Francisco Javier Zubiaur. Arte historialaria

«Ibai bat dagoen lekuan beti daude margolariak»

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Jarioan. Hala datozkio artisten izen-abizenak Francisco Javier Zubiaur (1950, Iruñea) arte historialariari. Urteak eman ditu Bidasoako eskola izenez ezagutzen den margolari taldearen nondik norakoak ikertzen, eta gai horri buruzko liburu bat ere badu idatzita. Dioenez, Euskal Herrian izan den eskolarik sendoenetariko bat izan da Bidasoakoa. Aire zabalean margotzea izan da haren ezaugarri nagusietariko bat. Ibaiertza, ibaiertzetik margotzea, alegia.

Bizirik al dago Bidasoako eskola?

Eskola guztiek behar dute ardatz lanak egiten dituen artista bat. Gaspar Montez Iturriotz izan zen Bidasoako eskolako animatzaile hura, baina 1998an hil zen. Oraindik ere bada Bidasoa ingurua margotzen aritzen denik, baina figura zentral hori falta da. Jadanik ezin da eskola bat dagoenik esan, baina egon denik ere ezin da ukatu; nabaria da haren eragina.

Diozunez, Dario Regoyos margolaria izan zen eskolaren oinarrietariko bat. Bera da Euskal Herrian aire zabalean margotzen hasi zen lehenetariko bat, ezta?

Bai. Oso kasu berezia da berea. Asturiasen jaio zen (Esparinia), baina XX. mende hasieran hilabete batzuk eman zituen Bidasoaren ibai ahoan. Margolari espresionista ilun xamarra zen ordura arte, eta eraldatu egin zen han. Hango ur, argi eta atmosferarekin kontaktuan egotean, bere paleta iluna baztertu, eta argiago bat hartu zuen. Inguruotako lehen inpresionistetariko bat izan zen. Ordura arte Espainian estudioko konposizioko pintura historiko iluna izan zen nagusi. Paisaiaren bidez, ordea, lurraldekako sutraien aldarrikapen bat egon zen. Gune bakoitzean propio sentitzen zutenarena.

Margolari andana aipatzen duzu zure ikerketetan Bidasoa inguruan.

Regoyosez gainera, Daniel Vazquez Diaz ere izan zen Bidasoa inguruetan 1920eko hamarkadan, eta Ricarco Baroja ere Beran (Nafarroa) zen garai hartan. Horiek izan ziren oinarria, eta hainbat belaunaldi izan dira gerora. Vicente Berrueta eta Jose Salis; Gaspar Montes Iturrioz eta Bernardino Bienabe Artia; Mentxu Gal, Ignacio Etxandi eta Javier Ziga; Jose Manuel Apezetxea eta Ana Maria Marin... Irakasle eta ikasle, ehun urteko denbora tartea hartzen dute, guztira.

Zer garrantzi izan du aire zabalean margotzeak eskola honetan?

Bertan bizitakoak dira gehienak, eta naturan aritzen dira nagusiki. Naturak dena ematen die: argia, giroa, kolorea... Kanpoan aritzen denak pintura freskoagoa sortzen du.

Mantentzen da, gainera, oraindik ere kalera joateko joera hori, ezta?

Elkartzen dira oraindik ere margolari batzuk kanpora margotzera joateko, eta luzea da paisaia aire zabalean margotzen dutenen zerrenda. Bidasoaren inguruko edertasunak bultzatzen ditu denak margotzera. Ibai bat dagoen lekuan beti daude margolariak. Paisaiagileentzako ametsa da: islak, ura, basoak... Gogoratu Monet Senan bertan bizi izan zela, itsasontzi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.