, garrantzitsua da presoen eta euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremanak eta iritzien partekatzea erraztea.

7.- Iheslarien egoera aztertzea, konponbide bat emanez.

d) Giza Eskubideak bultzatu eta bermatzea

8.- Giza Eskubideak eta askatasun demokratikoak guztiz ziurtatzeko beharrezkoak diren lege aldaketak inplementatzea,beharrezkoak diren mekanismoak eratuz. Lehendabiziko pausu bezala, erakunde independiente batek Giza Eskubideen egoera aztertu beharko luke.

9.- Zigorgabetasunerako tokirik ezin dela izan jasotzen duen printzipioa finkatzea. Nazioarteko lege ordenamenduarekin bat ez etortzeaz gain, egia, justizia eta aitortzaren printzipioen kontra eta biktimen eskubideen kontra joango litzateke. Nazioarteko estandarrek justiziaren aplikazioak bake prozesu baten testuintugurua aintzat hartzea baimentzen dute.

10.- Estatuaren segurtasun-indar eta kidegoen kopurua eta eginkizuna berdimentsionatzea.

e) Egia eta memoria babestea iraganari zintzotasunez aurre egiteko eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak finkatzeko

11.- Erakundeek egia, justizia eta adiskidetze prozesu zabal bat eta jendarte osoa barne hartzen duena bultzatzea. Oinarrizko Giza Eskubide guztien errespetutik abiatuta etorkizuneko elkarbizitzarako oinarriak sortzea da helburua. Beharrezkoa da jazotakoari eta bere jatorriari heltzea, biktima guztiak aintzatestea eta dagokien ordaina ematea eta eragindako kalte guztiak aitortzea. Egia eta Adiskidetzerako mekanismo bat horri guztiari aurre egiteko tresna baliagarria da, erakundeek bultzatu edo babestutako mekanismoa izanik eta independientea, zeinetan gizarte zibila den protagonista.

12.- Kontatzeko eta gogoratzeko era ezberdinak erraztea, gertatutakoa ukatu gabe, sektore sozial eta politiko guztietan autokritika bultzatuz eta egindako akats larriak aintzatesteko jardun zintzoa bultzatuz. Biktima eta giza eskubideen urraketa guztien datu-base ofizial, publiko eta osatu bat egitea premiazkoa da.

Azkenik, dokumentu honetan jasotako jarduera guztiak biktima guztiek daukaten egia, justitzia eta ordaintza eskubideekiko errespetuarekin bateragarriak izan behar direla uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.